Nerea Goti
Kazetaria

Ipuin bat sortu du La Arboleda Eskolak, Gazako familia bat herrira ekartzeko

La Arboleda Eskolan, Tabassi familia palestinarra protagonista duen «Islam eta tigrea» ipuina sortu dute. Gazan bizi diren lagunekin egindako bideodeietan jaio zen istorioa, eta amaiera zoriontsu bat eman nahi diote, aita gaixorik duen familia Euskal Herrira ekarriz.

Meatzaritzarekin estuki lotutako iragana duen Zugaztietan, hirigune ondoko muinean, leihotik itsasoa erakusten duen eskola txiki bat dago. 23 ikasle ditu, Bizkaiko eskola txikien sareko txikiena da. Eskola txikietan ohikoa den moduan, adin ezberdinetako haurrak elkarrekin egoten dira gelan. Bakoitzari dagokion mailaren araberako ezagutzak jasotzen ditu haur bakoitzak, eta espazioa partekatzen dute guztiek, elkarri laguntzen diote. Horrela eraikitzen dira herri txikietan haurren arteko harremanak, eta zer ez ote da ikasten ondokoari laguntzen. Horretan datza eskola txikien magia. Akaso magia horrek bultzatuta heldu dira ilusioz bete dituen eta proiekzio zabalagoa hartu duen proiektu kolektibo batera La Arboleda Eskolan, komunitate osoaren babesa duen erronka solidario batera. Eta imajinatzen ez zuten elkartasun olatua altxatu dute.

Ekimenaren erdigunean, Tabassi familia palestinarra dago. Azken hilabeteetan, Zugaztietako ikasleak harremanetan daude haiekin. Sarritan hitz egiten dute bideodei bidez elkarrekin. Gazan bizi duten egoeraz galdetzen diete zuzenean, haurren hitzekin eta ingelesez dakien andereñoaren laguntzarekin.

Gazako Khan Yunis kanpalekuan bizi dira Tabassi familiako sei kideak, gurasoak eta lau seme-alaba. Aita, gaixorik dago. Islam seme txikiaren kontakizunean oinarrituta, ipuin bat sortu dute Zugaztietako ikasleek: “Islam eta tigrea”. Gelan idatzi dute ipuina, bakoitzak bere alea jarriz. Lana argitaratu eta erronka solidarioa jarri dute abian, ipuinaren salmentaren bitartez dirua biltzeko. Tabassi familiako kideak Euskal Herrira ekartzea da erronka, Zugaztietara, hain zuzen.

Istorioaren nondik norakoak ezagutzeko asmoz jo du GAUR8k Bizkaiko eskola txikienaren atea, eta bertako zuzendaria eta taldeko tutorea den Bea Berzosak egin digu harrera ikasle taldearekin, esperientzia kontatzeko prest. Gelan, solastatzeko txoko eroso batean eseri dira korroan Lier, Maren, Melany, Samara, Igor... Ondoko lagunaren berbak zapaldu barik, azaleratzen joan dira Palestinak bizi duen egoeraren inguruko hainbat gogoeta, tabassitarrekin izandako solasaldien oroitzapenak, proiektua garatzeko bizitzen ari diren esperientziari buruzko azalpenak. Hunkituta daude aurrez aurre duten erronkarekin, Islam eta familiaren peluxezko tigrea ezagutzeko gogoz. Hizkuntza-zailtasunen gainetik, harreman berezia sortu da milaka kilometroko distantziak banatutako haurren artean. Irakaslearen hitz hauek azal dezakete sortutako konplizitatea: «irribarre batek kontinenteak eta ozeanoak zeharka ditzake».

Zaldiak lehen aldiz ikustea

Ikasleek eurek aurkeztu dituzte istorioaren protagonistak. «Islam ­–kontatu dutenez– benetako pertsona bat da; 3 urteko umea. Errefuxiatuak dira eta kanpaleku batean bizi da Islam, gurasoekin eta beste hiru neba-arrebarekin; Sally da ama, Ahmed aita eta Islam bera, Talaa, Mohamed eta Salah dira umeak». Taline, arreba txikia, galdu zuten duela ez asko. «Israeldarren tanke bat sartu zen kanpalekuan, Taline harrapatu eta hil egin zuen», azaldu dute. «Familia eskola honetara ekarri nahi dugu», diote irmo. Segituan azaldu dute horretarako arrazoi ugari daudela, tartean, «bihotzeko gaixotasun bat» daukala aitak, eta «ebakuntza egin behar» diotela hemengo ospitale batean. «Andereño Bea egiten ari da izapideak», diote gelan.

