
92 urte betetzear zegoela –hilabete bat baino ez zitzaion falta– zendu zen 2012ko abenduaren 11ean Ravi Shankar, seguruenik mundu osoan ospe handiena izan duen instrumentista hindua. Norah Jones abeslari estatubatuarraren eta Anoushka Shankar sitaristaren aita zen artista karismatiko hau.
The Beatlesekin izan zuen harremanari esker, 1960. hamarkadatik aurrera nazioarteko gazteen artean ezaguna egin zen Ravi Shankar. Ordurako, dena den, Indian ospetsua zen. Hemen BBCk egin zion elkarrizketa bat.
Lan aitzindaria egin zuen Indiako musika Mendebaldera hurbilduz, baina aurretik urte luzeak eman zituen ikasten Baba Allaudin Khan maisuaren gidaritzapean. Beti bere garaiari aurrea hartuta, Shankarrek hiru kontzertu idatzi zituen sitar eta orkestrarako, azkena 2008an.
Yehudi Menuhinentzat, Jean Pierre Rampal flautaren birtuosoarentzat, Hosan Yamamotorentzat eta Musumi Miyashitarentzat biolin-sitar konposizioak sortu zituen. Phillip Glassekin kolaboratu zuen, eta George Harrisonek bi album ekoitzi zizkion.
Indian, Kanadan, Europan eta AEBetan ballet klasikoetarako eta zinemarako konposatu zuen. 60ko hamarkadaren erdi aldera hiru kontzertu gogoangarri eman zituen: Montereyko pop jaialdia, Bangladesherako kontzertua, eta The Woodstock.
Pablo Cabeza musika espezialistarentzat, George Harrisonek eta Ravi Shankarrek 1971n antolatutako ‘The Concert for Bangladesh’ kontzertuan grabatutako diskoak «historiako disko transzendenteenetako bat izaten amaitu zuen».

