Asier Aiestaran
Kazetaria

Irlanda iparraldeko gatazkaren urte latzenetan oasi bilakatu zen boxeoa

Donald McRae idazlearen «In Sunshine Or in Shadow» liburua gaztelerara itzuli du Libros de Ruta argitaletxeak. Boxeoak Irlanda iparraldeko gatazkaren urterik gogorrenetan jokatu zuen babesgune papera kontatzen da, bereziki Gerry Storeyk zuzentzen zuen Belfasteko Holy Family Boxing Club gimnasioak.

Charlie Nash (eskuinean) eta John Egan (ezkerrean), 1972ko borrokaldi batean. Charlieren anaia, William, hilabete batzuk lehenago hil zuten Derryko Igande Odoltsuan.
Charlie Nash (eskuinean) eta John Egan (ezkerrean), 1972ko borrokaldi batean. Charlieren anaia, William, hilabete batzuk lehenago hil zuten Derryko Igande Odoltsuan. (INDEPENDENT NEWS AND MEDIA | GETTY IMAGES)

Libros de Ruta argitaletxeak “Golpes de esperanza. La desconocida historia del boxeo como santuario de paz en Irlanda del Norte” liburua argitaratu zuen aurreko udan. Donald McRae kazetari eta idazle hegoafrikarraren “In Sunshine Or in Shadow: How Boxing Brought Hope in the Troubles” lanaren gaztelerazko itzulpena da, eta Irlanda iparraldeko gatazkaren urterik gogorrenetan boxeoak bi aldeentzat suposatu zuen arnasgunea deskribatzen du.

The Troubles bezala ezagutzen diren hamarkada horietan, 1972 eta 1998 artean, Belfasteko boxeo gimnasio txiki bat inguruan bizi zen indarkeriatik ihes egiteko babesgune bilakatu zen. Falls Road etorbidean kokatua, IRAren gotorleku zen hiriaren iparraldearen bihotz-bihotzean, Gerry Storey entrenatzaileak zatiketak ahaztu eta gazte errepublikanoak zein unionistak bildu zituen Holy Family Boxing Club gimnasioan.

Ingurutik iristen zitzaizkion kritikei eta mehatxuei entzungor eginez, Barry McGuigan munduko txapeldunari edota Hugh Russell dominadun olinpikoari ez ezik -jatorri katoliko eta errepublikanokoak biak-, Davy Larmour bezalako boxeolari unionista eta protestanteei ere bere etxeko ateak ireki zizkien Gerryk.

Bi komunitateek boxeoari eta boxeolariei zieten errespetua eta miresmena baliatuz, Gerry Storey gai izan zen gatazkaren bi aldeetako buruzagi militarrekin hitz egin eta akordioak lortzeko, eta auzo errepublikano zein protestanteetan borrokaldiak inolako erasorik gabe antolatzeko. Boxeolari protestanteak Storeyk zuzentzen zuen Irlandako selekzioarekin lehiatzea ere ahalbidetu zuen horrek, eta kirolari errepublikanoek Britainia Handiko txapelketetan nolabaiteko normaltasunez parte hartzea, Irlandako boxeoaren urrezko aroaren arduradun nagusi bilakatuz.

Gerry Storey boxeo entrenatzailea, 2005ean jaso zuen Laureus sariarekin. (David CANNON / GETTY IMAGES)

Hala ere, eta ohiko kirol istorio “inspiratzaileen” ukituak badituen arren, McRaeren kontakizunak ez dio ihes egiten indarkeriak erabat baldintzatutako gizarte baten gune grisetan sakontzeari. Kontakizuna, adibidez, Igande Odoltsuaren deskribapenarekin hasten da, 1972ko urtarrilaren 30ean Derryn hamalau hildako utzi zituen soldadu britainiarren erasoarekin. Liburuaren protagonistetako bat den Charlie Nash boxeolariaren anaia, William Nash, izan zen biktimetako bat, eta McRaek gordintasun osoz jasotzen du bai egun hartan gertatutakoa, bai eta hurrengo asteetan familiek jasotako tratu iraingarria ere.

Era berean, garai hartan Belfasten beste ia inork gurutzatzen ez zituen zenbait muga gainditzea lortu zuen arren, Gerry Storey ere ez zen gatazkaren eraginetatik salbu geratu. Liburuan aipatzen da hiru atentatu saiakera jasan zituela gutxienez, eta, hirugarrenean, semea arriskuan sentitu ostean, Harry Burgess UDAko buruzagiarekin hitz egitera joan zela.