La Arboleda Eskolako ikasleak, sortu duten ipuinarekin eta Palestinari buruz egin dituzten kartelekin. (Marisol RAMIREZ / FOKU)

Berzosak berretsi du «hau benetako familia baten kontakizuna» dela, «Sally eta Ahmeden familiarena», eta azaldu du duela hilabete batzuk hasitako harremana nola joan den hazten: «Gazako Khan Yuniseko errefuxiatuen kanpalekuan bizi dira. Duela zortzi hilabete inguru hasi nintzen harremanetan haiekin, eta harreman hori gero eta sakonagoa bihurtu da. Irailean, oporretatik bueltan, umeak galdezka hasi ziren berriro Palestinari buruz, ontzidi berria Gazarantz abiatu zela, ‘ikusi dituzu barkuak andereño?’... Aurreko ikasturtean jada landu genuen gaia lehen ontzidiaren bidaian. Gainera, Bartzelonan egon nintzen eta azken ontzidiaren irteera ikusi nuen. Egoera ikusita, aurretik Sallyrekin hitz egin ondoren, ikasleei Tabassi familiaren inguruan hitz egin nien».

«Gu hemen mendi-puntan egonda eta eurak 4.000 kilometrora, bat-batean elkarrekin lotura nola sor genezakeen ikusi genuen, nahiz eta hizkuntza bera ez hitz egin. Gure ikasle batek esan bezala, ‘gorputz hizkuntzarekin’. Bakarrik irribarre horiek ikusita, zeozer lortzen ari ginela pentsatu genuen», azaldu du Berzosak.

Une hartan sortutako kimika Sallyk ere sumatu zuen. Berzosari bidalitako mezu batean kontatu zion seme-alabentzako «kristoren ilusio izpia» izan zela beste haur batzuekin komunikatu ahal izatea. Egun batzuetara, eskolan egin ohi dituzten mendi irteeretako batean bururatu zitzaien Gazara berriz deitzea. Bideodei horri esker ikusi zituen Islamek zaldiak lehen aldiz. «Etxetik irten beharra izan zutenean, urtebete eskas zeukan Islamek. Berak ez du ez parkerik, ez eskolarik ezagutu; gauza arrunt asko ez ditu ezagutu. Dei hartan, Islam denbora osoan peluxezko tigre bat eskuetan zegoen, gure umeei keinuka... Amak esan zidan geroago guztiz tematuta zegoela tigrea erakustearekin».

Pasadizo horren ostean, peluxezko tigreak ipuinaren protagonistetako bat bilakatzen amaitu zuen; gainera, tigrea Salah anai nagusiarena zen, beraz, iragan luzea zuen atzean. Peluxezko panpina asko haurren konfidentzietarako lagun izaten direla-eta, harreman horretan aurkitu zuten ipuinaren istorioa josteko haria. Tigrea 16 urte dituen Salahrena bazen, bestelako bizimodu bat ezagutuko zuen genozidioaren aurretik. «Islamek ez du besterik ezagutzeko aukerarik izan, kanpalekuan eman du ia bizitza osoa, baina tigreak ezagutu zituen familiaren bi solairuko etxea, lorategia, palmondoa, arrosondoa... Tigreak hori guztia kontatu ahal dio Islami».

Bea Berzosa Antoñana, eskolako zuzendaria. (Marisol RAMIREZ / FOKU)

Ideia bota zuen Bea Berzosak gelan, Islam eta tigrearen arteko harremana nolakoa izan zitekeen irudikatzeko, munduari kontatzeko Islam eta tigrea nor diren eta nola bizi diren. «Egin genuen lehen jausia ume bakoitzak norberaren sentimenduak islatzea izan zen, zer kontatu nahi zuen adieraztea. Zertarako nahi zuen ‘Islam eta tigrea’ sortu eta zer kontatu nahi genion munduari esatea». Haurrek, Palestinarentzat nahi duten bakea marraztu dute. «Liburua amaitu nuenean nik jarri nuen itsasontziak heldu zirela eta tigreak orro egin zuela zoriontsu zegoelako», kontatu du ikasle batek. Berzosak «kristoren ideiak» bota zituztela azpimarratu du: «Jo eta fuego, guztiz motibatuta hasi ziren lanean haurrak. Gurea oso eskola txikia izanik, nahastuta daude lehen mailatik, bakoitzak bere unea dauka, prozesuak eta erritmoak ezberdinak dira, baina laguntza gehiagorekin edo gutxiagorekin, lanean aritu ziren haur guztiak, gogotsu».

