Erika Lagoma
Bertsolaria

Angel, Nasma eta Ana Dulce (II). Hipi laguntza

Angel, Nasma eta Ana Dulce ez dira soilik asmatutako hiru izen. Errealitatearen isla dira. Hipi irakasleak egin die harrera. Hipiak hizkuntza errefortzua ematen duten irakasleak dira, jardun osoan edo partzialean. Arrazoitutako salbuespenetan izan ezik, baldintza hauek bete behar dituzte:

Ikastetxean bi ikasturte baino gehiago eman izana.

Hizkuntzen irakaskuntzan esperientzia izatea, edo kulturartekotasunarekiko jarrera positiboa.

Hasierako ebaluazioa egitea ikasleen jatorrizko eskolatze-hizkuntzan (ongizate emozionala, hizkuntza eta matematika).

Alfabetatu gabeko edo prozesuan dauden ikasle berrien kasuan, esku-hartzea antolatzea PTarekin (Pedagogia terapeutikoa) eta aholkulariarekin batera.

Hizkuntza-programazioa ikasleen beharretara egokitzea A2 maila lortzeko helburuaz.

Gainerako irakasleekin koordinatzea, ikasleen jarraipena eta ebaluazioa egiteko.

Harrera-planak eguneratzea eta ikastetxean horien garapena sustatzea.

Hizkuntza-errefortzuko irakasleek hezkuntza-arreta zuzena eman beharko dute gela arruntean edo ikasle-taldeekin (ez banaka), ikasle bakoitzarentzat ahalik eta arreta handiena lortzen saiatuta eta astean, gutxienez, bost ordu ziurtatuta.

Hipi irakasleentzat ratio hauek hitzartu zituzten berriki sinatu den hitzarmenean: 2-6 ikasle, 0,5 lanaldi; 7-12 ikasle, lanaldi bat; 13-18 ikasle, 1,5 lanaldi… 6 ikasleko, 0,5 lanaldi.

EAEko sistematik kanpo datozen ikasle berriek euskara-salbuespenerako eskubidea dute Bigarren Hezkuntzan; hau da, Euskara eta Literatura ikasgaian ez dira kalifikatuak izango. Haur eta Lehen Hezkuntzan ez da salbuespenik emango. DBHn bi urtez izango dute salbuespena, baita hipi laguntza ere. Bi urtetan, astean bost orduko laguntzarekin, haien ikaskideak bezalaxe kalifikatuko dira Euskara eta Literatura arloan. Gainontzeko arloetan ez dira salbuetsita egongo, eta eskolako hizkuntza menperatzen ez badute ere, kalifikatuak izango dira beste guztiak bezala.

Hainbat ikerketatan aztertu dituzte EAEko Lehen Hezkuntzako 4. mailako eta DBHko 2.eko ikasleen emaitzak, eta horietan ikusten da alde handiak daudela bertan jaiotako ikasleek eta ikasle etorkinek lortutakoen artean. Lehen Hezkuntzako 4. mailako ikasleen arteko aldeak handitu egiten dira DBHko 2. mailan. Aztertu dituzten hezkuntza-eremuetan emaitza akademikoek adierazten dute oso urrun gaudela bertan jaiotako ikasleen eta ikasle etorkinen arteko ekitatetik.

Hipi irakasleek eta ikasleek:

Espazio eta errekurtso falta dute. Askok deslai ibili behar dute gelarik gela, ez dute espazio propiorik.

Koordinaziorako denbora urria da.

Askok ez dute formaziorik, ez dira hizkuntza irakasleak.

Ikasleak urtean zehar tantaka iristeak asko zailtzen du zeregina.

Ikasleak oso hizkuntza errealitate diferenteetatik datoz.

Askok familia-egoera oso ezegonkorrak dituzte.

Askoren eskola-maila oso baxua da.

Eskola eta hizkuntza berri batean eskolaratzea emozionalki exijentea da, baina prozesu hori laguntzea ere bai.

Oro har, bi urtetan ikasgela arruntaren mailara iristea ezinezkoa da.

Hipi laguntza, urria izateaz gain, bi urtetan bukatu egiten da. Euskal herrietan ditugun testuinguru soziolinguistikoekin, baldintza horietan, zein ikasle da gai A2 mailara iristeko?

Ikasle etorri berriak ikastetxe jakin batzuetan pilatzea arazo handia da, baina ikasle etorkin kopuru baxuagoak dituztenetan, publiko zein itunpekoetan, ez da ikasle horien aukera berdintasuna bermatzen, hezkuntza-, gizarte- eta lan-bazterketaren arriskuan daude.

Heldu den hilabetean, Angel, Nasma eta Ana Dulce (III). Eusle proiektua. •