Urte berriari, momentutxoak
Orain dela urte batzuk, beti hartu ohi nuen tarte bat, abenduaren 30ean edo 31n, hurrengo urteari eskatu nahi nizkionak koadernoan zerrendatzeko; hurrengo urtean zehar zeozer interesgarria konplitu nezan, neure buruari eskatu nahi nizkionak apuntatzen nituen puntuz puntu. Luzetxoa izaten zen normalean zerrenda; sekula ez ehuneko ehunean konplitzeko erakoa. Eta hori jakinda ere, “fondo-fondoan” beti sinesten nuen zetorren urte hura pixka bat berezia izango zela, eta konplituko nituela otutako zera denak. Iaz, koadernoan apuntatzeari utzi nion, baina gogoan zehaztu nituen “urte berrirako erronka” izango nituenak. Aurten, ez zait zerrendarik egiteko bulkadarik etorri gainera: eta sinetsi nahi izan dut pasa berri den urtearekin gustura geratu izanaren seinale-edo izango dela. Sartu gara urte berrian, eta beti-betiko zerak nahastu zaizkit pentsamenduan: kirola egin, atsedena lehenetsi, entregatzeko testuak garaiz idatzi, autoaren erabilera murriztu, mobilarena berdin... Baina, bueno, ahalegina egin dut promesa handiegirik inori ez egiteko.
Pasa berri diren egunotan, goizean lo lasai egiteko aukera izan dudan egunotan, bi aldiz errepikatu zait eszena berbera: erdi-esna edo erdi-lo ohean begiak itxita nengoela, tok-tok atea jo eta sartu zait norbait maitea gelara, Gabonetako kanta kursi bat kantatuz eta “egun on” esanaz. Inongo zerrendatan apuntatu ez, eta etorri egiten dira batzuetan halako momentutxoak.
Aurten, urte berriari, dena delako erronkak baino, halako momentutxoak nahi nizkioke eskatu. Bueno, eskatu ez diot ezer eskatuko; baina etor daitezela. •