Gertatutakoa ikusita, Berzosak pentsatu zuen benetako ipuina osa zitekeela ideia horiekin guztiekin. Irudiak baino ez ziren falta, baina denboraz estu zebiltzan, Zugaztietako azokan aurkeztu nahi zutelako ipuina. Ezin aproposagotzat zuten plaza hori ipuina ezagutarazteko. Herrian, gainera, oso harrera ona jaso du eskolaren ekimenak.

Testuak dagoeneko sortuta izanik, adimen artifizialera jo zuten azken urratsa egiteko, curriculumak digitalizazioa lantzeko egiten duen apustuan oinarrituta. «Denbora piloa eman genuen adimen artifizialari nolako irudiak nahi genituen esanez, nolakoak izan behar ziren zehazten, benetako argazkiak erabiliz... Azkenean, lortu genuen sortu nahi genuena islatzea. Ipuina euskaraz eta gaztelaniaz argitaratzea erabaki genuen, nahi genuelako proiektua Euskal Herritik kanpo ere ahalik eta urrunen heltzea», gogoratu du irakasleak. «Gure helburua zen ahalik eta jende gehienak jartzea aurpegia benetako egoera bati, errealitatean gertatzen ari zenari».

Alabaren hilketa gupidagabea

Genozidioak gordintasun osoarekin zer esan nahi duen  erakusten du Tabassi familiaren istorioak. «Hasieratik daude etxetik kanpo, Khan Yuniseko kanpalekuan. Etxetik irten zirenean bost seme-alaba zituzten. Taline 4 urteko alaba galdu zuten. Sally, ama, idazlea da, idazle bikaina; oso modu gordinean baina gizatasunez beterik idazten du», azaldu du Berzosak. Taline alabaren heriotza gogoratu du, gertatutakoa berriz ikusten egongo balitz bezala: «Anabasaren erdian, senarrak bi haur hartu zituen, eta, nik, gainontzeko haurrak; berriro elkartzea lortu genuenean, baina, konturatu ginen Taline falta zela; Taline tanke batek zapaldutako dendaren barruan geratu zen. Ezin izan genion agurrik eman, eta ez dugu nora bisitatzera joan ere nostalgiak hartzen gaituenean».

Talineren heriotza izugarrizko kolpea izan zen familiarentzat. «Gau askotan arrebaz galdetzen dit Islamek, eta ez dakit zer erantzun», idatzi zuen Sallyk. Hausnarketa hori erabili dute gelan gaia lantzeko, eta gelan bertan sortu zen gogoeta bat izan zen «ipuin guztiek» ez dutela «amaiera zoriontsua». Istorio horri bestelako amaiera bat eman nahi diote Zugaztietako La Arboleda Eskolako kideek, familiak bizi duen amesgaiztoari «amaiera polita» eman nahi diote.

Tabassitarren aldeko ekimenak bi bide ditu. Alde batetik, baliabide ekonomikoak biltzen ari dira ipuinaren salmentaren bidez. Bestetik, familiako sei kideak Euskal Herrira ekartzeko dauden harresi politikoak eta burokratikoak gainditu behar dira. Ahalegin horretan buru-belarri dabil Bea Berzosa.

Araurik ez denean

Aitak daukan gaixotasun larria da Gazatik ateratzeko arrazoi nagusia. Bihotzekoa izan zuen, eta bestelako eritasunak ere baditu; ebakuntza baten zain dago, eta modu urgentean jaso behar du arreta. Aitaren osasun arazoek are larriago egiten dute jada egunerokoan familiak bizi duen muturreko egoera: hotza, euriteak, elikagai falta... Gerriraino heldu zaie ura duela gutxi. Kanpin-denda berria erosi ahal izan dute Zugaztietatik bidalitako laguntzarekin, baina jartzeko leku altu bat bilatzen ari direla kontatu diote Bea Berzosari, ia ezinezkoa dena jendez pilatutako gune batean.

