
Gipuzkoako Foru Aldundiko Jasangarritasun Sailak Trainout izeneko proiektu pilotua jarri du martxan Donostiako Udaleko Ingurumen Zinegotzigoarekin lankidetzan, espazio publikoetan kirol materiala mailegatzeko. Foru erakundeak 15.000 euro bideratuko ditu ekimenera.
Azaldu dutenez, proiektuaren helburuak dira kontsumo arduratsua sustatzea, kirola egiteko baliabideak eskuratzeko erraztasunak ematea eta ekonomia zirkularrarekin bat datozen erabilera partekatuko ereduetarantz aurrera egitea.
Trainout proiektuak kontsumo eredu arduratsuagoa, eraginkorragoa eta baliabideak hobeto aprobetxatzera bideratua sustatzeko helburuarekin sortu da. Proiektuak noizean behin erabiltzen diren objektuen banakako kontsumoaren ordezko aukera bat planteatzen du, eta, horrela, objektuak erosi eta metatu ordez, objektuen erabilera partekatua sustatu nahi du.
Kirol materiala da kontsumo mota horren adibide argia. Jendeak une jakin batzuetan erabiltzeko erosi ohi du, erabilera oso mugatua du eta denborarik gehiena gordeta egoten da. Eredu horren ondorioz, baliabideen erabilera ez da oso eraginkorra.
Trainout ekimenak «beste logika bat» sartzen du ‘ez erosi, partekatu’ printzipioa oinarritzat hartuta, kirola egiten den lekuetan bertan ekipamendua eskuratzea ahalbidetuz.
Gainera, espazio publikoak aktibatzeko eta dinamizatzeko tresna izateko ere sortu da, «kirol eredu irekiagoa, jasangarriagoa eta herritarrengandik hurbilagoa sustatzen duena, eta bizimodu osasungarriagoa bultzatzen duena».
Funtzionamendua
Trainout aplikazio mugikor batera konektatutako kirol ekipamenduko estazio adimendunen sistema bat da. Horri esker, edonork eskura dezake kirol materiala espazio publikoetan, hala nola parke, hondartza edo kirol eremuetan, nork bere ekipamendua erosi edo etxetik eramaten ibili gabe. Funtzionamendua erraza da: erabiltzaileak aplikaziotik lokalizatzen du estazioa, materiala desblokeatzen du, erabili, eta, ondoren, prozesu gidatu bati jarraituz itzultzen du.
Ekipamendua doan erabili ahal izango da lehenengo 90 minutuetan, eta kokapen bakoitzari egokitutako materialak egongo dira eskura, hala nola baloiak, palak, pisuak eta aire zabaleko jarduera fisikorako beste elementu batzuk.
Esperientzia pilotua Donostiako bi tokitan probatuko da: Bentaberriko kiroldegian eta Intxaurrondokoan (Kultur Etxearen ondoan).

«Txapelketan zehar irabazi dut kinieletan postu bat eta horrek izugarri pozten nau»

«Lehen finala izanen da helburu bezala dudana txapela irabaztea»

«Nire buruari baimena eman diot hasieratik txapelari begiratzeko»

«Finalean Euskal Herri osoko publikoa izan arren, ez dut ahaztu nahi non garen»
