Karlos IBARGUREN OLALDE

Hurkoaren maitasuna, herriaren osasuna

Imanol Pradales, hauteskunde kanpainan, osasun arloko eraikin berri baten gaineko xehetasunak ematen.
Imanol Pradales, hauteskunde kanpainan, osasun arloko eraikin berri baten gaineko xehetasunak ematen. (Andoni CANELLADA | FOKU)

Atsotitzak argi dio: «Hurkoaren maitasuna, herriaren osasuna». Beste bi aldaera ere badatozkit burura. Lehena: «Harriarekiko maitasuna, herriaren osasuna?». Eta bigarrena: «Hurkoaren maitasuna, harriaren osasuna?» Baina ez. Osasun determinatzaileak zer diren ez zekien norbaitek bete-betean asmatu zuen: herriaren osasuna areagotu nahi badugu, hurkoaren maitasuna da gakoa (ematea eta jasotzea).

Euskal Autonomia Erkidegoko osasuna eta osasun sistema onak edo erdipurdikoak diren eztabaidatzen ez naiz hasiko, denok onartzen dugulako zer hobetu asko dutela biek ala biek. Desadostasuna hobekuntza egiteko moduan dugunez, azter dezagun modua pausuz pausu. Ditudan datu zehatzenak Euskal Autonomia Erkidegokoak direnez, erkidego horretaz arituko naiz. Hausnarketa, dena den, beste herrialdeetara antzera zabal daitekeela baieztatzera ausartuko nintzateke.

Herriaren osasuna harriarekiko maitasuna balitz, errazki txalotuko nituzkeen azken urteotako osasun aurrekontuak. Aurten osasunari esleitutakoa asko edo gutxi den eztabaidan katramilatu gabe, datua argia da: erkidegoko aurrekontu osoarekiko %30,8 da. Aspalditik, 2008tik, esleitutako portzentaje baxuena. Iazko kopuruarekiko, igoera oso xumea da (%1,3). Baina aurrekontuetako arlo ezberdinei begiratuz gero, errealitatea kezkagarriagoa da. Osasun publikoaren alorrari, gure osasuna sustatu eta areagotu behar duen partidari alegia, aurrekontuen %1,2 esleitzen zaio eta adikzioen alorra lantzeko %0,09 esleitzen da. Iazko aurrekontuekiko, gainera, jaitsiera dago bi partida horietan. Asistentziak (%98) eramaten du berriz ere aurrekontuaren zatirik handiena.

Hori dagoeneko nahiko adierazgarria ez balitz, 2025-2032 aldirako Azpiegituren eta Osasun Ekipamenduen Programa aurkeztu du Osasun Sailak. Programa deitu dioten arren, adostasunik gabeko eta harrokeriaz betetako “propagandagrama” besterik ez da. Nork agindu die 2032 arte egongo direla saila zuzentzen? 1.600 milioi euroko inbertsioa iragarri dute egitura berriak eraiki edo daudenak berritzeko, horietako batzuk jada 2023ko edo 2024ko aurrekontuetan azaltzen zirenak. Berriz ere, lehen arretara papurrak, eta, mamia, ospitaleetara.

Ez diot azpiegituretan eta ekipamenduetan inbertitu behar ez denik. Baina, osasunaren sustapenean zein ekimen egingo dituzun iragartzera atera ordez, azpiegituretan eta ekipamenduetan zenbat gastatuko duzun iragarriz gero, mezua argia da ulertu nahi duenarentzat. Lehentasuna harrian eta zementuan dagoela argi geratu zaigu. Are, 2030erako Euskadiko Osasun Plana aztertuz gero ez badira “osasun zentro” edo “azpiegitura” hitzak azaltzen, zergatik ematen zaio egunerokoan horrelako garrantzia diru-partida horri? Nolako egokitzapenak egin behar dira osasun zentroetan oraindik ez bada erabaki nola egingo den lan lehen arretan? Mediku, erizain eta administrariek osatutako taldeak sortuko dira? Bakoitzetik bana ala talde handixeagoak? Horiei eta beste galdera batzuei erantzun gabe, nora iritsi nahi dugun jakin gabe, edozein egokitzapen desegokia izan daiteke.

Zergatik adierazi berriro eraikin berri bat eraikiko dela Tolosan, ez badago eskualde horretarako osasun proposamen integralik? Ez al litzateke aukera hobea dagoen eraikina gaur bertan eskuratzea, zerbitzua publiko bihurtzea eta hortik abiatuta Tolosaldeko beharrak aztertzea?

