GAUR8

Julieta Venegas kantari mexikarrak 55 urte bete ditu gaur

Latinoamerikatik zehar burutzen ari den biran murgilduta harrapatu du bere 55 urtebetetzeak Julieta Venegas mexikar kantautorea. Tijuanaren eta Kaliforniaren arteko tex-mex mugan hazia,  herri musika latinoaren ahots unibertsalenetako bat da. Ahots goxoa, amodioari kantari gehienetan. 

Julieta venegas, 2007an Hernanin eman zuen kontzertuan.
Julieta venegas, 2007an Hernanin eman zuen kontzertuan. (Jon URBE | FOKU)

Abeslaria, konpositorea, multiinstrumentista, ekoizlea, aktorea eta aktibista, azken urteotan aldaketa dexente egin ditu Julieta Venegasek bere bizitzan eta bere musikan. Long Beach-en, Kalifornian, 1970ko azaroaren 24an jaio zen arren, Tijuanan hazi zen.

Gurasoak Julia Edith Percevault eta Jose Luis Venegas ditu, argazkilariak. Ahizpa bikia du, eta bost anai-arrebetatik bakarra da musika munduan dabilena. Piano, ahots, akordeoi eta biolontxelo ikasketak egin zituen Julieta txikiak. 

Nerabezarotik hasi zen bere kantu propioak konposatzen, oso estilo pertsonalarekin, eta nahiz eta bere musikan eragin oso markaturik ez entzun, Julietari Suzanne Vega, David Bowie, Prince eta Charly Garcia entzutea gustatzen zitzaion.

Ska eta reggae lantzen zuen Tijuana No! taldearekin eman zituen lehen urratsak –‘Pobre de ti’ berea da, taldearen kantarik ezagunena– eta 22 urte betetzear zegoela, Mexiko Hirira jo zuen aukera berrien bila. Jorge Fratta, Café Tacvba eta beste musikari batzuk ezagutu zituen, eta haiek lagundu zioten bere proposamena erakusten.

1996an, BMGrekin sinatu zuen, eta, hala, bakarlari gisa lehen diskoa grabatzeari ekin zion, 1997an argitaratutako ‘Aquí’ izenburupean. Hala ere, geroago Latinoamerikan eta Europan ospetsu egingo zuen albuma ‘Sí’ (2003) izango zen, eta hortik dator ‘Andar conmigo’ ospetsua.

2006an, ‘Limón y Sal’ (2006) iritsi zen, Sony & BMG zigiluarekin. Amerikaz gain, Europa eta Asia konkistatu zituen. Akordeoiak ezaugarri bereizgarria eman zion.

Egun, bere azken lanarekin ari da Latinoamerikan zehar. Halere, gurean askotan izan da. 2022an elkarrizketatu zuen Iñaki Zaratiegik NAIZentzat. Amodioari kantatu dion arren, beste mota bateko gai sozialak uztartu ditu emakume honek: «‘Caminar sola’ abestia egin nuen, gauez ibiltzeko beldurrarekin zerikusia duelako. Edonon gerta daiteke. Baina Mexikon are bereziagoa da, eta batez ere emakumeentzat. DF-ra joan nintzenean eta emakume batzuekin elkartu ondoren gauez etxera itzuli eta ‘sentsazio hau jada ezagutzen nuen…’ sentitu nuen». 

... eta Huntza taldearen ‘17:21’ abestian entzun daiteke bere ahotsa.