Europako Banku Zentralak izoztu dituen Errusiako funtsetatik 90.000 milioi euroko interesik gabeko mailegua eman nahi diote Europar Batasuneko Estatu kide gehienek Ukrainari 2026tik 2027ra. Izan ere, Kiev kaudimen ekonomikorik gabe gelditzeko arriskua oso erreala da uneotan, eta mailegu horrekin Ukrainak aldi horretarako behar dituen 136.000 milioien ia bi heren estaliko lirateke. Proposamenaren sustatzaileek diote Kievek itzuliko lukeela diru hori Errusiak gerragatiko kalte ordaina ordaintzea onartzen badu gerraren ostean.
Oztopo nagusia ostegun gauean Belgikako gobernuak aukera horri jarritako betoa izan zen. Belgiar enpresek gordetzen dute errusiari izoztutako 210.000 milioi euroen zatirik handiena, eta beldur dira erabakiak izan ditzakeen ondorio juridikoez. Era berean epe luzera sor dezakeen mesfidantzaz ere ohartarazi dute Belgikatik, Txinan besteak beste, bere aktiboak beste banku batzuetara eramateko aukera aztertzen arii baita, Errusiako funts horiek mobilizatuko balira. Belgikarekin batera, Maltak, Italiak, Hungariak eta Txekiar Errepublikak ere euren kontrakotasuna agertu dute, baina arrazoi ezberdinei tiraka.
Belgikak bestelako aukera bat defendatzen du Ukraina finantzatzeko: eurobonoak jaurtitzea, alegia, EB-k zor publikoa erabil dezala. Aukera hori ordea, zuzenean baztertu dute EBko estatu zorpetuenek, tartean Alemaniak edota Frantzia eta Espainiako Estatuek.
Gauzak horrelak, Bart de Weber Belgikako lehen ministroa konbentzitzeko saiakeran ibili dira EBko bazkideak eta baita, Volodimir Zelensky Ukrainako presidentea bera ere. Goi bilkura hasi aurretik, De Weverrekin bilera pribatua egin zuen Zelenskyk haren zalantzak uxatzeko helburuz. Arrisku juridikoa partekatua izango dela azaldu zion Ukrainako presidenteak, eta Belgikarekin lerratuta izango direla uneoro.
Bilkuraren osteko prentsaurrekoan, Zelenskyk errusiar funts horiek Ukrainari ematea funtsezkoa dela azaldu zuen, Ukrainak Europa defendatzen jarrai dezan. Badirudi Belgikaren jarrera leundu zutela EBko bazkideek, baina osteguneko kontseiluaren bilera aamaitu orduko, ez zuen argi berderik eman Belgikak.

«Arlo ekologikoan gauza batzuk oso azkar, anbizioz eta eskala handian egin behar dira»

Gatza duen mendia

«Bost bat minutu egin nituen buruz behera, itsasoko ura tragatzen, badakit zer den hiltzea»

Maitane Azurmendi, mundua oihuka marrazten
