
Gaur dela 40 urte, 1985eko urriaren 10ean, hil zen Orson Welles inoizko zinema zuzendari hoberenetariko bat. Besteak beste, film hoberenen zerrendetan agertzen diren ‘Citizen Kane’ eta ‘Touch of Evil’ pelikulak egin zituen.
Kenoshan (Wisconsin) jaio zen 1915eko maiatzaren 6an. Bere ama, Beatrice Ives, pianista eta sufragista zen, eta kartzelan egon zen kontu politikoengatik. Aita, Richard Welles, asmatzaile eta enpresari bat.
Gaztetatik erakutsi zuen artearekiko interesa eta sormen handia zeukan. 16 urterekin hasi zen antzerkian lanean Dublinen (Irlanda). Handik gutxira New Yorkera joan zen eta hurrengo urtean Broadwayn debutatu zuen Romeo eta Julietaren antzezpenarekin. Berehala nabarmendu zen bere zuzendari-gaitasunagatik. 1937an sortu zuen Mercury Theatre antzerki-konpainia, New Yorken, abangoardiako proposamen ausartengatik ospetsua bihurtu zena.
1938an, irratiaren historian orrialde ezagun bat idatzi zuen ‘The War of the Worlds’ irrati-emankizunarekin. Horrek Welles mundu osoan ezagun bihurtu zuen, eta Hollywoodera bidea zabaldu zion.
1941ean egin zuen bere lehen filma, ‘Citizen Kane’, askorentzat inoiz egindako pelikularik onena. Filmak komunikabideen boterea, aberastasuna eta bakardadea aztertzen ditu, eta narrazioaren, muntaiaren eta argiztapenaren aldetik berrikuntza handiak ekarri zituen. Jatorrizko gidoi onenaren Oscar saria jaso zuen. Lan honek botere handiko prentsa magnate batzuen haserrea piztu zuen eta horrek Wellesen ibilbidea zaildu zuen.
1946an, komunista izan zitekeelakoan, Hollywooden egin zuen karrera gelditu egin zen, eta Europara joan behar izan zuen.
Ondorengo urteetan hainbat film zuzendu zituen, hala nola ‘The Magnificent Ambersons’ (1942), ‘The Stranger’ (1946), ‘The Lady from Shanghai’ (1948), ‘Macbeth’ (1948), ‘Othello’ (1951), ‘Mr. Arkadin’ (1955), ‘Touch of Evil’ (1958), ‘The Trial’ (1962) eta ‘Chimes at Midnight’ (1965). Lan horietan guztietan bere estilo pertsonala eta berritzailea ageri dira.
1985eko urriaren 10ean hil zen, Los Angelesen, bihotzekoak jota. Bere eragina gaur egun ere nabaria da, eta bere lana funtsezkoa da zinema modernoaren garapena ulertzeko.

Itsasoa maitatu eta babestuz
Gaitzari aurre hartu

Eskola Kirolaren inguruko epaiak berriz azaleratu du lehia goiztiarraren eztabaida

Baterajotzea: Gazte komunitate feminista batu eta indartzeko elkargunea Zaldibarren