Eskolako haur bat, Berangoko eskolatik heldutako mezu bat erakusten. (Marisol RAMIREZ / FOKU)

«Etortzeko bete beharreko pauso guztiak bete dituzte dagoeneko Gazan, eta guk geuk ere bete ditugu hemen bete beharrekoak, baina zain gaude», dio Berzosak, eta azpimarratu du eginda dituztela ebakuazioa eskatzeko urrats guztiak. UNRWAra idatzi du, Madrilen dagoen Palestinako enbaxadara, Estatu espainoleko Kanpo Ministeriora... Berez, familiak Palestinako Osasun Ministerioaren agiria dauka, non ziurtatzen den atzerrira ateratzeko beharra dutela, aitari ebakuntza egin diezaioten. UNRWAk zehazten dituen zazpi pauso bete behar dira palestinarrek herrialdetik ateratzeko aukera izan dezaten. Estatu batek, kasu honetan Estatu espainolak, egin behar dio orain eskaera zuzena Osasunaren Mundu Erakundeari. Bitartean, asteek aurrera egiten dute, eta familiak baldintza jasanezinetan jarraitzen du.

Duela hiru aste alde egiteko eguna finkatuta zegoela jakinarazi zioten Tabassi familiari, baina egun batzuetara zerrendak berriro aldatu eta irteera datarik gabe atzeratu zen. «Kolpe handia izan zen, esperantza piztu  eta gero, bat-batean gauzak aldatu direla eta bertan jarraitu behar duzula esaten dizute. Eta bertakoa ez da bizitza, bertakoa biziraupen hutsa da», dio Berzosak egoeraren hauskortasuna nabarmenduz. Gerra baten eta genozidio baten arteko desberdintasuna ere horretan ikus daitekeela dio hezitzaileak: «Gezurra badirudi ere, gerrek ere beren arauak dituzte, baina Gazan ez da arau bat bera ere errespetatzen. Hori ume batek esan zuen gelan, eta ume bat hori ulertzeko kapaz bada, nola demontre ari gara helduok oraindik hitzen inguruan eztabaidatzen!».

Ebakuazioa bideratzeko prozesuan egoera sinestezinak bizi izan dituela azaldu du Berzosak. Nazioarteko Gurutze Gorrira deitu eta Ukrainako larrialdi egoerarekin lotutako  zenbaki baten berri ematen du zuzenean zentralitako ahotsak; «Gaza ez da existitzen inon».

«Bake akordioa sinatu zenean Sallyk Rafahko pasabidea zabaltzeko itxaropena zeukan. Han, abokatu batek esan zien notario-ahalorde batekin norbait joan ahal zela enbaxadara eta pasaporteak tramitatu. Nik deitu nuen, nik neuk egiteko izapidea, baina Palestinako enbaxadan esan zidaten pasaporteak hona heltzean egin behar dituztela. Baina nola demontre aterako dira Gazatik pasaporterik ez badute? Beste behin esan zidaten Egiptoko Palestinako enbaxadan bideratu behar nuela guztia.. Eta arazoa ez dira bakarrik erakundeak edo politikoak, txarrena da, nire ustez, zoritxarrez gizartearen zati oso handi batek ontzat eman duela bake prozesua eta jada Gaza ez dela existitzen».

Orain mehatxua beste bat da. Gerta daitekeelako gizona artatzeko beste herrialde baten eskaria jasotzea. «Orain beldurra da ebakuazioa Arabiako herrialde batek eskatzea, horrela gertatuko balitz, familia erdibituta geratuko litzatekeelako; aitarekin soilik ama eta bi seme-alaba atera ahal izango lirateke, beste biak Palestinan geratu beharko lirateke. Arabiako lurraldeak egiten ari direna da. Behartzen dituzte familiako kideak Palestinan geratzera, haientzako oso garrantzitsua baita familiako kideren bat Palestinan geratzea, bertara itzul daitezen ondoren guztiak». Aldiz, ebakuazioa Europako herrialde batek eskatuko balu, orduan familia osoaren lekualdatzea baimendu beharko lukete.

