
Alberto Giacometti italiera hitz egiten duen Suitzan jaio zen, artisten familia batean. Giovanni Giacometti margolari neoinpresionista ezaguna zen bere aita, eta hark erakutsi zizkion pintura eta eskultura; Alberto gazteak aita irudikatuz egindako hiru buruak ezagunak dira, adibidez.
1922an, Parisera joan zen bere formazio artistikoan sakontzeko, eta lau urte geroago, hil artean erabili zuen tailerrean instalatu zen, alokairuan: 23 metro karratu eskas zituen, eta Hippolyte-Maindron kalean zegoen, Montparnasse-tik hurbil. Gela estu eta txiki hartan, Giacomettik inguruan zuen munduaren oso ikuspegi pertsonala sortu zuen.
Giza figura da Giacomettiren laneko gai nagusietako bat. Urteetan zehar, inguruko pertsonengan inspiratutako obrak sortu zituen; nagusiki Diego anaia, Annette emaztea, maitale eta lagunak izan zituen inspirazio iturri. «Betidanik, kanpoko munduaz eta, bereziki, giza aurpegiaz eta oro har gizakiaz dudan ikuspegia ulertzeko bitarteko gisa erabili izan ditut eskultura, pintura eta marrazkia; edo, errazago esanda, nire lagun hurkoez eta, bereziki, gauza batengatik edo bestearengatik, nigandik hurbilen daudenez dudan ikuspegia ulertzeko», aipatu zuen.
Giacomettik giza figura lantzeko zeuzkan ideiak arte garaikidearen funtsezko gako bihurtu dira hurrengo artista-belaunaldientzako. Bilboko Guggenheim museoak atzera begirada sakon bat eskaini zion 2018. urtean.
