Gaitzari aurre hartu

Udazkeneko hego haizeak zuhaitzak biluztu ditu ia. Hasi dira egunsenti freskoak. Atera dira lehen keak tximinietatik. Hoztu zaizkigu hankak, eta bihurtu dugu hazien poltsa aldi baterako ohelagun. Eztarri urratuarekin eman dizkit egun onak lagunak telefonoz bestalde. «Adineko baten pare nago!», esan dit, sudurra itxita izanagatik, bere buruaz barrez. Erregina-jelea mingain azpian lehenik; ezti koilarakada bat kafesne katiluan gero; anemiari aurre egiteko burdin pilula bukatzeko. Zapi maiztu bat lepoan bilduta gosaltzen ariko da seguru asko, ibilitako mukizapi umelak mahai gainean.

“Kanpainaren lehen hilabetean gripeagatik ospitaleratutakoen zenbatekoa aurreko urtekoetan izandakoa halako bederatzi da aurten”, esan du irratiak, txertoa jartzeko gomendatuz. Bi albiste geroago, Shigelosis agerraldi baten berri eman dute; Bilboko ikastetxe batean izan omen da hesteetako infekzioa eragiten duen gaitza. Duela egun gutxi abere azokak debekatu dituzte Hego Euskal Herrian, dermatosi nodular kutsakorra dela eta. Gaitzak Euskal Herrian behirik gaixotu ez badu ere, prebentzio neurriak hartu dituzte. Bergarako ganadutegi bateko 90 abelburu hil behar izan dituzte, tuberkulosia tarteko. Lehen hegazti gripe kasua agertu ei da Nafarroan.

Agidanez, udazken gogorra dator aurten. Eta badirudi osasunari zuzenean lotuta ez dauden bestelako gaitz batzuk ere hala datozela: Mileik legebiltzarrerako hauteskundeak irabazi berri ditu Argentinan, botoen % 40 baino gehiago bereganatuta. Tamalez, osasunari berari ere zuzenean eragingo dio haren garaipenak. Pozik zoriondu dute Netanyahuk, Trumpek, Abascalek eta enparauek. Indartsu dabiltza eskuina, joera erreakzionarioak eta autoritarismoa, hego haizeak harrotuta.

Gaitz horien agerraldiak ez dira izaten beti bat-batekoak eta bistakoak. Sarri isilik daramagu bakterioa barrenean, ia ohartu ere egin gabe. Baina azkenerako azaleratzen da, ez nolanahi gainera. Euskal Herrian immunitatea landuago izan dezakegun arren, ezin dugu lasaitu, ez baitago urrutira joan beharrik halako kasuak topatzeko: Bernedoz, Euskal Udalekuez eta haietako begiraleez sareetan adierazitakoak, kirolari profesionalen coach ezagun batek demokraziaz botatakoak... Ustez gertukoak eta aurrerakoiak direnek halakoak lehertzean esandakoek -eta isildutakoek- larritzen naute ni gehien.

Berriki, transfeminismoaz aritu dira Ana Txurruka, Ekhi Petriati eta Uma Ulazia “Berria” egunkarian. Argi azaldu dute: transfobia esplizituago azaleratu da azkenaldian, batetik, ultraeskuina goraka doan giroak lagunduta; eta bestetik, azken urteotan emandako aurrerapausoen aurkako erantzun gisara. Transfobiaz hitz egin dezakegu, eta baita hari estuki lotuta dagoen feminismoaren aurkako erreakzioez ere. Bietan ala bietan, ukazioa eta egungo sistema bere horretan eusteko nahia dago funtsean. Alegia, gaitza betiereko bihurtzea.

Udazken gogorra dator. Osasunari eragiten dioten gaitzen aurrean ez ezik, halakoen aurrean ere indartsu eta gogor erantzun behar dugu. Ez da nahikoa norberak erregina-jelea, eztia eta burdina hartzea, eta etxean goxo egotea. Feminismoaren lubakian elkarrekin batzea dagokigu, eta batera jotzea, egunotan Euskal Herriko Gazte Feministak Zaldibarren egiten ari diren moduan. •