«Gure haurrak ere badira» leloa duen muralean, Taline ageri da, tanke israeldar batek bi urte eskas zituela hil zuen Tabassi familiako kide txikia. (Marisol RAMIREZ / FOKU)

Irteteko baimena helduko balitz, Euskal Herrian guztia prest dagoela azpimarratu du Berzosak: «Heldutakoan zuzenean sartuko dira osasun sisteman. Ez dakit hori guztia nola gauzatuko den gero, baina pentsatzekoa da Espainiako Kanpo Ministerioak sartu dituela jada tabassitarrak Gazatik atera zain dauden familien zerrendan. Azkenean, Estatua da hau guztia bidera dezakeena».

Bea Berzosak zehaztu duenez, Euskal Herrian bermatuta dute etxebizitza, baita aurrera egiteko beharrezko laguntza ere. Hain justu, Berzosak berak aurkeztu du bere burua harrera familia gisa. «Zorionez, lehen momentu horretan edukiko genuke nora eraman eta non egon. Orain, laguntza, babesa eta zaintza behar dute, eta gure familian prest gaude hori emateko», nabarmendu du.

Sei ordu oinez, haurdun egonda

Adibide gisa jarri ohi ditu Berzosak eskolan Gazan egunerokoa nolakoa den erakusten duten pasarteak. Batzuetan, Sallyk kontatzen dizkion pasadizoak eramaten ditu gelara, ikasleekin partekatzeko eta  hausnarketa bultzatzeko. Bizirauteko borroka horretan, gogoratu du duela ez asko Sallyri gertatutakoa. Testuingurua emateko, azaldu die ikasleei Palestinan ostiral eta larunbata direla asteko jaiegunak, eta igandeak lanegunak direla. «Bada, igande batean, Sallyk sei ordu egin zituen oinez puntu batera joateko, garbiketako tresnak banatzen zituzten puntu batera. Sei ordu oinez. Bidali zidan bideo bat non ikusten zen zelan zihoan kaletik; bero handia zegoen, egunean zehar bero handia egiten baitu, gero gauean tenperatura nabarmen jaisten den arren. Hiru gradu izan zituzten aurrekoan. Imajinatu zer den 26 gradu izatea egunean zehar eta 3 gradu gauean. Laguntza puntu horretara heldu zenean, pakete bat eman zioten: lau komuneko paper biribilki, detergente pote bat, desodorantea eta toallatxo pakete bat. Hori izan zen jasotako guztia, sei ordu oinez egin ostean eta ilaran ere beste lau ordu eman eta gero». Esan zidan txarto pasa zuela, zorabiatu egin zela ilaran zela. Haurdun dago Sally, bost hilabeteko, eta beste sei ordu egin behar zituen kanpalekura bueltan! «‘Oso txarto pasa dut, baina gutxienez hauxe lortu dut’, esan zidan paketea esku artean zuela».

Isil-isilik jarraitu dute ikasleek kontakizuna. Berzosak gaineratu du ondoren, ia deskantsatzeko aukerarik gabe, ekaitz gogorra izan zutela, eta Islam trumoien beldur dela, israeldarren erasoak gogora ekartzen baitizkiote. Azpimarratu zuen hori guztia bizi ondoren ere, Sallyren hurrengo mezua jaso zuela: «Gaurkoa egun ederra izan da, tragedia guztiak gorabehera».

Ipuin bat idaztea, sortze prozesuan parte hartzea, ariketa akademiko praktikoak dira, baina zenbat ikasi dute Zugastietako ikasleek bide horretan? Pauso bakoitzarekin, elkartasuna, enpatia, erresilientzia, giza eskubideen defentsa edota errespetua bezalako balioak, La Arboleda Eskolako txikien habitat bilakatu dira.

 

DIRUA, OINARRIZKO BEHARRIZANAK ASETZEKO

Dagoeneko ipuinaren 500 ale baino gehiago saldu dituzte. Izan duen harrera bikaina nabarmendu dute, Euskal Herritik ez ezik, Granadako eskola batzuetatik, Bartzelonatik, Alacantetik, Kantabriatik edo Galiziatik ere jaso baitituzte eskariak. “Migranode arena” plataformaren bidez eskura daiteke liburua, 15 euroren truke. Bildutako dirua Tabassi familiari laguntzeko erabiliko dute, «medikazioa eta osasun-arreta eskuratzeko, elikagaiak eta oinarrizko beharrizanak erosteko eta familiaren ebakuazioan eta babes-neurrietan laguntzeko».