Munduan zer berri?

Iñaki Uriartek bere “Diarios” liburuan kontatzen du amonak esaten ziola zerura joaten zenean lehenik eta behin bere senarrari emango ziola besarkada bat eta segidan Sabino Arana agurtzera joango zela eta harekin egingo zuela hitz-aspertu bat.

Hori irakurrita pentsatu nuen belaunaldi bakoitzak dituela bere politikariak, eta nik, fedearen mirari bat tarteko, zerura bisitan joango banintz, etxekoak besarkatu ondoren Argala eta Mariorengana joan beharko nukeela, biak izan baitziren nire adinekoak bi familiatan bereizi gintuztenak. Kontatuko nieke gauzak nola doazen munduan, Arantxa Arrutik Apatamonasterioko hilerrian bere senar Lopez Irasuegiren hilobiaren aurrean tarteka izaten zituen elkarrizketa haietan antzera, eta aurpegiratuko nion bigarrenari bere oinordekoak hasiak direla dagoeneko egin zuten borrokaren zilegitasuna bera ere zalantzan jartzen.

Belaunaldi bakoitzak ditu bere idazleak, eta zerura bisitan joatekotan ez nintzateke Lizardi eta Orixerengana arrimatuko, izatekotan ere Gandiagari egingo nioke diosalen bat eta Arestirengana joko nuke berriketaldi baten bila.

Belaunaldi bakoitzak ditu bere artistak, eta Oteizari bizi izan zen auzoaren berri emango nioke eta otarrainak ekartzen zizkion Zubi Ondoko Joseba jubilatu zela eta ia egunero ikusten dudala pasieran jakinaraziko nioke. Kontalari aparta denez, Nestor Basterretxearen ondora joango nintzateke segidan, eta bere herrian, Bermeon, santaeufemiatan egon nintzela kontatuko nioke, eta sekulako giroa zegoela eta, herri horretako berri handirik ez badut ere, inauguratu berri duten Alakrana izeneko taberna dotoreaz esango nioke zerbait, eta galdetuko nioke ea Mitoaroa ikusi duen, eta nire harridurarako baietz erantzungo lidake, eta asko gustatu zitzaiola, berak burdinan ezarri zituen ideia asko sumatu zituelako Reparazen ikuskizunean.

Belaunaldi bakoitzak ditu bere bertsolari kutunak, eta nik Joxe Agirrerengana joko nuke eta esango nioke aspaldian ez naizela Orandara igo, bere alaba eta suhiarekin egotera, baina asmoa badudala, eta ez duela suerte makala, orain familia erdia duelako baserriaren bueltan bizitzen. Bidenabar, han nagoen kasuan, Txirritari galdetuko nioke ea gaurko bertsolari gazteen jarraipenik egiten duen, eta baietz baina ez duela bere adinakorik ikusten erantzungo lidake, salbu eta bere abizena daraman Hernaniko neska hori, zeinaren izena une horretan ez duen gogoratzen. •