Adina ez da oztopo, eta Euskal Selekzioa munduko txapelketa gogotsu jokatzen ari da
Euskal Selekzioa Walking Football-eko munduko txapelketa jokatzen ari da egunotan Torreviejan. Oinez jokatzen den futbol modalitatea da, eta adinean gora doazenentzat edo arazo fisikoengatik ohiko futbola utzi behar izan dutenentzat sasoian jarraitzeko aukera bikaina.

Aste honetan hasi da Walking Football mundiala Torreviejan. Bertan, mundu osoko selekzioak jokatzen ari dira, eta tartean Euskal Selekzioak ere gizonezko hiru talde osatu ditu, +50, +60 eta +70 txapelketetan lehiatzeko. Futbolean oinez jokatzen da -ezin da korrika egin-, eta 50 urtetik gorakoek jokatzen dute lehenengoan, 60tik gorakoek beste selekzio bat osatu dute, eta 70 urte baino gehiagoko mailan ere talde indartsua dauka Euskal Herriak.
Astelehenean, Loiuko aireportuan agurtu genituen Euskal Selekzioko jokalariak, baita kirol honen sustatzaile nekaezin eta oraingoan hautatzaile gisa arituko den Jesus Etxebarria ere. Pozik zeuden guztiak hegazkina hartzeko unean. Selekzioaren kaleko arropak jantzita, ikurrinak eta maletak eskuan, ofizialtasunaren agerraldia egin eta asteartean ekin zioten txapelketari lehen norgehiagokekin.
HASTEKO, EMAITZA ONAK
50 urtetik gorako mailan, Euskal Selekzioak 3 eta 0 irabazi zion Singapurrekoari, lehiari hasiera emateko, eta Italiaren kontra 0 eta 1 galdu zuen egun berean. 70 urtetik gorakoek berdindu egin zuten Australiaren kontra, 0-0.
Hiru talde eta 30 kirolari baino gehiago bildu ditu Etxebarriak oraingoan, baina ezinezkoa egin zaie emakumezkoen +40 taldea osatzea. Lan kontuek eta bidaiaren aurrekontuek ezinezko egin dute azkenik, baina emakumeak ere ibili badabiltza walking futbolean. Txapelketa honetan, besteak beste, Eskozia, Ingalaterra, Txekiar Errepublika, Kanada, Zipre, Maroko, Japonia, Espainia, Frantzia, Gales, Nigeria, Portugal eta Ruandako selekzioek jokatzen dute.
Jesus Etxebarria entrenatzaile eta hautatzaileak 70 urte ditu. Europa mailako walking futboleko titulua aspalditik dauka, bera izan zen Britainia Handitik landa eskuratzen lehenengoa. Txikitan Ingalaterran bizi zen bere familiarekin, eta orain garai bateko lagun eta ikaskideen zaletasun bera dauka berak ere, eta astero bi edo hiru ekipo entrenatzen ditu, ahal duenean jokatu ere bai, eta Euskal Selekzioko sustatzailea da, besteak beste.
Gutxi gorabehera, duela bost urte hasi ziren kirol mota hau ikasten eta jokatzen. Getxon lehenengo, eta Berangon azken urteotan. Athletic Fundazioa ere aspaldi honetan buru-belarri murgildu da kirol hau eskaintzen eta lehiarik gabeko jardunean. Eta astean bi entrenamendu finkatu ditu Lezamako bere instalazioetan: astearte goizetan batzen dira batzuk, eta ostegun arratsaldean besteak. Badira bi saioetara joaten diren jokalariak ere. 100 bat lagun egongo dira izena emanda; eta saio bakoitzean 20 eta 30 lagun batzen dira astero. Sei laguneko taldeak egin, eta bi zelaitan aritzen dira ikasi eta jokatzen, beroketak egin, arauak barneratu eta izerdi patsetan, oso giro onean.
Realaren fundazioak ere heldu dio gaiari, eta Zubietan aritzen dira oinezko futbolean azken bost urteotan. Euskal Selekzioan jokatzeko Zubietan aritzen diren hainbat jokalari hautatu ditu Jesus Etxebarriak, eta irailaren hasieratik, astero elkartu dira entrenatu eta mundiala prestatzeko.
BIZKAIKO LIGA
Bizkaiko Futbol Federazioak ligaxka bat ere prestatu zuen. Laster abiatuko da aurtengoa. Berango, Plentzia, Gaminiz, Ibarreko, Beti United, Scorers, Lagunak eta Getxoko Lions ere ari dira astero lagun artean entrenatu eta lehiaketan parte hartzen.
Jesus Etxebarriak, gainera, kirol honek eritasun batzuei aurre egiteko nola balio duen adierazi nahi izan digu. «Gure artean dagoen jokalari batek parkinsona du». Gaztetan futbolean aritua da Mikel, Lezaman Athleticekin beheko kategorietan kolore zuri-gorriak jantzitakoa, eta parkinsona zuela jakin ostean, mundua bukatu behar zitzaiola uste zuenean, Berangon parkinsondun gaixoen elkartearekin hitzaldi batean parte hartu, eta beti eskertuko duen leiho bat ireki zen bere bizitzan. Astero aritzen dira entrenatzen, eta sekulako giroa sortu da Berangon talde honen inguruan.

