GAUR8

Duela 200 urte zendu zen Juan Crisostomo Arriaga, euskal Mozart

Gaur bezalako egun batean, 1826ko urtarrilaren 16an, Juan Crisostomo Arriaga Baltzola bilbotar musikaria Parisen hil zen, 19 urte besterik ez zituela. Musikarako dohain bereziz hornitua, tuberkulosiak moztu zion arrakastaz hasitako ibilbidea. 

Arriaga antzokian, Juan Cristostomo Arriaga.
Arriaga antzokian, Juan Cristostomo Arriaga. (Marisol RAMIREZ | FOKU)

Juan Crisostomo Arriaga euskal musikagilearen (Bilbo, 1806 - Paris, 1826) 200. urteurrena osatuko da gaur. Bilboko Somera kaleko 12.ean jaio zen –gertakari hau gogorarazteko atariko ateburuan jarritako plaka batean ikus daitekeen legez– eta Parisen hil zen 20 urte betetzeko egun gutxi falta zitzaizkionean.

1977ko martxotik rue Saint Honoré 314ko atetzarraren ateburuan ikus daiteke gertaera tamalgarria gogorarazten duen plaka bat Ramón Rodamillos eta garai hartako Espainiako Enbaxadako kideen ahaleginei esker.

Arriaga oso txikitatik nabarmendu zen musika-iaiotasun handiagatik eta, hortaz, euskal Mozart izenaz ezagutzen hasi zen. Musikarako dohain bereziz hornitua, 11 urterekin egin zuen lehen lana, ‘Nada y Mucho’ okteto saioa, eta hamalau zituela, bi ekitaldiko opera bat: ‘Los esclavos felices’. 

Josetxu Obregon bilbotar musikaria harritu egiten du gazte honek zuen sormenak. 1822an, 16 urterekin, Parisa joan zen musika ezagupenak sakontzera. Kontserbatorioan garaiko irakaslerik ospetsuenekin jardun zuen: biolin eta konposizio irakasle Ballot izan zuen, eta Fetis belgikarra harmonia eskolen arduradun, honek bere eskolen errepikatzaile izendatu zuelarik. Gero Berliozen irakaslea izan zen Reicha maisua ere ezagutu eta haren estimua bereganatu zuen.

Parisen konposatu zituenen artean dago agian Arriagaren lanik garrantzitsuena: hari tresnetarako ‘Hiru kuartetoak’ deritzana alegia. Geroago ‘Re minorreko Sinfonia’ eta pianorako ‘Tres Estudios o Caprichos’ egin zituen. Ahotsetarako lanak ere ondu zituen: ‘Erminia’, ‘Medea’, ‘Edipo’, ‘All’Aurora’ eta ‘Agar’.

Konposizio lanak, eskolak eta joaldiek ahuldurik, gaixotu egin zen eta 1826ko urtarrilaren 16an gaitzak eraman zuen.