
Uda «ikusgarri» baten ondoren, udazkenarekin «puri-purian» dagoen migrazioa heltzen da, aukera ezin hobea Hegaztien Munduko Eguna ospatzeko. Igandean izango da, urriaren 5ean, eta hitzordurako hainbat jarduera prestatu dute Urdaibai Bird Centerren.
Gautegiz Arteagako behatoki pribilegiatutik paduretara heldutako hegazti askoren joan-etorriak jaso dituzte. «Padurak espezie askori eskaini die babesa, eta primeran gozatu dugu haiei begira», gogoratu dute zentroko arduradunek. Are gehiago, zehaztu dutenez, azkenaldian ikusitako hegaztien artean «arrano arrantzaleak, 21 flamingo, 20 beltzaran eta ehun mokozabal baino gehiagoko andanak» daude.
Igandeko ospakizunak, beraz, hegaztien habitaten behaketaz gozatzeko aukera paregabea izango da. Egun horretan, doakoa izango da zentroko sarrera. 11.00etatik 17.00etara egongo da zabalik zentroa, teleskopio eta kamerak erabiltzeko aukera eskainiz.
Eraztunketa zientifikoa zertan datzan erakusteko ohiko jardunaldia egingo dute, 10.00etatik 12.00etara. Aurten, gainera, klima aldaketak izango du protagonismo berezia. Udan izandako muturreko tenperaturak ardatz hartuta, gogoratu dute kalkulatzen dela espezieen %66ri eragiten diela.
Hitzordua, beraz, fenomeno horren eraginaz kontzientziatzeko baliatu nahi dute, «bai eta emisioak murrizteko eta ekosistema osasungarrien kontserbazioa sustatzeko beharraz ere, hegaztiak egokitu ahal izateko».
Egunak beste sorpresa bat ere ekar dezake: «Agian gure lagun leiala den Muxar arrano arrantzalea ere ekitaldian izango da».