PASARTE ADIERAZGARRIAK

Alde horretatik, euskaldunoi nahiko ezaguna egiten zaigun testuinguru bat marrazten du liburuak, non gatazkaren gordintasuna eta pertsona arrunten ametsak txirikordatzen doazen normaltasun anormal batean. Badira liburuan hainbat pasarte esanguratsu nahasketa hori oso ongi erakusten dutenak. Adibidez, 1978ko martxoaren 6an Belfasten egindako Irlanda eta Ekialdeko Alemaniako selekzioen arteko borrokaldiaren ingurukoa.

Kontua da borrokaldia baino apenas hiru aste lehenago, otsailaren 17an, La Mon hoteleko atentatua egin zuela IRAk. Erakunde armatuak lehergailu bat jarri zuen hotel horretan, jatetxe nagusiaren leiho azpian, Belfastetik hamar bat kilometrora dagoen Gransha herrian. Liburuan aipatzen denez, IRAren asmoa telefonoz eztandaren abisua ematea zen, baina misioa konplikatzen joan zen. Gertuen zegoen telefono kabina suntsitua omen zegoen, eta beste baten bila abiatu behar izan zuten. Gainera, bidean kontrol bat topatu zuten eta berriz bidean jarri ahal izan zutenerako minutu gutxi batzuk falta ziren eztandarako. Ez zen eraikina husteko nahikoa denborarik izan eta hamabi pertsona hil eta 30 zauritu ziren.

Egoera ikusita, Felix Jones Irlandako boxeo amateurreko elkarteko presidenteak Belfasteko borrokaldia bertan behera utzi beharko zutela aipatu zion Gerry Storey hautatzaileari. Jonesi erokeria hutsa iruditzen zitzaion giro latz horretan Gerryk borrokaldia aurrera atera nahian jarraitzea. Irlandako selekzioak Shankill Roaden boxeatzeko aukera lehenengoz aipatu zionean ere, jada gai oso delikatua iruditu zitzaion. Kosta egiten zitzaion sinistea UDAko eta UVFko paramilitarrek ontzat emango zutela Irlandako elastiko berdea unionismoaren bihotzean normaltasunez erabiltzea.

«Baina elastiko hori jantziko dutenak boxeatzaileak dira», erantzuten omen zion Gerryk. «Horrek dena aldatzen du». Eta badaezpada talde armatuetako lider guztiekin bildu zen, borrokaldia Rumford Social Clubean arazorik gabe egin ahal izateko, baita Tommy Tucker Lyttle UDAko brigadierrarekin ere. Jonesen galdera zuzena zen: «Gerry, alemaniarren segurtasuna ziurtatu dezakezu Belfasten?». Eta erantzuna ere irmoa: «Pertsona guztien segurtasuna berma dezaket. Ez da arazorik egongo».

Borrokaldia martxoaren 6an egin zen, Irlandako taldeburua Barry McGuigan boxeolaria zela, IRAko kapitain baten biloba. Sekulako dirutza mugitu zen apustuetan, eta apustularietako bat Tommy Lyttle bera izan zen. Amaieran Felix Jones Armadako goi-karguekin bildu zen balantzea egiteko eta gaua lasai joan ote zen galdetuta, halaxe erantzun omen zion komandante beteranoenak: «Jones jauna, gure soldaduek nahiago lukete Gerryk gauero borrokaldi bat antolatzea Shankill Roaden. Inolako arazorik egongo ez zen ziurtasuna izan duten egun bakarra izan da».

Barry McGuigan munduko txapeldun bilakatu zen, 1985ean Eusebio Pedroza lurrera bota ostean. (INDEPENDENT NEWS AND MEDIA / GETTY IMAGES)

Gerryk gatazkan eta gatazkaren ondorioei aurre egiteko lanean inplikatzeko izan zuen ausardiaren beste pasarte adierazgarri bat preso politikoak biltzen zituen Long Kesh espetxe famatuan aurrera eraman zituen boxeo entrenamenduena da. 1981eko amaieran, gose greba mugaraino eramanda hamar preso errepublikano hil ziren urtean hain zuzen ere, eskaera berezi bat jaso zuen Storeyk. Presoen ordezkari nagusiek boxeo entrenamenduak jarri nahi zituzten martxan kartzela barruan, lur jota zeuden kideen morala igo eta haien esperantzak eta ilusioak berritzen saiatzeko. Eta entrenamendu horien arduraduna Gerry Storey izatea nahi zuten, noski.

