Herriagatik bizi

Zurezko kaxa handi bat airean. Zortzi gazte hura bizkarrean. Beste bat gainean. Bi oin biluzi. Txapel beltz bat ezker eskuan. Krabelin bat eskuinekoan. Agur sentitu bat ingurukoei, gerria makurtuz. Hasi da dantza, hari laukotearen erritmora. Ustekabean aireratu da lorearen burua eta, harekin batera, ikusleen lilura.

Ahots dardarti bat atrilean. Ilean lore bat zeraman kide haren soslaia kamisetan. Euskal Herriaren geografia bozgorailuetan. Tokiak. Lagunak. Zauriak. Pozak. Minak. Konta daitezkeenak, kontatu ezin direnak. Oroitzen ditugunak, oroitu behar ditugunak. «Hori baita borroka: mundua irabazteko, Euskal Herria irabaztea». Entzuleak mutu, isildutakoaren oihartzuna barrenean oihuka.

Atorra arrea askatuta. Kamiseta zuria. Gorputz malgu bat erdi-noraezean alderrai. Zerbait amaitzera doala iradokitzen du toberaren soinuak, kanpai hotsen antzera. Txistua. Ttunttuna. Ez dago ihesbiderik. Abaildu da gorputza. Dir-dir egiten dute metal zatiek hondo beltzaren gainean, bala zuloak bailiran. Eztarri ugari korapilatuta.

Bost hamarraldi atzera. Irailaren 27a. Frankisten fusilek su. Bi gazte abertzale lurrera. Haiekin batera, Euskal Herria ere isilarazi nahi izan zuten. Baina orduan bizitakoak euren zimurretan ondo gordeak daramatzaten hiru lagunek kontatu dute garaia. Inposatutako mugaren bi aldeetako ibilerak. Espetxeko ezinegona. Mobilizazioak hemen eta hemendik kanpo. Trantsizioaren iruzurra. Borrokarako grina.

Koaderno gorri bat. Kolore bereko pianoa. Bi mikro, gorriak haiek ere. Gazte inkonformistak. Inkonformistegiak. Ordukoak eta egungoak. Egiak eta hegiak. Gezurrak. Ekin eta bultza. Ibiliaren ibiliaz, lokatzez zikintzeraino. Kantuek eta kontuek bat egin dute, herri zahar bezain berri hau elkarrekin eraikitzeko aldarrian.

Gitarra bakarti bat eszenatoki erdian. Gaztetasunari eta zahartasunari abesten, iragan denbora etorriz gogora. Eta ondotik, bi belaunaldi parez pare, elkarrekin solasean. Bakoitzak aitortu dizkio besteari bere ezinak, aurreko belaunaldien zamak eragindakoak. Agerikoak bezainbeste ezkutukoak. Korapiloak korapilo, soka berari tiraka biak ala biak, memoria bidean gal ez dadin. Herria bera bidean gal ez dadin.

Metalezko eskultura beltz handi bat. Hiru lagun haren gainean hara-hona, elkarrekin nahasiz. Aldean daramatzaten soka laranjak lotzen ari dira obraren biribil dirdiratsuetan. «Estutzen gintuzten kateetatik saretzen gintuzten sokak sortzen asmatu genuen, askatzen, tiratzen, bultzatzen», esan du ahots batek. Askatzera idatzi dute sokek. «Askatzera lotuak», esan du ahotsak. Hasi da eskultura biraka, soka luze batek inguratu eta lotuta geratzeraino.

Txiki eta Otaegi ahoan. Lauaxeta soinean. Palestinako bandera esku artean. Arrisku eta aukeren jabe egin, eta herria zutik jartzeko deia, duela bospasei hamarkada nola. «Aberria eta bizi», deiadar ozena. Ikurrinak eta nafar banderak hegan. Txaloak. Jendea zutik. Ukabila gora. Irrintzi bat entzun da.

2025eko irailaren 27a. Iruñeko Anaitasuna. Milaka lagun. Emozioak. Besarkadak. Malkoak. Irriak. Gaur zortziko oroitzapen txatal nahasi batzuk baino ez dira irakurri dituzunok. Mende erdi geroago, Euskal Herria askatzeko taupada bizi-bizirik da; «Herriagatik behar baita bizi, behar da irabazi». •