Gaur 8

30 bete dira François Mitterrand ‘erregea’ zendu zenetik

‘Egin’ egunkariak «koroarik gabeko errege» gisara agurtu zuen, bere heriotza gertatu eta biharamunean, frantziar Alderdi Sozialista (PS) birsortu ondoren hamalau urtez frantziar presidente izan zen François Mitterrand. Gaur 30 urte bete dira François Mitterrand ‘erregea’ hil zenetik. 

Felipe Gonzalez eta François Mitterrand, Eliseoan 1982. urtean.
Felipe Gonzalez eta François Mitterrand, Eliseoan 1982. urtean. (Institut François Mitterrand,)

1996ko urtarrilaren 8an hil zen François Mitterrand, hamalau urtez (1981-1995) Estatu frantseseko bizitza politikoa gidatu zuen presidentea. Handik gutxira, urtarrilaren 17an, eta nazioa oraindik dolu giroan zegoenean, liburu baten argitalpenak dena astindu zuen: ‘Le Grand Secret ’(Sekretu Handia) izenburua zuen liburuak.

Boterera iritsi eta gutxira jakin zuen Mitterrandek prostataren minbizia zuela, baina albistea ezkutatzea erabaki zuen. Ez zen gordeko zuen sekretu bakarra, gerora jakin ahal izan den bezala. Telebista publikoaren dokumental batek egin berri dion erretratua latza da, bere bizitzaren eta presidente gisa egindako ibilbidearen funtsezko alderdi bat gelditu baita agerian: gezurra erabili zuen, maila guztietan.

Europar Batasunaren eraikitzaileetako bat izan zen Mitterrand, bere garaiko nazioarteko politikan eragin handienetako pertsonaia. Gerra hotzaren amaieraren eta komunismoaren erorketaren erantzule zuzena ere izan zen, bere herrialdearentzako lider peto-petoa, bere erabaki eta politikekin Frantzia aldatu zuen presidente hiperaktiboa eta, askoren ustez, Frantziak izan duen azken monarka absolutua.

Baina, era berean, manipulatzaile handia izan zen, anbizio handiko gizon boteretsua, jainkoarekin eta deabruarekin paktuak egiteko gai zena. 

Bere agintaldiak distirak eta itzalak izan zituen, Maite Ubiriak idatzi zuen bezala. Euskal Herriarekiko zein jarrera izan zuen? Ipar Euskal Herrian erakunde propioa sortzeko egitasmoari bizkarra eman eta mugaz bestalde gori-gori zen gatazkari begira, Madrilen agintean zen Felipe Gonzalez presidenteak zituen premiak hobetsi zituen, GAL-a babestuz.