Liburuan kontatzen da nola sartu zen Gerry lehen aldiz Long Kesh espetxeko kaioletan, biziarteko zigorra zuten presoak biltzen zituzten eremu itogarrietan, eta sartzeko zain zegoela zer-nolako etsipena sentitu zuen biziarteko zigorrak zituzten presoen zerrenda amaigabeak ikusita. Erakunde bakoitzak bere kaiola zuen: UVF, UDA, UFF, IRA, Behin-behineko IRA eta INLA.

UVFko kaiolan Gusty Spence eta Bobby Rodgers ofizial unionistekin bildu zen eta eskaera argia izan zen: heziketa militarra zuten pertsonak izanik, presoen artean galtzen ari zen diziplina eta bizitza ordenatua berreskuratzeko biderik onena horrenbeste maite zuten boxeoan jardutea zela sinetsita zeuden, eta, horrenbestez, Gerryk beren mutilak entrenatzea nahi zuten. Gerryk ere erantzuna argi zuen: presoak entrenatzeko prest zegoen, baldin eta aukera hori bi aldeetakoei eskaintzen bazitzaien eta kaiola guztien oniritzia baldin bazuen.

Ez zen arazorik egon, eta horrela hasi zen Storey presoak entrenatzen: astearteetan unionistak eta ostegunetan errepublikanoak. Eta boxeoaren laguntzarekin presoen artean bestelako giro bat sortzen hasi zen. Unionistekin egindako lehen saiora, adibidez, eslinga edo soka luze bat eraman zuen, kaiolan alderik alde zintzilikatu eta ariketak egin ahal izateko. Amaitutakoan, etxera eraman ordez, bertan uzteko baimena eskatu zuen Gerryk eta kartzelarien zalantzei aurre eginez arazorik ez zegoela ziurtatu zuten presoek. Are, prest agertu ziren ostegunean hesi gainetik errepublikanoen kaiolara pasatzeko ere.

Kaioletara telebistak sartzea ere lortu zuen, “Rocky” eta antzeko filmak ikusi ahal izateko. Entrenamenduetan parte hartzen zuten presoen -oso gazteak gehienak- esker onak ere barrenak mugitu zizkion.

GAUR EGUNGO EGOERA

Hala ere, aipatu bezala, liburuak ez du ametsetako istorio perfektu horretan geratu nahi, eta Donald McRaek kezka agertzen du liburuari amaiera ematen dion epilogoan. Idazle hegoafrikarrak, Johannesburgo bere jaioterriarekin nolabaiteko paralelismoak marraztuz, Irlanda iparraldean gaur egun bizi den erdibideko egoera deskribatzen du, garai bateko indarkeriarik gabe, noski, baina oraindik elkarri bizkar emanda bizi diren bi komunitateen inguruan hausnartuz.

Gatazka armatuaren gune esanguratsuenak bisitatzera hurbiltzen diren milaka turisten artean, “Bakearen Harresia” izenarekin ezagutzen diren lehen hesia eraiki zenetik jada 50 urte igaro direnean, oraindik gisa horretako 108 harresi daudela salatzen du, gehienak Belfast ipar eta mendebaldean, baina baita Derry, Portadown eta Lurganen ere. Harresi guztiak bata bestearen atzetik jarriz gero, 45 kilometro luzatuko liratekeela dio, eta deigarria dela harresien herena 1994ko su etenaren ostean eraikitakoak izatea. Berrienak, gainera, zaharrenak baino altuagoak eta luzeagoak dira.

McRaeren hitzak ekarriz: «Boxeo munduko nire lagunen istorioak entzuten ditudan bakoitzean, bakera iristeko bakoitzak nola eraiki zuen bidea, indarberrituta sentitzen naiz, nahiz eta beren bizitzako urterik onenak elkarri joka aritzera bideratu. Hala ere, badakit akatsa litzatekeela boxeoak, Storeyk edo McGuiganek historia aldatzea lortu zutela esatea».

