GAUR8

Gaur 41 urte hil zen Pablo González Euskalduna ontziolaren gatazkan

1984ko azaroaren 23an Bilboko Euskalduna ontziolako Pablo Gonzalez langilea hil zen. Ontziolan sartu eta Polizia Nazionalak metrailetekin benetako suarekin eraso egin zien protestan ari ziren langileei. Ihesaldian, Gonzalez bihotzekoaz jota zendu egin zen.

Urtero egiten zaio omenaldia Pablo Gonzalezi Deustuko zubian. Hemen, 2023koa.
Urtero egiten zaio omenaldia Pablo Gonzalezi Deustuko zubian. Hemen, 2023koa. (Monika DEL VALLE | FOKU)

Felipe Gonzalezen Gobernuak hasitako birmoldaketa industrialaren baitan Euskalduna ontziolako gatazka adierazgarrienetako bat izan zen, bai izan zuen iraupenagatik, bai bertako langileek borrokarekiko erakutsi zuten konpromisoagatik. Urtebete inguru iraun zuten langileen eta poliziaren arteko liskarrak; egunero bidaltzen zuen polizia Gonzalezen Gobernuak beraien lanpostuak mantentzea baino nahi ez zuten langileen aurka. Euskaldunaren borrokak mugarri bat ezarri zuen herri honen historia hurbilean.

1984ko azaroaren 23 hura izan zen Euskaldunako langileen protesten egunik gogorrena. «Euskaldunako langile bat bere fabrikako poliziaren hartualdian hil zen», «Beste bi zauritu larri, horietako bat balaz, eta 200 kolpatu», «Gobernu Zibilak FOPen profesionaltasuna eta diziplina goraipatu zituen», irakurri zitekeen ‘Egin’ egunkarian. 

Aurreko asteetan ohikoa bihurtu ziren Deustuko zubian langileen eta Polizia Nazionalaren arteko liskarrak, baina egun hura desberdina izan zen. Hiru egun lehenago, GALek Santi Brouard ezker abertzaleko buruzagia hil zuen eta, Euskal Herriko kaleetan egin ziren manifestazioekin, haserre zeuden poliziek. 

Beste egun batzuetan ez bezala, Poliziak benetako sua erabili zuen. Metraileta tiroen eraginez, zauritu larri bat izan zen. Horrela islatu zuen ‘Egin’-ek: «… langileetako bat itsasontzietako batean babestu zen (...) Itota eta buruan kolpe bat zuela, iritsi zen eta handik gutxira bihotzekoa izan zuen. Berehala, lankideek medikuari deitu eta langilea lekuz aldatu nahi izan zuten. Saiatu zirenean (…) Poliziak eragotzi egin zien hitz hauekin: 'Itsasontzitik ateratzen bazarete, denok hilko zaituztegu'».

Zendu zena Pablo Gonzalez Larrazabal zen, 14 urterekin hasi zena Euskaldunan aprendiz lanetan. 1984ko azaroaren 23an hil zen, 53 urte zituela.

Ez zuten inor epaitu... soilik hura islatu zuen kazetaria.