GAUR8

Durangon, zozketa publiko bidez esleituko dira ostegunean Birjinosteko 22 etxe tasatuak

Hurrengo ostegunean esleituko dituzte Durangon, zozketa publiko bidez, Birjinosten eraikitzen ari diren 22 udal etxebizitza tasatuak. Lehen faseko lehenengoak dira, 90 etxebizitza libreekin batera. Guztira, 151 etxebizitza eraikiko dituzte bertan, tartean 30 etxebizitza sozial.

Irudian, udal agintariak Birjinosten.
Irudian, udal agintariak Birjinosten. (DURANGOKO UDALA)

Durangoko Udalak jakinarazi du herriko «lehenengo etxebizitza tasatuak» zozketa publiko bidez esleituko direla hurrengo ostegunean (urtarrilak 22). San Agustin Kultur Gunean izango da zozketa, 18.00etatik aurrera, eta  udan entregatuko dituzte etxeak.

Guztira, 151 etxebizitza berri dira Birjinosten eraikiko direnak. Horietatik, 22 dira tasatuak eta 90 libreak, azken eraikuntza fasean daudenak. Horiez gain, datozen urteetan, 30 etxebizitza sozial eraikiko dituztela gogoratu dute.

Lehen fase horren amaierako deklarazioa otsailerako dute aurreikusita, eta horren ondoren Lehen Okupazio Lizentzia izapidetzen ahal izango dela azaldu dute.

Udalak aurreikusten duen egutegiaren arabera, udan entregatu ahal izango dira lehen etxebizitzak, «epe administratiboak eta hirigintzakoak normaltasunez betetzen badira». Une honetan, inguruaren urbanizazioa ere dago abian, eta Aste Santuaren osterako aurreikusten dute lan guztiak amaituta egotea.

Etxebizitza tasatuen inguruan zehaztu dute hiru logelako hamar etxebizitza daudela, bi logelako bederatzi, logela bateko bat eta mugikortasun urriko pertsonentzat egokitutako bi etxebizitza.

«Etxebizitza guztiek garajea eta trastelekua, terrazak eta esekitokiak dituzte. Gainera, eraikinak eremu komunitarioa, erabilera partekatuko aretoa eta bizikletak aparkatzeko espazioak izango ditu, egungo beharretara egokitutako egoitza eredu bat sustatuz», adierazi dute udal iturriek.