GAUR8

Britainia Handiko soldaduek Kenian egindako erasoak salatu ditu txosten ofizial batek

Bortxaketak, erasoak eta haurrak abandonatzea aipatzen ditu txostenak. Zehazki, Keniako parlamentuko ikerketa mahai batek azaleratu du arazoaren dimentsioa eta keniatarrentzat militarrak mehatxua direla.

Britainia Handiko soldaduek Kenian egiten dituzten maniobra militarretan mota guztietako erasoak egiten dituztela salatu du txosten ofizial batek. Bortxaketak, erasoak eta haurrak abandonatzea aipatzen ditu herrialde afrikarreko parlamentuko ikerketa mahai baten txostenak.

Nazioarteko maniobra militarretan soldadu britainiarren jarrera ez dela onargarria dio Keniako parlamentuko txostenak. Sexu erasoak ez ezik, utzikeriagatik ingurugiroari kalte atzeraezina egiten dietela eta herrialdearen garapenerako mesede baino, indar okupatzaile moduan kaltegarria dela euren presentzia.

Kenia 1920 eta 1963 urteen artean Britainia Handiaren kolonia izan zen. Azaroaren 25ean egin zuen ondorioen txostena publiko Keniako parlamentuak eta bertan egin diren salaketek inpunitaterik ez izateko eskatu diote Londresi.

Testigantzak jasotzen ditu txostenak eta haietan bortxaketak, sexu erasoak edota emakume hauek haurdun utzi eta abandonatzea egozten diete. Salaketak jarri bai, baina bertako autoritateek artxibatu egiten dituztela diote, edota ez direla epaitegietara iristen.

2012ko muturreko kasu bat dakar txostenak. Agnes Wanjiru izeneko 21 urteko ama bat biluzik, labankadekin eta hilik topatu zuten gorotzez betetako zulo batean. Azkenekoz soldatu britainiarrek ikusi zuten eta Robert Purkiss izeneko soldadua atxilotu zuten iazko azaroan Londresen, Keniatik jarritako salaketak medio. Orain, estraditatzeko eskariari egin behar dio aurre.

Muturreko kasua da, baina Keniako parlamentuak dio sistematikoak direla erasoak eta inpunitatea. Soldaduen erantzukizuna exijitu eta abandonatu dituzten haurren kargu egiteko eskatu diete.

1964an akordioa egin zuten bi herrialdeek eta urtero lur pribatuetan sei egonaldi egiten dituzte militarrek, praktikak egiteko. Horrelako erasoen aurrean inpunitaterik ez dutela edukiko dio Gobernu keniarrak.