Donald Trumpek makineria militarista hiriz hiri hedatu nahi du
Etxe Zuriko nagusiak kosta ahala kosta inposatu nahi du immigraziorako eta bestelako gaietarako daukan agenda, inolako oposiziorik gabe. Trumpen aginduen aurka egin duten estatuen kontra armada erabiltzeko eta gizarte zibileko elkarte eta norbanakoei militarki erasotzeko asmoa gorpuztuz doa egunero.

Virginiako Quantico herria, Washington kanpoaldean, pelikula askotan aipatzen da, FBIren entrenamendu gunea baita. Baina bertan dago Armadako marineen base handienetakoa ere. Eremu militar horretan jarri zuen hitzordua AEBetako presidenteak, Donald Trumpek, herrialdeko jeneralekin eta beste goi-kargu militar batzuekin joan den astean. Helburua, bere asmoa argi uztea eta bat ez zetozenei uniformea eskegitzeko unea zutela jakinaraztea.
Ezaguna denez, militarrak etxe barruko politikatik kanpo utzi izan dituzte azken hamarkadetan presidenteek, baita atzerrian inbasioak eta bestelako gerra eta eraso inperialistak gauzatu dituztenean ere. Polizia, lekuan lekuko estatu-patruilak eta, auzi federaletan, FBI erabili izan dituzte historikoki. Erreserbako kideek osatutako Guardia Nazionala izan da salbuespena, eta salbuespeneko kasuetan erabili dute hura ere, hondamendi naturalen kasuan ia beti. Inoiz, 1992ko Los Angelesko istiluetan kasu, gobernadoreak eskatu du, une zehatz batean ordena edo agintea galdu dela eta poliziarekin aski ez dutela iritzita.
Trumpek oso bestelako ikuspegia daukala ezaguna da aspaldi. Black Lives Matter-en protestetan, 2020. urtean George Floyd hil ostean esaterako, manifestarien aurka tiro egitea nahi izan zuen, eta gerritik behera disparatzerik ez ote zegoen ere galdetu zuen, Etxe Zurian berarekin bildutakoek aitortu dutenez. Orduko hartan, bere inguruan zituenek argi utzi zioten hori ez zela posible. Orain, Trumpekiko erabateko otzana den jendeaz inguratzeaz gain, haren egitasmoa muturreraino eramateko edozertarako prest dauden pertsonak ditu taldean.
Stephen Miller neofaxista Etxe Zuriko taldeburu dauka, bera izan zen ICE mugako poliziako buruei etorkinen atxiloketak biderkatu behar zituztela agindu ziena; haren eskutik etorri da hiri askotako kaosa. Los Angeles izan zen lehena, Washington hurrena, eta orain Chicago, Portland eta beste hiri batzuk jarri ditu j-mugan. Bere aginduei men egiten ez dieten agintari demokraten aurka jotzea du helburu.
Era berean, orain artean Defentsa-idazkaritza izan denari izena aldatu dio Trumpek; «Gerra-idazkaritzako» buru Pete Hegseth izendatu du.
Quanticon, Fox kateko aurkezle ohi eta kristau integristak bere liburuetan azaldutako muturreko diskurtso militarista atera zuen. «Zuen bizibidea jendea hiltzea da, ez zarete politikoki zuzenak eta zuen lekua ez da gizarte adeitsua», esan zien. Udaberrian Etxe Zurian merkataritzan muga-zergak ezartzeko erabilitako «askatasun-egunarekin» alderatu zuen Hegsethek bilkura militarra: gaur ere egun historikoa da. «AEBetako gerlariak askatuko ditugu». Zertaz askatu? Edozein soldaduk teorian dituen gutxieneko mugez, Genevako konbentzioaz ere bai.
Izan ere, herrialdeko presidentea ez ezik, Armadako komandante-burua ere bada Trump. Irailaren 29an bertaratutakoei jakinarazi zien militarrak barne-auzietarako erabiltzeko asmoa daukala, eta argi adierazi zien bere asmoarekin bat ez zetorrena kaleratu egingo zuela. Are gehiago, Chicago, Los Angeles, New York zein Washington bezalako hiriak «trebakuntzarako leku» izatea iradoki zien presidenteak. Hau da, Armada barne-politikatik kanpo mantentzeko, politika historikoari amaiera eman nahi dio Trumpek. Soldaduak AEBetako hirietan normalizatzeko asmoz, buruzagi militarrei esan die bere aginduekin bat egin ezean lana galduko dutela.

