GAUR8

Egunero erabiltzen ohi ditugun makinen zientzia Azkoitian, ‘Zientzia Kalean’ erakusketan

Egunerokoan erabiltzen edo kontsumitzen ditugun produktuen atzean dagoen zientzia azaltzen duen erakusketa egongo da ikusgai Azkoitian, hilaren 18tik 28ra. Herriko dendak eta ikastetxeak gehitu dira ekimenera.

Erakusketa iragartzen duen kartela, irudian.
Erakusketa iragartzen duen kartela, irudian. (EHU)

«Nola harrotzen da ogia? Zer dago barra kodeen atzean? Nola funtzionatzen du sukaldeko plaka batek? Gure egunerokotasunaren parte diren kontu hauei eta beste batzuei erantzuteko iritsiko da ‘Zientzia Kalean’ erakusketa», azaldu dute antolatzaileek. Hilaren 18tik 28ra egongo da ikusgai, zientziaren ezagutza jendartean zabaltzea helburu.

Era horretara, telefono mugikorren kodeen, autoen edota txertoen funtzionamendua erakutsiko dute panelek, eta ondoan, «oso ohikoak diren beste elementu eta jakiei buruzko informazio zientifikoa ere aurkituko dute erakusketara hurbiltzen direnek, hala nola ogia, jogurta, iturriko ura, garagardoa, zuhaitzen hostoak eta frutari buruzkoa» 

Azkoitiko Udalak eta EHUko Kultura Zientifikoko Katedrak antolatu dute ekimena. Formatu handiko 11 infografiak osatzen dute erakusketa, euskaraz, eta elizaren aurreko plazan egongo dira kokatuta.

Ikasgeletan eta dendetan

Ekimena ez da kaleko erakusketara mugatuko, herriko ikastetxeen eta dendarien parte hartzea izango baitu. Infografiak poster formatuan ipiniko dira dendetan Herrixen Azkoitiko Dendarien Elkartearekin elkarlanean antolatutako ekimenari esker.

Establezimendu bakoitzak bere produktuekin edo sektorearekin zerikusia duen posterra jarriko du: «okindegietan, esate baterako, ogiaren zientziari buruzko infografia ikusiko da».

Ikastetxeetan, gainera, hezkuntza jardueren parte izango da erakusketa. Ikasleek erantzun ahal izango duten galdetegia prestatu dute gaiaren harira, eta Udalak tablet bat zozketatuko du galdera guztiak erantzuten dituztenen artean.

Antolatzaileek gogoratu dutenez, «Zientzia Kalean Euskal Herriko Unibertsitatearen (EHU) Kultura Zientifikoko Katedraren eta Nafarroako Unibertsitateko Zientzia Museoaren egitasmoa da». Azken hilabeteotan erakusketa Beasainen, Ordizian edo Abaltzisketan egongo da, besteak beste.