Asier Aiestaran
Kazetaria

Nobel Sariak desagertuko balira, nola gogoratu?

Harridura sortu dit Bakearen Nobel Saria Maria Corina Machado Venezuelako oposizioko kideak irabazi duela jakiteak. Ez dut sakon ezagutzen Machadoren jarduna, baina herrialde horretako oposizioaren jarrerak eta ekinbideak aski ezagunak dira azken urteotan.

Harridura horren aurretik, asaldura sentitu nuen hainbat komunikabidek hautagaien artean Donald Trump aipatzen zutela ikusita. Gazaren genozidioaren inguruan sortu duen ikuskizun tamalgarriaz haratago, ez dut uste pertsona zentzudun bakar bat ere egon litekeenik bakearen sari bat egungo AEBetako presidenteari ematearen alde.

Asaldura eta harridura horien baturaren emaitza mesfidantza izan da. Bakearen Saria horrelako pertsonaiei ematen bazaie, zer sinesgarritasun izango dute Fisikakoak, Kimikakoak edo Medikuntzakoak? Ekonomiakoa ere, inguruko aditu batek aipatzen didanez, ez da irizpide oso fidagarriekin hartzen.

Kezka horietatik abiatuta, Nobel Sarien inguruan apur bat irakurtzeari ekin diot. Kolpe bat izan da, adibidez, Bakearen Saria Norvegiako Batzordeak ematen duela jakitea. Aurreiritziak izango dira agian, baina Norvegia bazen nire imajinarioan bakearen alde lan egin eta bustitzeko prest egon den aktore bat. Nahi gabe ere zalantzak sortzen dira.

Alde horretatik, kuriosoa egin zait Alfred Nobel zenaren historia. Kimikari, ingeniari eta asmatzaile arrakastatsua izan omen zen suediarra, armamentu fabrikatzaile garrantzitsua. Balistita sortu zuen, kerik gabeko lehergailu militar askoren aitzindaria, dinamitarena ere asmatu zuen, eta dirutza egitea lortu.

Baina antza denez, bere anaia hil zenean, Frantziako egunkari batek “Heriotzaren merkataria hil da” izenburudun heriotza-oharra argitaratu zuen, Alfred bera hil zelakoan. Horrek kezka sortu omen zuen Alfredengan, hurrengo belaunaldiek nola oroituko ote zuten, eta testamentua aldatuz, bere dirutza sari sorta bat emateko erabiltzea erabaki zuen, «gizateriaren onura handiena» lortzen zutenentzat.

Eta niri galdera sortzen zait: horrelako erabakiekin, Nobel Sariak bihar desagertuko balira, nola oroituko lituzkete hurrengo belaunaldiek? •