GAUR8

Berdintasunaren aldeko 2025eko Emakunde Sarira hautagaitzak aurkezteko epea ireki dute

2025eko Emakunde Sarira hautagaitzak aurkezteko epea ireki dute. Berdintasunaren arloan nabarmendu diren ekimenak, lanak eta proiektuak saritzen ditu deialdiak. Sarirako proposamenak urriaren 29ra arte aurkez daitezke.

Irudian, 2024an sarituak izan ziren AMUGE eta IMME elkarteetako ordezkariak.
Irudian, 2024an sarituak izan ziren AMUGE eta IMME elkarteetako ordezkariak. (Jaizki FONTANEDA | FOKU)

Emakunde Emakumearen Euskal Erakundeak Berdintasunaren aldeko 2025eko Emakunde Sariaren deialdia egin du, eta hautagaitzak aurkezteko epea zabaldu du, urriaren 29ra arte. 

Emakumeen eta gizonen berdintasunaren arloan egindako lanagatik nabarmendu diren eremu pribatu zein publikoko pertsona fisiko edo juridikoen jarduna publikoki nabarmentzea eta aintzatestea da Sarien helburua.

Emakundetik jakinarazi dutenez, aintzatespena jasotzeko hautagai diren erakundeek edo pertsonek emakumeen lana eta ahalduntzea aintzatesteko alderdi esanguratsuak hobetzea ekarri duten ekintzak, lanak edo proiektuak egiaztatu beharko dituzte, baldin eta emakumearen zeregina balioesten eta duintzen laguntzen badute, eta emakumeen eta gizonen berdintasuna sustatzen laguntzen badute. Berdintasunaren aldeko Emakunde Sariak 14.400 euroko diru zuzkidura gordina du. 

IMME, emakume musulmanen integraziorako elkartea eta AMUGE, emakume ijitoen sustapenerako eta ahalduntzerako elkarteek jaso zuten 2024ko Emakunde Saria.

Deialdiak aztertuko dituen irizpideen artean, besteak beste, berdintasunaren arloarekin lotutako ibilbide pertsonalak baloratuko ditu, baita jardunak, ekintzak edota lanek emakumeen lana eta haien ahalduntzea aitortzeko izan duten garrantzia ere.