
2016an joan zitzaigun Imanol Urbieta musikari zarauztarra, 83 urte zituenean «ranroberra martxan utzita», GARAn irakurri ahal izan genuen bezala. Sei urte lehenago, Durangoko Azokak omendu nahi izan zuen Argizaiola sariarekin euskal umeak kantuan jarri zituen musikaria.
Ekitaldi polita izan zen oso. Ordurako gaixorik zegoen Imanol Urbieta eta senitarteko, lagun, ikasle eta irakasleek kantuan eta dantzan eskertu zioten egindako ekarpena. «Eskerrik asko» izan zen Durangoko San Agustin kultur gunean gehien entzundako hitz bikotea.
Eskerrak Imanol Urbietari, berak egindako lanari esker, hainbat eta hainbat jenderi biziarazi dizkion mementuengatik, irakurri dezakegu hurrengo egunean argitaratutako kronikan. Eta eskerrak eman zituen berak ere: «Maitatua sentitu naiz», esan zuen hunkituta. «Adin honekin, lagunartean egotea gure osasunarentzat zoragarria da», gaineratu zuen.
‘Ikusi-makusi’ jolasarekin hasi eta ‘Txiki-txikia’ kantua abestu zuten denek, baita olatua egin ere. «Zure lanekin hazitako ume bat naiz. Orain, lau haurren ama eta irakaslea, eta gure geletan egunero presente zaitugu», esan zion batek. «Kantuan kontzeptu asko irakatsi daitezkeela ikasi dut», beste batek. «Andereño guztiak beti prest egoten ginen Imanolek esaten zuena egiteko. Lurrera bazen, lurrera. Gitarra hartu behar bada, hartu gitarra».
Imanol Urbieta, frankismoa artean indarrean zegoela ikastola eta eskoletan euskal umeak kantuan jarri zituen musikaria izan zen. Azken urteak gaixorik igaro bazituen ere, kanta berriak egiten jarraitzen zuen, musika berarentzat arnasbidea zelako edo mendekotasuna. Eta urte guzti hauetan zenbat belaunaldi ez ote dituen kantuan jarri!

