
Peio Guerrak aipatzen duen legez, bizitza gorabeheratsua izan zuen Tomas Zumalakarregi Imatzek (Ormaiztegi, 1788ko abenduaren 29a – Zegama, 1835eko ekainaren 24a). Bere heriotzatik 200 urte bete daitezen hamarkada bat geratzen denean, korronte politiko kontrajarriek erreibindikatutako pertsonaia historikoa izaten jarraitzen du: absolutista atzerakoia batzuentzat, monarkiko klerikala beste batzuentzat edo euskal askatasunen heroia abertzale batzuentzat. Baina nor izan zen, benetan, Tomas Zumakalarregi?
Lehen Karlistaldian jeneral garrantzitsua izatera iritsi zen Tomas Zumalakarregiren jaiotetxean kokatzen da Zumalakarregi Museoa. Museo berak eginiko biografia laburrean, hauxe dio: Ormaiztegin jaio zen 1788ko abenduaren 29an Tomas Zumalakarregi. Idiazabalgo eskribaua zuen aita, eta haren bidetik jarraitu nahi izan zuenez eskribau‑ikasketak egin zituen.
Iruñean ikasten ari zen Napoleonen inbasioak bere etorkizuna aldatu zuenean: Jauregi ‘Artzaia’ren gerrillarekin bat egin zuen 1812an eta gerran izan zuen parte hartzeak San Martzialgo guduan jo zuen gailurra, eta kondekoratu egin zuten gudu haren ondoren.
Gerra bukatzean kapitain maila zuen, eta karrera militarrarekin jarraitzea erabaki zuen. Hainbat lekutan ibili zen jardunean, harik eta 1820ko iraultza gertatu zenean agintetik kendu zuten arte, miliziako sektore kontserbatzaileenen aldekoa zelako.
1822an matxinatu errealistekin bat egin zuen, Genaro Quesada altxamenduak Nafarroan zuen arduradunaren aginduetara. Hurrengo urtean Nafarroako Boluntario Errealisten batailoia antolatzeaz arduratu zen, batzorde militarrean liberalen aurkako errepresioan parte hartzen zuen bitartean.
Karrera militarrarekin jarraitu zuen, eta Huescan, Toledon, Sorian, Zaragozan eta Madrilen ibili zen lanean. 1832an Ferrolgo gobernadore militar izendatu zuten.
Calomarderen gobernu kontserbadorea boteretik kendu zuen altxamendu absolutistan ez zuen oso jarrera garbia izan, eta auzitegi militarrean erantzun behar izan zuen horregatik. Azkenean errugabetu egin zuten arren, Fernando VII.aren erregealdiko azken urtean agintetik baztertu egin zuten.
Iruñean erretiratzeko eskatu zuen, eta hantxe zen Fernando VII.a hil eta Don Karlosen jarraitzaileak matxinatu zirenean. Urrian matxinatuekin bat egin eta haien buruzagi bihurtu zen, Nafarroan aurrena eta Euskal Herri osoan handik gutxira. Antolakuntzarako dohain handiak erakutsi zituen, hilabete gutxiren buruan hor zehar sakabanatutako gerrilla‑taldeak elkartu eta Espainiako tropa onenei aurre egiteko gai zen armada eraginkorra antolatu baitzuen.
Gerrilla‑taktikak erabili zituen Isabel II.aren alde ziharduten jeneral entzutetsuenekin borrokatzeko. Urtebeteko epean Espainiako armadako militar gorenak menderatu zituen: Rodil, Espartero, Carondelet, O’Doyle, Córdova, Espoz y Mina eta Valdés.
Karlistek Deskargan Espartero menderatu eta Ordizia hartu ondoren, tropa liberalak hiriburuetan babestu ziren, eta gainerako euskal lurraldeak karlisten esku gelditu ziren ia oso osorik.
Ekainean Bilbo menderatzen ahalegintzeko agindu zuen Erregegaiak. Setioa hastean belaunean zauritu zuten Zumalakarregi, eta sendatzeko Zegamara eramateko eskatu zuen. Zaindu zuten medikuek ez zuten uste zauria larria zenik, baina handik bederatzi egunera hil egin zen zauri haren ondorioz.

«Ez dugu zuriekiko aldea txikituko eskolak gure hizkuntzan izan arte»

Kantina eraberritua, elikaduratik komunitatea egin eta goxatzeko

Dena gaixotasuna denean: medikalizazioaren arrisku isila

«Bizitzen ari garen garai hauek kristoren ‘mala ostia’ sortzen didate»
