GAUR8

Txomin San Sebastian euskaltzale eta pentsalaria gaur 140 urte jaio zen

Txomin San Sebastian gizon jantzia zen: lau hizkuntzatan mintzatzeko gai zen –euskaraz, gaztelaniaz, frantsesez eta latinez– eta musiko trebea zen, txistua eta organoa menperatzen zituen. Gaur 140 urte bete dira Astigarragako filosofo txikia’ jaio zenetik. Ezizena Arturo Campionek jarri zion.

Astigarragako Udalak jarri zion oroigarria.
Astigarragako Udalak jarri zion oroigarria. (ASTIGARRAGAKO UDALA | WIKIPEDIA COMMONS)

1886ko urtarrilaren 9an jaio zen Txomin San Sebastian Astigarragako Gorrane etxean. Astigarragako Udalak egin dion biografiaren arabera, soldaduska zela medio, Afrikara joan behar izan zuen arte, apretagile izan zen aita bezala. Itzulitakoan, sakristau lanetan hasi zen.

Bere adiskide Basarriren laguntzaz, ‘Euskadi’, ‘El Día’ eta ‘Argia’ aldizkarietan, euskaraz nahiz gaztelaniaz, ‘Txadonzai’ (Eliz-zaindari) izengoitiarekin idatzi zuen.

Gizon jantzia, konpositore, organujole, txistulari eta sakristau izan zen. Lau hizkuntzatan mintzatzeko gai zen: euskaraz, gazteleraz, frantsesez eta latinez.

Fandango eta arin-arin lehiaketetan epaile izan ohi zen, euskaltzale eta txistulari aditua izaki. Arturo Campionek, kultura eta arte mailan zuen jakinmin eta kezkagatik ‘Astigarragako filosofo txikia’ ezizena ezarri zion.

Gerra garaian, Astigarragako Batzokiaren sortzaileetakoa izatearen salaketa batek zenbait hilabetetarako Ondarretako kartzelara eraman zuen. Emaztearen heriotzaren ostean, Hernanin bizi izan zen, nahiz eta jai eta ospakizunetan Astigarragan txistua jotzen jarraitzen zuen.

Hernanin hil zen, 78 urte zituela, 1964ko abenduaren 21ean. Astigarragako Udalak, 2001eko urriaren 19an seme kuttun izendatu zuen.