«Irakaspen handi bat izan da niretzat ere, entrenatzaile gisa», aitortu du Etxebarriak. Mikel asteon Euskal Selekzioarekin ari da mundialean, eta basauriarrak golerako duen jarrerarekin, aurrelari gisa markagailuan zenbakiak aldatzea lortuko duela ziur da Etxebarria. Asteartean bertan, Eskoziaren kontra gola sartu zuen. Berdinduta bukatu zuen markagailuak, Mikel Palacioren golari esker. Berango United Parkinson eritasuna duten taldeko gainontzeko taldekideek etxetik jarraituko dute mundiala, eta hala ere astero entrenatzeko desiratzen jarraituko dute. Oinez, eta gelditu barik.
Mundialetik ere mezu bidez hizketan ari gara Jesus Etxebarria Euskal Selekzioko hautatzailearekin, eta nazioarteko taldeen artean «izugarrizko maila» dagoela nabarmendu digu. Baina euskaldunak ere ondo ari direla nabarmendu gura izan du. Eta nazioarteko lehiaketa oso esperientzia ona dela Euskal Herria / Basque Country munduari erakusteko.
EUSKAL SELEKZIOA MUNDIALEAN
Hedabide asko ari da egunotan Euskal Selekzioa aipatzen, eta deigarria egin zaigu mundialaren jarraipena egin eta egunero selekzio ezberdinei buruz idazten duen Lewes Lenny walking futbol jokalari eta zaletuaren webguneko aipamena: “Small nation, big spirit” idatzi du, euskal jokalariak eta gure selekzioa aipatzean.
22 selekzio ari dira Torreviejako mundialean. Euskaldunak asteon +50 eta +70 lehiaketan ari dira parte hartzen, eta hurrengo astean jokatuko dute 60tik gorakoek. «Lan duina egiten ari gara. +50 selekzioan jendea falta dugu, eta nagusiagoekin jokatu behar izan dugu, gu baino askoz gazteagoak ziren jokalarien kontra, eta bero izugarria egiten du hemen», dio Jesusek.
Oraindik jubilatu gabeko jokalari amateurrak izanik, askok etxean eta lanean geratu behar izan dute, eta mundialera joan ezinik geratu dira. «Guk geuk ordaintzen dugu gure bidaia, gure hotela eta izen ematea. Horregatik etxean geratu behar izan dute askok». Hori bideratzen saiatuko dira hurrengo mundialei begira, eta baliabide gehiago eskuratzen. Hala ere, baikorra da Jesus, 60 urtetik gorako jokalariak final laurdenetara sailkatu direlako.
Euskal selekzioari buruz hitz onak besterik ez dizkiote adierazi azken bi mundialetan. «Giza jarrera, oso maitatuak izaten ari gara». Kanadara, Australiara eta munduko leku askotara gonbidatu dute Euskal Herriko selekzioa, eta alde horretatik oso eskertuta daude nazioarteko beste federazio eta selekzioekin.
«Kirol mailan emaitzak agian onenak ez izan arren, hemen dauden guztiek sekulako aitortza egin digute», azaltzen du hunkituta Etxebarriak.

