
John Griffith London (Jack London deitua) Estatu Batuetako eleberrigilea San Franciscon jaio zen 1876ko urtarrilaren 12an eta Glen Ellen-en, Kalifornian, zendu zen 1916. urtean. Oso abenturazalea zen eta grina hori erakutsi zuen bere eleberrietan.
Hezkuntza autodidakta izan zuen. Eskola 14 urterekin utzi, eta Kaliforniako liburutegi publikoak bilakatu zituen bere eskola. Irakurle amorratua zen, diziplina handikoa, eta kultura jaso eta errespetagarri baten jabe egin zen horrela.
Abenturazale amorratua, Alaskara joan zen urre bila, eta Londoneko kaleetan alderrai ibili zen denboraldi batez, bai eta gerra korrespontsal lanetan ere hainbat herrialdetan.
Haren obran gizakiarekiko ardura nabari da. Marino eta langile gisa bizitzan izandako bizipen prekarioek eragina izan zuten beragan, eta haren obrak kutsu politiko eta aldarrikatzaile handia du. Bizitzako abentura eta pentsamenduetan oinarritzen da haren lana, eta estilo fin eta zuzen batez baliatzen da.
Londonek bere joan-etorrietan oinarritu zuen, hein handi batean, bere obra; fikzio erromantikoa eta aldi berean errealista, batzuetan gordina, sortu zuen. Arrakasta handia izan zuen.
Egilearen garaiko gizarteko ezak eta gabeziak ere agertu zituen. Euskarara ekarrita daude bere lanak, Armiarman islatzen den bezala. Obra ezagunenak: ‘The Call of the Wild’ (1903, ‘Oihanaren deia’), ‘The Sea-Wolf’ (1904, ‘Itsas otsoa’), ‘White Fang’ (1907, ‘Hagin zuria’), ‘Martin Eden’ (1909). London sozialista zen, eta bere eleberrietan sarritan adierazi zituen bere iritziak: ‘The Iron Heel’ (1908, ‘Burdinazko orpoa’).

