GAUR8

Hamabost gazte atxilotuta, duela 15 urte egindako Segiren aurkako operazioan

Gaur egun Espainiako Barne Ministroa den Fernando Grande-Marlaska Auzitegi Nazionaleko epaileak agindu zuen sarekada eta atxilotuetako askok torturak salatu zituzten.

Epaitutako gazteen aldeko aldarriak, Loiolan.
Epaitutako gazteen aldeko aldarriak, Loiolan. (Idoia ZABALETA | FOKU)

2010ko urriaren 22an, gaur 15 urte, Polizia espainolak hamabost gazte atxilotu zituen Euskal Herrian, Segi gazte mugimenduko kide izatea egotzita. 300 agente baino gehiago mobilizatu zituzten euskal gazteriaren aurkako operazio erraldoian eta gaur egun Espainiako Barne Ministroa den Fernando Grande-Marlaska Auzitegi Nazionaleko epaileak agindu zuen sarekada.

Ohiko joerari jarraituz, hedabide espainiarrek ETArekin lotu zituzten euskal militante gazteak. Atxilotuetako askok torturak salatu zituzten. Hainbati karguak erretiratu zizkioten gerora, eta zazpiri seina urteko espetxe zigorra ezarri zieten. Ertzaintza gazteen abokatuek kondena ezagutu aurretik atxilotzen saiatu zen, legez kanpo, elkartasuna antolatzea ekidin asmoz, baina hiruk ihes egitea lortu zuten, eta Gasteizko herri harresia altxatu zen haien defentsan. 2015ean, Konstituzio Epaitegiak ebatzi zuen legez kanpoko atxiloketak izan zirela.

2010eko operazio bat gehiago izan zen euskal gazteriaren aurkako oldarraldi amaigabean. 2009tik aurrera 34 gazte atxilotu, eta guztira 68 epaitu zituzten. 2015eko azaroan Espainiako Epaitegi Gorenak 68 gazte haietatik bi soilik jo zituen erruduntzat eta bina urteko kartzela-zigorra ezarri zien, baina ordurako 85 urtetik gora egin zituzten preso auziperatutako gazteek, gerora gehienak absolbituak edo kargurik gabe geratu arren.