Singapur, Australia edo Japonia bezalako selekzioak daude mundialean: «Hau ez da futbol profesionala, baina herrialde batzuek oso serio hartu dute kirol hau. Batzuk federazioak ordainduta etorri dira. Nazio handiak daude walking futbolean». Adibide bezala, Kanada askoz gehiago da oinezko futbolean, ohiko hamaika hamaikaren aurkako futbolean baino. Kanadak erretretan den biztanle britaniar asko hartu ditu, eta zaletasuna areagotzen ari da.
Australian ere askoz hobeak dira oinez, izarren futbolean baino. «Eta gu berdin, gu nazioarte mailan ez gara ezagunak futbolean, ofizialtasun faltagatik, baina honetan oso onartuak gara. Eta asko hobetuko dugu», bota du Euskal Selekzioko hautatzaileak.
Torreviejako mundial honetan, Athletic taldeko zaletuek bertan duten Lagun Artean peñak -bermeotarrak gehienak- asko lagundu die. «Itzela izan da. Ikurrinak, pankartak, musikariak… Gu animatzen aritu ziren, Athleticen partida pantaila handian ikusi genuen eta arroza eman ziguten afaltzeko». Ez daukate hitzik behar beste eskertzeko.
OFIZIALTASUNA, NORMALTASUNA
Ofizialtasuna nola lortu zuten galdetzean, ondo gogoratzen ditu hastapenak. «Kontaktuak egiten hasi nintzen, nazioarteko selekzio ezberdinekin hitz egin nuen, batez ere ingelesekin. Harreman horretatik etorri zen Lezaman jokatu genuen lehen partida hura». 2021eko urrian jokatu zuten Euskal Selekzioak eta Ingalaterrak. Ondo gogoan du data hura Etxebarriak, «Athleticek asko lagundu gintuen orduan, eta Euskal Futbol Federazioak ere ekipamendua eskaini zigun». Gerora, laguntza horien falta handia sumatu du.
Jesus Etxebarriarentzat, funtsezkoak izan dira nazioartean sortutako harremanak. «Entrenatzaile ikastaroa egin nuen Ingalaterrakoekin, eta mundialera gonbidatu gintuzten 2023an». Mundialean parte hartu zutela eta «normaltasun osoarekin» ari direla nabarmendu du. «Onartutako nazioa gara munduan, FIWFA erakundeko kideak gara, baina gure herrian oraindik ez gara ofizialak. Kirol batzuetan urratsak egin dira, euskal pilotan, sokatiran… lortu dira. Beste batzuetan lan asko dago egiteko oraindik. Ez dakit Espainiak erraz jarriko digun».

Mundial honetan bertan, ikurrina eta izendapena kendu nahi izan dizkiete. «Euskal Herria Basque Country izendapena aldatzera behartu dituzte antolatzaileak». Antza denez, oihartzun handia hartzen ari da Euskal Selekzioaren presentzia, eta PPk gobernatzen duen ingurua izanik, goragotik mehatxu egin diete antolatzaileei. Euskal Herria Basque Country-ren ordez, “Región vasca” izendatu nahi izan dute euskal selekzioa.
«Baina lan asko egiten ari gara alde horretatik ere, ‘Basque Country Euskal Herria’ deitura mantentzea lortzen ari gara». Orduak kendu dizkio horrek Etxebarriari, baina badaki diplomazia behar-beharrezkoa dela kirol mailan ere eta harremanak lantzen ari dira.
Ingalaterratik mundu osora, kirola helburu sozialekin uztartuz
2011n Ingalaterran sortutako kirola da walking futbola. Ingalaterrako Chesterfield-eko jubilatu etxe batean sortu zen ideia, adineko pertsona talde batek aktibo jarraitu nahi zuen futbolean jokatzen, baina ohiko futbolaren erritmo eta intentsitaterik gabe.
Helburua futbolaren bertsio mantsoago eta seguruago bat sortzea zen; jokalariek korrika egin beharrean oinez ibiltzeko aukera dute, eta dibertsioan eta sozializazioan jartzen da arreta guztia.
Adin eta trebetasun guztietako pertsonentzat eskuragarri izateko diseinatu zen hasiera batean, batez ere lesioen edo osasun-arazoen ondorioz futbolean jokatzeari utzi ziotenak gogoan hartuz eta berriro zelairatzea eskainiz. Gaur egun, adin mugarik gabe eta osasuntsu kirola egiteko modu erraza da walking futbola.
Geroztik, walking futbola mundu osora zabaldu da eta ospea irabazi du herrialde askotan, tartean gurean, bistan denez. Lehiaketak daude, eta denbora-pasa eta helburu sozialekin uztartzen da. Jarduera fisikoa, adiskidetasuna eta inklusioa sustatzen dituen kirola da, eta aktibo mantentzeko modu dibertigarri eta erlaxatu bat bilatzen dutenentzat aproposa dela diote praktikatzen duten guztiek.
Datuei erreparatuta, Britainia Handian mila talde baino gehiago daude, egunotako mundialean 20 naziotik gora. Eta tipi-tapa, poliki-poliki, Euskal Herrian ere ari da garatzen. Oinez, baina gelditu gabe. Eta zelaietan astero gogotsu entrenatu, lagunartean aritu, zahartzaro osasuntsu eta aktiboa praktikan jarri, eta gure koloreak nazioartean erakusteko aukerarekin, gainera. Mundiala, bere adierarik zabalenean.

Amak telesailetan: bazterretik protagonismora bidean?

«Arraunlariak ezin dira Eroskin erosi, nahiz eta mezenas batek finantzaketa handia eskaini»

Menopausia, isildutako gaia izatetik milioi askoko merkatu-nitxo izatera

Adina ez da oztopo, eta Euskal Selekzioa munduko txapelketa gogotsu jokatzen ari da
