Nerea Godoy
Hezitzailea eta Bizipozako kidea

Eskulana

Batera aldarrikatu beharko genituzke pertsona guztien eskubideak.
Batera aldarrikatu beharko genituzke pertsona guztien eskubideak. (GETTY IMAGES)

Eskubideak zera dira, askatasuna bermatzeko printzipioak. Munduko pertsona guztiek dituzte, edo hala beharko luke. Nik ezagutzen ditut nireak eta ikusten dut zureak bestelakoak direla. Zuk gehiago dituzu, edo zureak bermatuago daude. Baina, lasai, nik ez nuke sekula zure eskubideen aurka egingo nirekin berdindu zaitezen. Eskubideak bidea dira, elkarrekin egitekoa. Nik oztopoak aurkitzen baldin baditut, ez dizut zuri zangotraba jarriko, baina zure eskua eskertuko dut. Eta alderantziz gero, zuk behar duzunean, hortxe izango nauzu ni ere. Batera aldarrikatu beharko genituzke pertsona guztien eskubideak; izan ere, nik neure eskubideak bermatuta izateak ez dizu zuri kalterik egingo, ez dituzu zureak galduko.

Gu, diagnostikodunok. Duela aste batzuk, sare sozialetan, pertsona batek bideo baten bidez esan zuen nik ez nukeela bozkatu beharko. Ez nik, ez adimen desgaitasuna dugun gainontzeko pertsonok. Hitzik gabe gelditu nintzen, amorrua eztarrian korapilo bihurtzen den egoera horietako bat izan zen. Borrokak, ahaleginak eta beste inori eskatu ez zaion zerbait erakutsi izanak eraman gintuzten eskubide hori eskuratzera. Pertsona horrek, iritzia libreki emateko eskubidea baliatuz, guri erabakitzeko eskubidea kentzea erabaki zuen, paradoxikoki. Hori bai, “inor mindu ez zedin” eskatu zuen eta “errespetu osoz” ari zela azpimarratu zuen. Bere ikuspuntutik, beharbada, nik ez dakit asko, gutxi dakit; baina badakit zer diren intolerantzia, mespretxua eta kapazitismoa. Eta adimen desgaitasuna dugunok kolektibo bat osatzen dugu, noski, baina ez dugu denok desgaitasun, izaera edo jarrera bera. Norbanakoak gara, indibiduoak, pertsonak. Bere asmoa ez izanagatik ere, min eman zidan bere iritziak.

Bidea eman, eskua luzatu. Zorionez, bizipozez, eskubideen bidean eskua eman zidaten, ziguten. Diagnostikobako askok bideoari iruzkinak egin zizkioten eta bidegabekeria hura salatu zuten. Norbanakoak, indibiduoak, pertsonak... horiek ere. Eskubideak ezin dira bozkatu; horien aurka egitea litzateke hori. Unibertsalak dira eta jende guztiari aplikatu behar zaizkio, edozein jatorri, erlijio, identitate, azal-kolore, diagnostiko eta abar dugula ere. Orduan, eztarriko korapiloa askatu zitzaidan, arnasa sakon hartu eta hasperen egin ondoren lasaitasuna sentitu nuen. Bai, barealdia. Nik ez baitut sekula inoren eskubiderik zalantzan jarri eta hori norbere kontzientziarekin lasai egoteko modukoa da. Kontzientzia soziala, hori da gakoa! Ni-tik eta zu-tik, gu-ra. Adibide asko etorri zitzaizkidan burura halako batean.

Guretzat, guztiontzat. Ekainaren 28an harrotasunaren eguna ospatu genuen herrian; hantxe izan nintzen ni ere ostadarraren bandera astintzen eta kalejiran dantzari. Palestinaren aldeko hamaika manifestaziotan izan naiz dagoeneko, Israelek palestinarrak eta haien lurra zapaltzeari uzteko. Gure bizilaguna etxegabetuko zutenean, berdin, protesta egin genuen etxeko atarian. Adierazpena, identitatea, bakea eta babesa eta etxebizitza ez dira luxua, ezta pribilegioa ere. Nik beteak ditudan eskubideak aldarrikatzen ditut besteentzat. Gure eskubideak direlako, gureak, denonak. Barkamena eskatu zuen ondoren beste bideo batean eta erraz manipulatu gaitzaketela (desgaitasunak ditugun pertsona guztiak berdintsu, suposatzen dudanez) esan nahi zuela azaldu. Ez dakit hori barkamena edo beste eskubide urraketa bat ote den, beste behin, intolerantea, mespretxuzkoa eta kapazitista. Eskubideak, urtetan jende txiki askok leku txiki askotan aldarrikatuta eta borroka eta lan handiz erdietsitako lorpenak dira. Mundua denontzako lekua izan dadin ezinbestekoak, ez negozioa ez negoziagarriak. Haatik, nire iritzia emateko eskubidea dudanez, erabili egingo dut: egizu beti eskubideen alde, besteentzat ari zarenean zure buruarentzat ere ariko zarelako. Besteen aurka eginez gero, aldiz, kontran itzuliko zaizu berriz. •