Mijo Lizarzaburu
EHUko ikerlaria eta militante transfeminista

Narkodiktadura? Ez, petrolioa

Ameriketako Estatu Batuek gerra eta esku hartze asko justifikatu ditu demokrazia eta giza eskubideak bermatzeko aitzakiarekin, horren atzean beti estrategia geopolitiko, energetiko eta militarra dagoelarik. Horrenbeste gezur eta gerra hasi dituzte, ez dela erraza denak aipatzea ere.

AEBk eta NATOk esku hartze militarra abiatu zuten 1999an Serbiaren aurka; genozidioaren arriskuaren aurkako eta giza eskubideen defentsarako neurri gisa saldu zuten arren, 1999ko martxoaren 24tik ekainaren 10era arte luzatu zen bonbardaketa aldia hasi zen, biztanleriarentzako berebizikoa zen azpiegitura eraitsi zuten eta milaka zibil hil zituzten. Gatazka 1999ko ekainaren 9an Kumanovoko Itunarekin amaitu zen, Jugoslaviako armada eta polizia Kosovotik erretiratzea eta NBEren administrazioa ezartzea adostearekin batean, lurralde “autonomo baina ez independente” egoeran utzita.

Kosovoko esku-hartze armatuaren ondorioz, AEBk eta NATOk eragin militar eta geopolitikoa sendotu zuten Europa ekialdean. NATOk aliantzako herrialdeei inolako mehatxurik egiten ez zien estatu subirano baten aurka indar militarra erabili zuen lehen aldia izan zen; Jugoslavia sozialistaren desegitean sortutako sezesio-gerren azken fasea AEBn estrategia geopolitiko berriaren aurrekari bihurtu zen.

AEBk Afganistan inbaditu zuten 2001ean, Al-Qaeda eta sare terroristen aurka egin eta talibanei boterea kentzeko. 2003an Irak inbaditu zuten, helburua Husseinen Gobernua desegitea zen, terrorismoarekin lotura zuzena eta suntsipen handiko armak zituela argudiatuz. Irakek ez zuen arma horiek produzitzeko inolako gaitasunik, eta, gerraren ondoren, jakina, ez ziren inoiz aurkitu.

Afganistan eta Irakeko inbasioek 2001eko irailaren 11ren ondorengo AEBn politika definitu zuten. Gerraren ostean, AEBk onura energetiko (petrolioa), militar eta diplomatiko argiak izan zituen, baina arrastorik ez berrezarri nahi zituen giza eskubideez. Urteak pasata, eskualdeko bi herrialderen kontrola galdu zuen: Sirian boterea HTSren esku geratu zen, Al-Qaedarekin lotura duen eta NBEk erakunde terrorista gisa sailkatzen duen taldearen esku; Afganistanen, berriz, AEBn urte luzeetako okupazioa bukatu eta tropak irten ondoren herrialdea berriro talibanen esku geratu zen, giza eskubideak sistematikoki urratzen dituen erregimena ezarriz (emakumeenak bereziki) .

Libia, Somalia, Pakistan, Sudan, Nigeria, Yemen, Honduras, Kuba edo Ukraina ere aipa ditzaket, baina ideia berberaren errepikapen makabroak dira. Mendebaldeko potentziek, NATOk eta bien buruzagi den AEBk erretorika humanista aktibatzen dute munduko herrialdeen errekurtsoen kontrola indarrez hartzeko, horrek gobernu lokalak eraitsi eta zibilen hileta masiboak sortzen ditu, eta prentsa ofizialak dena justifikatu edo erlatibizatzen du gobernu lokalen zitaltasuna erakusten duten berriak etengabe argitaratuz.

Ez dut Venezuela ezagutzen, ezer gutxi dakit bertako soziologiaz, kulturaz edo instituzioen antolaketaz, baina ez dut uste aditua izan behar denik jakiteko Trumpek Venezuela “narkodiktadura” gisa izendatzean bilatzen duen gauza bakarra bertako baliabide energetikoen kontrola lortzea dela, ez AEBko fentanilo krisia geratzea eta are gutxiago venezuelarren giza eskubideak bermatzea.

AEBn injerentzia politiko, interbentzio militar eta estatu-kolpe saiakeren aurrean Venezuela defendatzea, blokeoaren erdian eusten duen Maduroren Gobernua defendatzea ala kondenatzea baino auzi askoz sakonagoa da. Kritikagarriak izan daitezken gobernu lokalen politikak bigarren mailan geratzen dira inperialismo yankiaren estrategia ekonomiko eta militarren aurrean, non askatasuna eta giza eskubideak marketin bihurtzen diren petrolioa, gasbideak eta hegemonia politikoa eskuratzeko. Jokoan dagoena ez delako gobernua, baizik eta herri baten subiranotasuna botere kolonialaren aurrean, ez izan “eskualido” eta eutsi Venezuela! •