Erantzun agerikoak Gernika-Lumo edo Eibar izan daitezke. Urte mordoa daramatza Gernikako zentroak martxan eta ez ditu bertako biztanleen beharrak asetzen. Hirugarren solairua hutsik dago 2012an ireki zenetik. Dialisia eta beste zerbitzu batzuk eskatu dituzte, baina erantzuna beti da ezezkoa. Plangintza gutxirekin eta harriarekiko maitasun handiz eraikitako zentroa da Gernikakoa. Eibarko egoera are larriagotzat jo daiteke oraindik. Mendaroren gertutasuna tarteko, are garrantzitsuagoa litzateke plangintza egokia. Baina aurrekontuak onartzeko PSOEren botoak beharrezkoak direnean, horrelako perretxikoak azaltzen dira gutxien esperotako lekuan. Laburbilduz, eraikin asko baina profesional gutxi. Osasun plataformek salatzen duten gisa, opor garaiak iritsi orduko zerbitzurik ezin eman. Egoera horretan, ordea, ez dira prentsaren aurrera azaltzen zer eta noiz itxiko den azaltzeko. Herritarrak, bertaratzean, igarri beharko du zerbitzua badagoen ala beste nonbaitera joan behar duen.

LAGUNEN NEGOZIOA

Desberdintasun sozioekonomikoak neurtzen dituen Gini indizeak eremu berdinzaleenen artean kokatzen gaituen arren, eta hilkortasun saihesgarri datu onak ditugun arren, ezin dugu konformatu eta ezin dugu bertan gozo egon. 2061erako biztanleen herenak 65 urte baino gehiago izango baditu, ezin ditugu etsi-etsian onartu horrek dakartzan kronikotasuna eta pluripatologia. Onarpen horrek osasun-zerbitzu asistentzialen etengabeko hazkuntza lekarke. Hazkuntza hori zenbait enpresa farmazeutiko, ospitale pribatu edo multinazionalentzako mauka izango den arren, herritarrontzat porrota da zentzu guztietan. Aurtengo aurrekontuetan hori aldatzen hasteko aukera bikaina galdu dugu. Osasun publikoa indartuz, osasunaren sustapena bultzatzeko aukera paregabea galdu dugu.

Gasteizko Txagorritxuko Ospitalearen ikuspegi orokorra, 2023ko argazki batean. (jaizki FONTANEDA | FOKU)

Hurkoaren maitasuna, aldiz, harriaren osasuna balitz, aise ulertuko genuke inguruko lagunei negozioak esleitzea, klientelismoa elikatzea eta zementuaren eta harriaren osasuna herriaren osasunaren aurretik jartzea. Bide batez, eraikin, teknologia edo azpiegiturak inauguratuz boto gehiago lortzen saiatu eta zirkulua bikain itxiko litzateke. Non geratzen den herriaren osasuna? Utikan idealismoak! Herria osasuntsu balego, nola egingo luke negozioa osasun asistentzia ematen duen sistema pribatuak? Eta horiek ere lagunak dira! Hurkoak! Osasun asistentzia kontsumitzera bultzatzen gaituzte, nahiz badakiten ez dela hori herriaren osasuna areagotzeko modurik egokiena. Asistentziak beste osasun determinatzaile askok baino osasun gutxiago dakarkio herritarrari.

Apustua hori balitz, plangintza oro sobran legoke, noski. Alferrik 2030erako Euskadiko Osasun Plana eta alferrik aurrekontuetan partida horiei esleitutako euroak. Gasteizen Santiagoko eta Txagorritxuko ospitaleekin gertatzen ari denak, berresten du apustua dela plangintzarik gabe, iritzi publikoaren olatuen menpe, igeri egitea. Txagorritxuko Ospitalearen berritze lanak amaitu gabe, berritutakoa berriro berritzen hasi behar izan dute. Ospitalea jada txiki geratu da Santiago itxi eta bertako gaixoak Txagorritxura bideratzean! Larrialdiak berriro gainezka. Santiagon itxi berri zuten larrialdi zerbitzua berriro ireki behar izan dute ezinbestean. Oraingoan, ordea, espezialistarik gabe. Ondorioz, gaixoak anbulantzietan gora eta behera dabiltza. Ederra marka!

Bitartean, aseguru pribatuen kopuruak gora egiten jarraitzen duenez eta horrek herriaren osasuna areagotuko ez duenez, arre edo so egin beharra dago. Esaten dena egin edo egiten dena esan. Baina ez gaitzazue inozotzat hartu. Norbaitek akaso pentsatuko du aurrekontuen eta agerraldien hegi bakoitzean piztiak eta mamuak ikustea gehiegizkoa dela eta ez dagoela interes ezkuturik. Oxala denborak arrazoia kenduko balit, baina ez du balio denbora joan eta gero negar egiteak.