Astelehen biolentoak
Iruditzen zait astelehenak direla egunik onenak bake hitzarmenak sinatzeko, aste hasierek ez baitute gerra egiteko gogorik ematen, baina denak ez dira uste berekoak, bistan denez. Igandetik prest ziren hainbat nerabe Hondarribiko Kale Nagusian, astelehenean, goizean goizetik, gerra egiteko eta alamena emateko. Betikoekin betikoa. Alarde baztertzailean misoginia desfilatzera atera zutenak ez ziren prest agertu aurtengoan lerroak hausteko, eta alkatetzak igorritako dekretua ez zuten bete, ez baitziren behar zuten orduan Gernikako Arbolara agertu Jaizkibel konpainiakoekin elkartzea saihesteko. Jaso zituzten goraipamenak, txaloak eta laudorioak, zarata egiteaz gain espazioa okupatzen duten horietakoak. Amorrua ematen dute, baina batez ere ahalkea eta galbana.
Diote pozik behar ko genukeela aspaldiko irudi biolentoak ez ditugulako gaur ikusten; ez dagoelako plastiko beltzik; alarde baztertzaileko batzuek, “bakoitzak bere izenean”, txalo egin zietelako konpainia parekidekoei; badirelako keinuak; baina aingura gaitezela betiereko astelehen batean halako bakerik sinatuko badugu. Pozik gaude Jaizkibel gero eta handiagoa delako, burugabekeriari espazioa irabazten ari zaiolako, baina giroa hoztu nahian bizikidetzaren aldeko mezu epelak zabaltzea ez da nahikoa, konpainia matxistek desagertu egin behar dute.
Astelehena biolentoa izan zen Zestoan ere. Bezperan bezala, zekorketak egin zituzten astelehen arratsaldean ere, Ama Birjina egunez. Urtero festetan egiten duten espektakuluak herriaren erdigunea hartzen du, hondarra botatzen dute plazan eta harmailak jarri, eta ikuskizun odoltsua ikusteko sarrerak aise gastatu ziren aurtengoan ere. Toreatzaile gazteak joaten dira Zestoara traje distiratsuak jantzita, indarkeriaren artean trebatu bidean daudenak, eta orain kale orain bale, are gehiago luzatzen dute bigantxen pairamena. Publikoak, tartean gazteak ugari, suharki txalotzen du espektakulu negargarria.
Ifrentzuan, badira urte batzuk Zestoako herritar talde batek Gurea Kultura ekimen ederra sortu zuela. Animalien kontrako torturaren alternatiba eraiki asmoz, kontzertuak antolatzen ditu zekorketak egiten dituzten une berean. Astelehenean jendetza batu zen Anari entzutera. Nork daki, agian musikari azkoitiarra dekadentziaren sintoma ugariez, ageriez, ari zen kantuan zezen plazan bigantxak azken hatsa eman zuenean.
Kontzertua aditu bitartean pentsatu nuen agian Hondarribiko alarde baztertzailean parte hartzen duten askori burugabeak irudituko zaizkiola zezenketak, eta Zestoan musikaren partez zezen plaza aukeratzen dutenetako askoren iritziz burugabea izango dela alardean emakumeak diskriminatzea. Agian, erantzunak, zenbat eta gertuago izan, orduan eta zailagoak dira ikusten, edo halako tradizioen defentsa sutsua, agian, presbizia besterik ez da. Inkoherentziak denok dauzkagu, eta eskerrak ahulak garen, baina batzuetan badirudi dekadentziari oleska ari gatzaizkiola. •