Mastitisa

Haurrak dituen edozein emakumek muturra okertuko du «mastitis» hitza aditzean. Seguru, berak ez bada, gertuko amaren batek sufrituko baitzuen horrelakorik. Ugatza edo titia, bularrean edo errapean izaten den organoa, esnea ekoizten espezializatua dago eta Mammalia taldeko animalien ezaugarria da, berau izendatzeraino. Mastitisa erditu berri den emakumearen bizimodua askotan garrazten duen arazoa da. Ugaztun guztioi gerta dakiguken arren, izparringi honen irakurle gehienak Homo sapiens espeziekoak izango direla uste dugu eta, horrenbestez, horietan zentratuko gara; gehiago zehaztuz, emeetan (izan ere, mastitisa arrek ere garatu dezaketen arren, proportzioa oso txikia da).
Umea egitearekin batera gertatzen diren aldaketa hormonalekin, ama berriaren ugatzak esnea masiboki ekoizten hasten dira: guruinetan sortu, eta hodi-sare baten bitartez titiburu atzeko kanal galaktoforo handietaraino iristen da esnea; hortik xurgatuko du seinak edoskitzean, gehienetan arazo barik. Halere, batzuetan, guruin ekoizleetan edo hodiren batean buxadurak gerta daitezke, zenbait gradu eta zabaleratan. Kasu arinenetan hantura txiki bat baino ez; larriagoetan, berriz, minaren minez, edoskitzea ia ezinezko bihurtu daiteke. Arazoa goiztiarra izaten da, erditzetik egun gutxira agertzen da eskuarki. Mastitisari une horretan helduz gero, nahiko erraz bidera daiteke: gakoa postura egokiena bilatzea izaten da, seinaren zein amaren erosotasuna bilatuz, esnea modu orekatuan xurgatu ahal izateko; era horretan, kasu gehienetan, esnearen zirkulazioa errazten da, arazoa normalduz. Hori egin ezean, ostera, zirkulaziorik ez duen esne horrek arazoa larritzea ekar dezake, hantura areagotuz eta abzesuei eta infekzioei atea irekiz; eta horrekin batera, sufrikarioari.
Behin egoera horretara iritsita, soluzioa ez da erosoa izaten. Neurriak arazoaren larritasunaren araberakoak izango dira, baina denen artean garrantzitsuena ugatzaren esne-zirkulazioa berrezartzea da. Nahiz eta mingarria izan. Alde horretatik, ahal dela, edoskitzearekin jarraitzea gomendatzen da, eta seinak arbuiatzen badu (esne zornedunak gustu txarra duelako, adibidez) esnea-ateratzeko gailua erabiltzea. Antzina, horrelakorik ez zegoenean, xurgatzea ahoz egiten zen eta ofizio hori zuten pertsonak zeuden; atera kontua zein garrantzitsua den xurgatzea mastitisa sendatzeko. Horrez gain, fisioterapiak nahiko lagundu dezake: hantura eta esne zirkulazioa drainatzeko maniobrez gain, termoterapiak ere (beroa zein hotza) asko lagundu dezake, eta ultrasoinuak ere buxadurak disolbatzeko balia daitezke. Eta infekzioa dagoen kasuan, tratamendu farmakologikoa ere erabil daiteke. Ugatzaren barruko presioa handia denean, drainatze kirurgikoak ere balioko du sintomak baretzeko. Bistan denez, egoera honetan dauden amen estresa eta nekea handiak izaten dira, eta horiek arintzeko hartzen den edozein neurri ere lagungarria izaten da. •
www.abante.eus

«Ez nuen inoiz pentsatu ni kirolaria izan nintekeenik, are gutxiago maila honetan»

Kantina eraberritua, elikaduratik komunitatea egin eta goxatzeko

«Bizitzen ari garen garai hauek kristoren ‘mala ostia’ sortzen didate»

