
Bi toki identifikatu behar dira egunero, eta horietako bat Euskal Herrikoa izango da beti. Tagzania du izena CodeSyntax-ek proposatzen duen joko berriak, gertutasunaren eta azkartasunaren arabera puntuak emango dituena. Irudi sorta batek erakutsiko ditu tokiak, eta gakoa da mapa batean kokapena asmatzea da.
Pasa den martxoan kaleratu zuten lehen bertsio bat. Bi egunetan 10.000 erabiltzailetara heldu zirela jakinarazi dute. Hala ere, etenaldi bat egin behar izan zuten. «Tamalez, erabilpen karga horrek arazoak sortu zizkigun eta birplanteamendu bat egiteko eten bat behartu genuen», azaldu dute sortzaileek.
Zehaztu dutenez, «garapen berriekin» itzultzen da jokoa, «Googleren zerbitzuekiko (Street View eta Google Maps) morrontza gainetik kenduta, eta horien ordez baliabide libreak integratuz app-ean: Wikipediako irudiak (zehazki Wikimedia Commons biltegikoak, kasu bakoitzean egileari aitortza eginez), eta OpenStreetMap-eko kartografia, euskarazko mapekin».
Bertsio berrian, gainera aukera gehigarria du jokoak. Izan ere, «beren toki propioak proposatu ditzakete» jokalariek. «Argazkiak ‘in situ’ egin daitezke aplikazioaren bidez irudi geo-kokatuak erabiliz, eta onartutako tokien estatistikak ere jasoko dituzte ekarpenak egiten dituztenek: zenbat ikuskapen dituen zure tokiak, eta asmatze estatistikak», aurreratu dute CodeSyntax-etik.
Gogoratu dutenez, urteak dituen marka da Tagzania, 2005ean jarri baitzen martxan. Milaka erabiltzaile izateaz gain, zenbait hizkuntzatan izan zituen bertsioak Tagzaniak. «Baina Google Maps zerbitzuak, beste ‘mashup’ batzuen kasuan bezala, bere gain hartu zituen beste batzuek egindako funtzionalitateak eta, are gehiago, Internet mugikorraren garapenak webgunearen erabilgarritasuna gutxitu zuen. Azkenean, 2020an itxi genuen Tagzania hura... Orain beste kontzeptu eta zerbitzu batekin berpiztu dugu izena ordea», azaldu dute sortzaileek.
iOs eta Andoid-erako prest dago Tagzania berritua, eta webgunean dago eskuragarri.

