Oier Gorosabel
Fisioterapeuta

Ganglioiak, korapiloak eskumuturretan

Pertsona askori eskumuturrean sortzen zaizkien koskorrak ganglioiak dira.
Pertsona askori eskumuturrean sortzen zaizkien koskorrak ganglioiak dira. (GETTY IMAGES)

«Gaingillak dira bederatzi, bederatziak zortzi, zortziak zazpi, zazpiak sei, seiak bost, bostak lau, lauak iru, iruak bi, biak bat. Gaingillak egin dezala zirt-zart!».

Joxemiel Barandiaran jakintsuak bildutako esaldia da. Etnografia bilketan, herri-medikuntza arloko hainbat formula, sinesmen eta erremedio jaso zituen. Haietatik batzuk gaur egunera ekartzeko modukoak; beste batzuk, berriz, gure aurrekoen bizitza irudikatzeko interesgarriak, baina gaur dakigunarekin alderatuta, osasun-balio handirik ez dutenak. «Korapiloak» kontzeptuak, esate baterako, behin baino gehiago hona ekarri dugunak, denerako balio du: muskulu batean azaldu daitekeen mina, zein linfoma bat, zein tuberkulosia, zein artikulazio baten arazo mekanikoa... Eskua gainean jartzean koskor bat igartzen dugunean, asko ez dakien pertsona batek arazo horiek guztiak bat direla pentsa dezake, nahiz eta jatorri askotarikoak izan. Kontzeptu inespezifiko horri ganglion izena eman zitzaion greziera zaharrean (“korapiloa”), eta horrela erabili izan da historia osoan, baita XVIII. mendetik aurrera gaurko medikuntza modernoa garatu ostean ere. Bistan denez, inespezifikotasun horrek gaizki-ulertuak dakartza berarekin, eta gaur da eguna euskaraz “gaingila”, “gongoil” eta “ganglioi” hitzak dituguna, hirurak jatorri berekoak, eta elkarrekin zerikusi handirik ez duten egitura anatomiko / patologikoak izendatzen dituztenak. Interesa duenak argibideak Wikipedian aurkitu ditzake.

Lotu gaitezen, baina, aurreko batean lagun batek atera zidan gaira: pertsona askori eskumuturretan agertzen zaizkien koskorrak. Zer dira? Nola tratatu daitezke?

Esan dezagun, hasteko, tumore onbera hauek “ganglioi” izena dutela, eta ez direla inolaz ere larriak. Kasu gehienetan, artikulazioari edo tendoien estalkiei gertatzen zaizkien herniazio txikiak dira: horrelakoetan kiste bat sortzen da, mintz batez estalita eta likido sinobialez beteta. Sakatzean mingarriak izaten badira ere, gehienetan ez dute mugimendurako eragozpenik sortzen eta, hain zuzen ere, hortxe dago tratatu / ez tratatu erabakitzeko gakoa. Esan bezala, mota honetako ganglioiek ez dute inolako arriskurik eta, horrenbestez, kasu gehienetan nahikoa izaten da atezuan jagotea, haren bilakaera behatuz. % 33 inguru 5 urtean desagertzen dira, % 50 inguru 10 urtean, eta batzuk iraunkorrak dira, baina ez digute trabarik egiten eta, horretara, ez dute tratamendurik behar izaten.

Kasu gutxi batzuetan, ostera, ganglioiak traba egiten digu, eta ezin dugu artikulazioa modu egokian mugitu; horrek garrantzi handiagoa edo txikiagoa izaten du, gure ohiko aktibitatearen arabera. Ez baita gauza bera matxete batekin atunak ebakitzen aritzea 8 orduz, edo jostuna izatea, edo bulego batean administrari jardutea. Horretara, ezintasun graduak eta horrek dakarren arriskuak esango digu arazoari aurre egiteko bidea zein den: udenoterapia hutsetik, kirurgiara. Bistan denez, azken honek baditu bere arriskutxoak, eta errekuperazio denbora luzeagoak: baina gure eguneroko lanean sortzen digun eragozpen gradua edo disforia ere baloratu behar da, interbentzio mota horrek merezi duen ikusteko. •