GAUR8

Arabako eta Bizkaiko diputazioen arteko hitzarmena eskatu du Laudiok, gizarte arreta indartzeko

Laudioko Udalbatzak gizarte arreta hobetzeko lankidetza hitzarmena sinatu dezatela eskatu die Arabako eta Bizkaiko foru aldundiei, Aiaraldea eskualdeak duen kokapen geografikoa kontuan hartuta. Gaur egun Gasteizera joan behar dute desgaitasuna edo buruko osasuna duten auzokide askok. 

Udalbatzak aho batez onartu du aldundi biei egindako eskaera.
Udalbatzak aho batez onartu du aldundi biei egindako eskaera. (Juanan RUIZ | FOKU)

Laudioko Udalbatzak onartutako mozio batek Arabako eta Bizkaiko aldundien arteko lankidetza eskatu du, gizarte arreta indartzera begira. Udal Gobernuak azaldu du ohar batean, gaur egun laguntza duen etxebizitza bakarra dagoela Laudion, eta eskaintzen duen arretak okupazio maila altua daukala. 

Eskualdean, gainera, ez dago eguneko zentrorik, eta «ondorioz, adimen-urritasuna duten Arabako pertsona askok Gasteizera joan behar izaten dute behar duten arreta jasotzeko».

Azken udal osoko bilkuran, mozioa aurkeztu zuen EH Bilduk kasu zehatz baten inguruan. Egun horretan bertan gaiaren inguruko mozio bat aurkeztu zuten oposizioko hiru alderdiek, «erantzun orokorrago» bat eskatuz. 

«Gaiaren garrantzia kontuan hartuta», bat egin zuten lau alderdiek, bi diputazioen arteko lankidetza-hitzarmena eskatzeko, Aiaraldearen lurralde-berezitasuna aintzat hartuz.

«Hitzarmen horren bidez, adineko pertsonen, desgaitasuna duten pertsonen, buruko gaixotasuna duten pertsonen eta autismoaren espektroko nahasmendua duten pertsonen arloko gizarte-arretako zerbitzuak modu partekatuan eta lankidetzan antolatzea proposatzen da», adierazi du Udalak.

Honelako hitzarmen bat «funtsezkotzat jotzen da eskualdean bizi diren pertsona guztiei hurbileko, berdintasunezko eta kalitatezko arreta bermatzeko, administrazio mugen gainetik, eta gaur egun dauden desorekak zein behartutako joan-etorriak saihesteko», berretsi du Carmen Altuna zinegotziak.

Azpimarratu duenez, «eskaera honen bidez, eskualdeko herritar arabarrek gertuen dituzten baliabideak erabili ahal izatea bilatzen da, bizkaitar lurraldeetan kokatu arren, baita Bizkaiko udalerrietan bizi diren pertsonek ere Aiaraldean kokatutako baliabideetan arreta jaso ahal izatea».