Ramon Sola
Aktualitateko erredaktore burua / Redactor jefe de actualidad

Indartsuenaren Legearen liluraren kontra

Duela aste batzuk Guatemalako etorkin bat atxilotu zuen Poliziak New Orleansen, ustez zenbait delitu egiteko akusaziopean, eta beste milaka eta milaka bezala, kanporatzeko bidean jarri zuen. Gero etorri zenak zur eta lur utzi zituen X eta Instagrameko erabiltzaileak: etorkin hori garaiera txikiko pertsona izanik, modako “labubu” panpinaren antzera irudikatu zuen Etxe Zuriak. Harrapatu eta kanporatzea ez zuten aski Trump eta bere enparauek, atxilotuari irri eta iseka egin behar zioten gainera.

Hasieran askok pentsatu omen zuen kontu ofiziala hackeatuta zegoela, baina ez. “No Kings” kanpainako manifestarien aurka berdin jokatu berri du Gobernu ultraeskuindarrak. Adimen artifizialaren bidez bideoa sortu dute, non Trump hegazkin baten pilotua den eta airetik mobilizatzen ari diren horien buruen gainean gorotzak botatzen dituen.

Kaka-aro honen adierazgarrietako bat da. Aurretik pentsaezina zen gobernu ahalguztidun batek herritar xume baten kontra horrela jotzea; ez zuen merezi, boteredunaren kaltean izan zitekeen, doako mespretxu eta nagusikeria ez ziren txalogarriak, ezta onargarriak ere. Orain, aldiz, deshumanizazioa erabiltzen ari da, era gordinenean. Akordioaren osteko Israelen jokamoldeari errepara diezaiogun: hildako gatibu israeldar baten gorpuak bizirik diren hamaika palestinarren bizitzak baino gehiago balio du oraindik ere. Eta hemengo hedabide gehienetan normaldua dirudi denak: xantaia berri hori ontzat ematea edota Trumpen bideo eskatologikoa zabaltzea, lehena logikoa eta bigarrena dibertigarria direlakoan.

Kutsakorra da oso, efektu hori. Indartsuenaren Legea munduko lege zaharrena da, segur aski. Erraz liluratzen ditu ergelak, bihozgabeak, baita nortasun bila ari diren nerabeak ere. Bullying, mobbing eta gainerako -ing guztien aurka aurrera egiten ari ginenean, gelako matoiak bueltan dira. Eta zibilizazioa, atzera.

Urrutiko kontua dela sinetsi nahiko nuke, baina adi. Aporobia kasu bat izan berri dugu oso gertu, Miranda de Ebron. Hiru adin txikiko atxilotu dituzte, etxerik gabeko pertsona bati su ematen ahalegindu direlako. Grabatu egin zuten, nola ez: «Vamos a quemar unos ‘panchos’», entzuten dira bertan.

Indartsuenaren Legea ez da beti basatia, zorionez. Tarteka era leunagoan ezartzen da, modu sotilagoan. Gipuzkoan Multikirola programarekin gertatu dena adibide argia da. Gainerako herrialdeetan ezagutzen ez dutenentzat, azalpen batzuk: ikasturtean zehar kirol ezberdinetan jokatzen den lehiaketa da (baina ez kirol “federatuan” bezain lehiakorra), ikasgeletan antolatutako taldeen bidez, non askotan neskak eta mutilak batera aritzen diren, eta denek berdintasunean hartzen duten parte, bost axola familiak diru asko edo gutxi duen, edo haurra trebea edo traketsa den… Programa inklusiboa da, hezitzailea, berdinzalea, osasuntsua, jatorra. Baina nonbait guraso batzuentzat denbora galera baino ez zekarren, ez zituen beren kalitate estandarrak betetzen. Ondorioz, kirol “federatuan” ari diren seme-alabek Multikirola derrigorrez egin behar izanaren aurka jo dute auzitegian, eta arrazoia eman zaie, jakina baita legea itsua dela, eta itsutasun horretan Indartsuenaren Legearen alde egiten duela sarritan.

Epai horren ondorioz, nabarmen jaitsi da izen-emate kopurua Multikirolan ikasturte hasiera honetan. Programa egoera txarrean gelditu dela deitoratu du diputatuak. Niri tristea iruditu zait. Eta kezkagarria, garaiera txikiko pertsonei zuzendutako isekak eta “pancho”-en aurkako erasoak horrelako jokabideetan errotzen direla sumatzen dudalako. •