Liburuaren gaztelerazko bertsioaren azala. (LIBROS DE RUTA)



Irlanda iparraldeko boxeoaren urrezko garaia, entrenatzaile eta gimnasio berezi baten lana sarituz

Donald McRaeren kontakizuna bost protagonista nagusiren inguruan harilkatzen da: entrenatzaile bat eta lau boxeolari. Noski, beste izen asko ere agertzen dira bizpahiru hamarkadatako esperientziak biltzen dituen liburuan, baina bost hauek balio dezakete garai horretan boxeoak izan zuen eragina ulertzeko. Oso kilometro gutxiren barruan, hainbat txapeldun irten ziren, gimnasio berezi batek egindako lana sarituz.

GERRY STOREY (Belfast, 1936): Boxeo entrenatzailea. Belfasteko Holy Family klubeko arduraduna eta Irlandako selekzioaren hautatzailea lau Olinpiar Joko desberdinetan. 2005ean Laureus sari bat jaso zuen, “Sport For Good” atalean, Irlanda iparraldeko unionista eta errepublikanoen artean zubiak eraikitzen egindako lanarengatik. 2007an Irlandako boxeo amateurreko elkarteak ere saritu zuen lan horregatik eta 2008an MBE izendapena jaso zuen (Member of the Order of the British Empire).

CHARLIE NASH (Derry, 1951): Boxeolari errepublikanoa, Igande Odoltsuan hil zuten Willie Nashen anaia. Amateur moduan Ulsterreko senior titulua irabazi zuen 1969an, eta Irlandako titulu nazionala 1970ean. Garaipen horiei esker, 1972ko Olinpiar Jokoetan parte hartzeko aukera izan zuen, Munichen. Profesional moduan, Britainia Handiko eta Europako txapeldun izan zen pisu arinetan.

DAVID LARMOUR (Belfast, 1949): Boxeolari unionista. Ibilbide luzea egin zuen amateur mailan euli-pisuan eta famatua egin zen Irlandako selekzioarekin lehiatzeagatik. Bi domina irabazi zituen Commonwealth Jokoetan, brontzezkoa 1970ean Edinburgon (Eskozia) eta urrezkoa 1974an Christchurchen (Zeelanda Berria); Irlandako tituluak bereganatu zituen 1973an eta 1976an; 1975ean Polonian jokatutako Europako Txapelketan Irlanda ordezkatu zuen, baita 1976an Montrealeko Olinpiar Jokoetan ere. Profesional mailan ez zuen marka bereziki onik lortu, baina historiara pasa dira oilar-pisuan Hugh Russell errepublikanoaren kontra 1982an eta 1983an egindako bi borrokaldiak, Britainia Handiko titulua jokoan zela. Bigarrena, gainera, irabazi egin zuen.

BARRY MCGUIGAN (Clones, 1961): Kilometro eskas bategatik Ipar Irlanda bereizten duen mugatik hegoaldera jaioa, Ipar Irlandako selekzioa ordezkatu zuen 1978ko Commonwealth Jokoetan, Edmontonen (Kanada), eta Irlandakoa 1980ko Olinpiar Jokoetan, Moskun (Sobietar Batasuna). Profesional mailan, 35 borrokalditatik 32 irabazi zituen (28 KO), tartean Europako titulua behin baino gehiagotan lortuz luma-pisuan eta Mundukoa ere irabaziz 1985ean Eusebio Pedroza panamarra menderatu ostean. Titulu hori arrakastaz defendatu zuen Bernard Taylor eta Danilo Cabreraren kontra, Steve Cruzen aurka galdu aurretik. Kirol lorpenetatik harago, Barry famatua egin zen Pat bere aita abeslari ospetsua zelako eta bere borrokaldien aurretik “Danny Boy” abestia kantatzen zuelako. Gainera, katolikoa izanik, Sandra Mealiff protestantearekin ezkondu zen, garaian oso ezohikoa zena. Borrokaldiren batean Irlandako eta Britainia Handiko banderak baztertu eta Nazio Batuen bandera urdinarekin lehiatzea erabaki zuen, bere hitzetan, «gatazka ahaztu eta neutraltasuna mantendu» nahi zuelako.

HUGH RUSSELL (Belfast, 1959-2023): Boxeolari errepublikanoa. Amateur mailan, brontzezko domina lortu zuen 1978ko Commonwealth Jokoetan, eta baita 1980ko Olinpiar Jokoetan ere, biak euli-pisuan. Profesional mailan ibilbide nahiko motza izan zuen, baina Britainia Handiko titulua eskuratu zuen eta Davy Larmourren aurkako bi borrokaldi famatuetan protagonista izan zen. Ringetik kanpo, Russell argazkilari lanetan aritu zen urte luzez “Irish News” egunkarian.