«BARRUTIK DATORREN GERRA»
Trumpen hitzetan, beharrezkoa da Armada erabiltzea AEBetako hirietan, «barrutik datorren gerra» bat dagoelako. Hizkera militarista eta gerrazale horrek «barne-inbasioa» jasaten ari direla dio, «ez da atzerriko etsai bat bezalakoa, baina zailagoa ere bada modu askotan, uniformerik ez dutelako janzten. Gutxienez uniformea daramatenean ezabatu ditzakezu. Pertsona hauek ez dute uniformerik, baina barnetik inbaditzen gaituzte. Berehala geldituko ditugu». Gerra bat baldin badago, gerrari ekin nahi dion etsai bat duela ondorioztatzen du Trumpek. «Ezkerreko demokrata erradikalak» lirateke etsai horiek, herritarren botoek hautatutakoak izan arren.
«Inolako segurtasunik ez dagoen» leku bihurtu dira haien agintepeko hiri eta estatuak, eta horren aurka, «erreakziorako lantalde azkar bat prestatzea ahalbidetuko duen agindu exekutibo bat sinatu nuen, hirietan liskarrak zapaltzen lagundu dezan». Funtsean, militarrei tresna gehiago emango zizkiela laburbildu zuen, egoera «kontrolpetik galdu aurretik», bideratzeko.
Arazoa da Trumpek erabateko atxikimendua baino ez duela onartzen. Bere jarraitzaileen aurrean egindako mitin baten itxura ematen saiatu arren militarrenari, ez zuen nahiko zukeen txalo-zaparradarik bildu. Armadako buruek, printzipioz, ez diotelako botere politikoaren arduradunari txistu edo txalo jotzen, eta legez ere eztabaida politikotik kanpo egotea dagokielako.
Trumpen egitasmo militaristak oztopo gehiago ere izan ditu azken egunotan. Agintari demokratak duela hilabete batzuk baino indartsuago hasi dira aurre egiten. Kongresuan ez diote onartu gastu-proposamena, shutdown edo gobernu-itxierara behartuz. Era berean, Illinois eta Oregongo agintariek ICEko agenteen aurkako neurriak onartu dituzte (aurpegia ezkutatzea debekatuz poliziari, esaterako).
Eremu politikotik kanpo, judizialaren aurka egin du topo azken egunotan. Chicagon ICEko agenteek zituzten oztopoen aurrean, Portlanden aurka jo nahi izan du. Oregongo hiri handiena «erradikalen esku, erabat suntsituta» zegoela eta gisako gezurrak zabaldu ditu, bertako herritarrek eta agintariek erabateko normaltasuna dagoela agerian utzi arren. Denei entzungor eginda Armada bidaltzeko prest zegoela, epaile federal batek halakorik egitea debekatu zion. Trumpek, urrats bat harago egin eta Oregongo Guardia Nazionala bidaltzerik ez bazuen, inguruko estatuetatik igortzeko asmoa zuen (estatu bateko militarrek beste estatu bat inbaditzea, funtsean), baina hori ere galarazi diote.
Berean tematuta, Insurrection Act edo matxinada-legea deituko duela-eta mehatxu egin du Trumpek. Ezaguna da ez duela ezetzik onartzen, eta aurka egiten dion edonor matxinotzat hartzen duela. Salbuespeneko neurri horiek lege martzialetik geroz eta hurbilago daudela salatu dute aurkariek. Eta ez dirudi marra gorririk dagoenik honezkero.

Itsasoa maitatu eta babestuz
Gaitzari aurre hartu

Eskola Kirolaren inguruko epaiak berriz azaleratu du lehia goiztiarraren eztabaida

Baterajotzea: Gazte komunitate feminista batu eta indartzeko elkargunea Zaldibarren
