GAUR8

EHU, Europako unibertsitate onenen artean ingeniaritza ikasketetan

European Ranking of Engineering Programs (EngiRank) sailkapenak Europako unibertsitate onenen artean kokatu du EHU, ingeniaritza ikasketei dagokienez. Estatu mailan, bigarren postuan jarri du, lehen postuko UPC kataluniarretik gertu. 

Sailkapen europarrak hainbat adierazle aztertzen ditu rankinga osatzeko.
Sailkapen europarrak hainbat adierazle aztertzen ditu rankinga osatzeko. (EHU)

European Ranking of Engineering Programs (EngiRank) rankingaren azken sailkapenak Estatu espainoleko bigarren postuan kokatu du Euskal Herriko Unibertsitatea (EHU) ingeniaritzen arloan, Universitat Politècnica de Catalunyako (UPC) unibertsitatearen atzetik. Unibertsitate biek partekatzen dute 22. postua Europan.

Euskal erakundeak jakinarazi duenez, ingeniaritza programak eskaintzen dituzten Europako Unibertsitate Eremuko 36 herrialdetako 300 unibertsitate aztertu dituzte zerrenda osatzeko.

«Rankinga egiten du Perspektywy Educational Foundation-ek, Elsevier argitaletxe zientifikoaren laguntzarekin, eta bost irizpidetan oinarritzen da (ikerketa, berrikuntza, nazioartekotzea, diziplinartekotasuna eta Garapen Jasangarrirako Helburuetarako ekarpena», azaldu dute EHUtik.

Rangkin honen berezitasuna ere aipatu dute: «Adierazle tradizionalez gain (hala nola argitalpenak edo aipuak), kontuan hartzen ditu ere beste faktore batzuk (adibidez, industriarekiko lankidetza, patenteak, enpresekin elkarlanean eginiko ikerketa edo akreditazioak) eta Europako adierazle espezifikoak, Erasmus+ eta Horizon programetan edo Europako unibertsitateen partzuergoetan parte hartzea».

EHUk 81,17 puntu lortu ditu sailkapen orokorrean, hau da, UPCk baino 74 ehunen gutxiago, eta Ikerketaren irizpidean lehen postuan dago.

EngiRank sailkapenean sartzeko aldez aurreko baldintza bat da azken bost urteetako argitalpen zientifikoen %30ek gutxienez, Scopus datu-basean indexatuta egotea, eta ingeniaritzarekin eta teknologiarekin lotuta izatea.

Diziplinen araberako sailkapenetan, EHU Estatuko lehen postuan dago Ingeniaritza Kimikoan eta Materialen Ingeniaritzan, eta bigarrenean, Ingeniaritza Medikoan. Azken horretan eta Materialen Ingeniaritzan posizio instituzional globala hobetu dela zehaztu dute.

Sailkapeneko lehen hiru postuak Technical University of Denmark (DTU), Delft University of Technology (TU Delft, Herbehereak) eta KU Leuven (Belgika) dira.

Ingeniaritza eta Arkitektura arloan EHUk eskaintzen duen ikasketa-aukera zabala 34 gradu eta 30 unibertsitate-master da, 16 doktorego-programaz gain.