
Gasteizko Guraso Eskolen Urteko Topaketaren 30. edizioa ospatuko da larunbatean, urtarrilaren 24an, Europa Biltzar Jauregiko Almudena Cid aretoan. Gasteizko Udaleko Hezkuntza Zerbitzuak jai egitaraua antolatu du urtemuga ospatzeko ‘Ibilbidea ospatzen’ lelopean.
Sonia Diaz de Corcuera Hezkuntza zinegotziak aurkezpen prentsaurrekoan azaldu duenez, «urte hauetan guztietan, hiriko familiei modu jarraituan lagundu die» programa honek «hezkuntza arloan prestakuntza, orientazioa eta parte hartzeko espazioak eskainiz».
Diaz de Corcuerak nabarmendu du Guraso Eskolak «tresna estrategikoa» direla «gurasoen gaitasunak indartzeko eta familiek haurren eta nerabeen hezkuntza prozesuan parte hartze aktiboa izan dezaten bultzatzeko».
Topaketaren 30. urteurrena dela eta, larunbateko hitzorduak ikuspegi irekia, parte hartzailea eta familiakoa izango du, eta informazioa eta txikienentzako izaera ludikoko proposamenak bateratuko ditu. «Helburua da, alde batetik, programaren ibilbideari balioa ematea, eta, bestetik, Gasteizko familiei zuzendutako Udalaren eta elkarteen baliabideen inguruko ezagutza eta horietarako sarbidea erraztea», zehaztu du zinegotziak.
Hainbat erakundek, elkartek eta udal zerbitzuk parte hartuko dute topaketan, eta informazio mahaiak izango dituzte haien programak ezagutarazteko, dibulgazio materialak eskaintzeko eta haien jarduketa esparruari buruzko aurkezpen laburrak egiteko.
Afro jatorri afroamerikarreko lagunen elkartea, Altxa Burua teknologien erabilera egokirako elkartea, Aspasor Arabako Gorren Guraso eta Lagunen Elkartea, Eginaren Eginez Arabako desgaitasun fisikoa duten pertsonen elkartea, EHIGE Euskal Herriko Ikasleen Gurasoen Konfederazioa, Ipace SL Psikologia Aplikatuko Zentroa, Saregune teknologia komunitarioko zentroa eta Gasteizko Udaleko Hezkuntza, Euskara, Berdintasuna eta Haur eta Familia zerbitzuak egongo dira bertan.
Larunbateko egitaraua 10.30ean hasiko da ateen irekierarekin eta 13.30era arte luzatuko da. Bertan, haurrentzako tailerrak, ludoteka zerbitzua, jarduerak informazio standetan, ipuin kontalari saio bat eta umorezko bakarrizketa bat izango dira.

«Azalak isiltzen duguna oihukatzen du, gure emozioen ahotsa da»

«Txapelketan zehar irabazi dut kinieletan postu bat eta horrek izugarri pozten nau»

«Lehen finala izanen da helburu bezala dudana txapela irabaztea»

«Nire buruari baimena eman diot hasieratik txapelari begiratzeko»
