GAUR8

AEBk baieztatu du Ukrainarako bake plan bat ari dela negoziatzen Errusiarekin

Ukrainako gerra amaitzeko bake plan «errealista» bat ari dira negoziatzen Errusiarekin Amerikako Estatu Batuak, baina Ukraina eta Europar Batasunaren parte hartzerik gabe. Kievek baieztatu du jaso duela lehen zirriborro bat eta negoziazioetan erabakitzeko ahalmena aldarrikatu du.

Volodimir Zelenski Ukrainako presidenteak ostegunean jaso zuen ofizialki AEBk eta Errusiak egindako bake plan berriaren lehen zirriborroa, eta datozen egunetan Donald Trump AEBko presidentearekin negoziatu ahal izatea espero du.

Ukrainak NBEn duen ordezkariak esan du plan hau negoziatzeko prest daudela, beti ere euren marra gorriak errespetatzen badira, besteak beste, Ukrainak Errusiak okupatuta duen edozein lurralde galtzea.

Baina ez dago argi zein punturaino gai den Ukraina uneotan bere posizioa aldarrikatzeko. Mendebaldearen arma eta diruarekiko erabateko menpekotasuna du, mantso baina etengabe ari dira lurraldea galtzen frontean, eta Zelenskyren irudia inoiz baino kaltetuago dago, haren inguruan eman den ustelkeria kasu berri bat dela-eta.

AEBko Gobernuko bozeramaileak dio, bi aldeekin ari direla erredaktatzen bake plan hori, baina errealitatea da soilik errusiarrekin ari direla negoziatzen, Gazarako bake plana, soilik Israelekin batera negoziatu zen bezala.

Momentuz zabaldu denaren arabera, 28 puntuko zirriborroak Kievi eskatzen dio NATOri uko egitea, gaur egun Errusiaren kontrolpean dauden lurraldeei uko egitea, Krimearen estatus errusiarra bere egitea, gaur egungo frontetik erretiratzea eta Ukrainako armada %50 baino gehiagoko murrizketa egitea. Edozein kasutan murrizketa hori gauzatuta ere, 500.000 soldadurekin Europako armada handienetakoa izaten jarraituko luke Ukrainarenak.

Errusiaren aurkako neurri gogorragoak eskatuz, haserre mintzatu da Kaja Kalllas EBko Kanpo Aferetako goi ordezkaria, bake plana arrakastatsua izateko Ukraina eta EB-ren parte hartzea bermatu behar dela berretsiz.