Imazi kasu egin: estatus berria ala Etxe Zuria
2004ko abenduaren 30ean gertatu zen eta niri behintzat ez zait ahaztu. Orriotan jada kontatua dut ziur aski. Ibarretxe Planari buruzko bozketa egitekoa zen Gasteizko Legebiltzarrean. Horrekin zirt edo zart egingo zuen estatus berri baterako lehendakariaren egitasmoak: Espainiako Gorteetara eramango zuen Ibarretxek, Estatuarekiko talka politikoa ikusaraziz, edo bere bidea amaituko zuen, kito.
Ezker abertzalearen esku zegoen erabakia. Garai hartako giro liskartsuan, Ibarretxe Planari ezetza emango ziola uste zuten gehien-gehienek. Kazetari gutxi batzuei minutu batzuk lehenago jakinarazi ziguten kontrakoa gertatuko zela: taldearen botoak banatuz (hiru baiezko, hiru ezezko) egitasmoari argi berdea emango zitzaiola, alegia. Arnaldo Otegik oholtzatik iragarri zuenean, batzuen eta besteen erreakzioei erreparatzeko tartea izan genuen, horri esker. Eta guztien artetik EAJko presidente Josu Jon Imazena nabarmendu zen. Estatuarekiko talka politikoak aurrera egingo zuela entzutean, suminduta agertu zen zumarragarra, aurpegia eskuen artean ezkutatuta, burumakur, kezkatuta oso. Ezin garbiago ikusi genuen aurreko harmailatik Otegiren hitzaldiari erreparatu beharrik ez genuen kazetariok.
Pasartea burura etorri zait segituan Imaz Trumpen ondoan ikusi dudanean. Orain burumakur ez, belauniko baizik, baina bietan lotsa izpirik gabe. Deigarria da Etxe Zurian gertaturikoaren ostean EAJren barruan zabaldutako isiltasuna. Imazen jarduna aski salagarria da aspalditik, baina orain goia jo duela dirudienean ere ez da autokritikarik. Horrelako pertsona bat bere burua abertzaletzat duen alderdi baten gailurrera nola heldu zen azalduko du norbaitek, alderdi horren mesedetan? Barruan egin dute hausnarketa, akaso. Edo ez dute kontraesanik antzematen, agian; azken finean, Imazek bakarrik ez, Euzkadi Buru Batzarrean lekukoa hartu zion Iñigo Urkulluk ere garbi aitortu zuen, garratz ez esateagatik, Ibarretxe Planarekiko zuen urruntasuna.
Historia ziklikoa denez, 90 urte pasata faxismoaren erasoaldiaren pean dago mundua berriz ere, eta 20 urte igarota estatus berri baterako aukera ere zabaldu zaio herri honi. Denbora ez da alferrik pasatzen, ordea. Egungo abagune honek zenbait aldagai ditu alde, ordukoarekin alderatuz: ETA ez dago, ez eragile gisa, ezta aitzakia gisa ere; ia mende erdi bete duen Gernikako Estatutua azkenetan dago; autogobernuaren aldarrikapenak indarra hartu du gainerako euskal lurraldeetan; indar metaketa zabalagoak daude; eta estatus berri baten aldeko egitasmoak ez lituzke egun ezkerreko independentismoaren botoen erdiak batuko, guztiak baizik…
Ez bakarrik aukerak, beharrak ere handiagoak dira. Faxismoaren aurrerakadak burujabetza maila guztiak jopuntuan ditu; begien aurrean jartzen digute Venezuelatik Groenlandiara, euskararen aurkako oldarralditik neomatxismoaren erasoaldira. Mugarri berria jartzea lagungarria litzateke datorrenari, datorren edozeri, aurre egiteko; aukera-leihoak zabalik segituz gero, beste aldera pasatzeko; giltzarrapoz itxiz gero, defentsan sendoago aritzeko. Imazek erakutsi du bidea, orduko arratsalde hartan bezala. •


