GAUR8

Gazako su etena kolokan dagoela ohartarazi du Hamasek

Israel egunero ari da su etena urratu eta gazatarrak hiltzen. Izatez, bigarren fase bateko negoziaketak martxan jartzeko garaia da, baina egoera honetan hori ezinezkoa dela dio erakunde palestinarrak.

Su etena urratzen ari da egunerokotasunean Israel. Duela 60 egun sartu zen indarrean eta ordutik 377 palestinar hil ditu Estatu sionistak. Akordioko puntuak bete ezean, bigarren faseko elkarrizketak ezin direla abiatu uste du Hamasek.

Bitartekari diren AEB eta beste zenbait Estatuk lehen faseko puntu guztiak betetzen direla bermatu behar dutela uste du. Hilketaz gain, operazio militarrak eta laguntza humanitarioaren blokeoa eguneroko ogi baitira.

Israelgo Estatu Nagusiko teniente generalak esan du Gazan jarritako marra horia muga berria dela, alegia, ez dutela hortik atzera egiteko asmorik. Marra horitik kanpo Gazako lurraldearen erdia du okupatuta Israelek.

Azken asteotan Egiptotik Palestinara giza laguntza sartzeko Rafahko pasabidea askotan itxi egiten dutela ohartarazi du Hamasek. Muga horitik kanpo eta israelgo militarrek okupatutako eremuan etxebizitzak eraisten jarraitzen dutela.

Bigarren fase batean muga horitik muga gorrira pasa beharko litzateke, atzera egin beharko lukete tropek. Momentuz, ordea, lehen fasekoa ez dute bete segurtasunaren izenean.

Israelek azken egunetan Rafahko pasabidea guztiz zabalduko duela iragarri izan du, baina ez laguntza sartzeko, baizik eta gazatarrak Egiptora alde egin eta garbiketa etnikoarekin jarraitzeko.