«Ipuscoa»

Familia erdia bizkaitarra dugunok tarteka arazoak izaten ditugu gipuzkoarron nortasun kolektiboa definitzeko orduan. Orain urte batzuk Juan Luis Zabalak saiakera iradokitzaile batzuk egin zituen “Berria”-ko bere zutabean gai honen inguruan, baina sare sozialetara pasatu zen eta galdu egin dut haren atarramentua. Gogoratzen naiz behin lurralde bakoitzak bere izaera goresteko zituen kantuez aritu zela, “Agur Zuberoa”-rekin hasi, “Araba, oi Araba”-rekin jarraituz, “Bizkaia maite” aipatuko zuen noski eta “Nafarroa, arragoa”-rekin bukatu. Eta guk geurerik ez izatea deitoratzen zuen.

Guk Ez Dok Amairu dugu, baina haiek Oskorri. Guk Oteiza eta Txillida, baina haiek Guggenheim. Guk Joxe Azurmendi bezalako filosofoak ditugu, baina haiek Athleticeko Filosofia. Guk San Juan belaontzia, baina haiek gabarra... konparazioak infinituraino luzatzen dira, irabazlerik erabaki gabe.

Joseba Iturriaren jarraitzaile leiala naiz eta Twiterren hari irakurrita dakit Zubietako harrobiko zenbat jokalari ditugun futbol profesionalean eta zenbat atleta joko olinpikoetan. Kirolean kasu bakarra gara, baina gure apaltasuna gutxitasun konplexuarekin nahasten digute.

Iaz “Ipuscoa” izena agertu zela mila urte egiten ziren eta programatu zituzten ekitaldiak tarteko, gure izaera kolektiboaren inguruan zentzuzko gogoetak egingo zituzten Juan Luis Zabala gehiago agertuko zirela espero nuen, baina ez zen halakorik gertatu eta Nafarroako Erresumarekin amets egiten dutenen eta bizkaitarrismoaren bertsio berri bat praktikatzen dutenen artean pitin bat itota emango ditugu beste mila urte, itxuraz apal baina barrutik harro. •