
Maryse Hilsz –berak izan hau erabili ohi zuen– edo Marie-Antoinette Hilsz (Levallois-Perret 1901eko martxoak 7 - Moulin-des-Ponts, 1946ko urtarrilaren 30a) langileen familia batean jaio zen. Ikasketak bukatu eta moda-etxe batean aprendiz sartu zenean, inork ez zuen pentsatuko abiazioaren aurrekari bat izan zitekeenik, baina Lehen Mundu Gerrak (1914-1918) eragina izan zuen beregan: gerrak Maryse gaztearen hegazkingintzarekiko interesa piztu zuen.
Paraxutista-talde batean sartu eta 112 jauzi egin zituen 30eko hamarkadan. Gero, urte pare batean pilotu lizentzia lortu eta bigarren eskuko hegazkin txiki bat erosi zuen.
Eta, 1930etik aurrera, bere talentua agerian gelditu zen. Hemen adibide batzuk: 1931n, Paris-Saigon-Paris hegaldia osatu zuen; 1932an, altitudearen munduko gainmarka lortu zuen emakumeetan; 1936an, 14.310 metroetara igo zuen bere plusmarka eta munduko errekorra hautsi zuen, bai emakumezkoetan eta baita gizonezkoetan ere; eta 1938ko abenduaren 30ean, lehen mailako hegazkin batentzako eskalarik gabeko distantziaren gainmarka hautsi zuen Istres-Port Etienne ibilbidean (Frantzia-Mauritania).
Bi urteren buruan, bere bikotea, André Salel pilotua, istripu batean hil zitzaion eta kolpe latza izan zen Maryserentzat. Handik gutxira, Bigarren Mundu Gerra (1939-1945) hasi zen.
Bere belaunaldi osoari gertatu zitzaion bezala, Maryse Hilszen bizitza hankaz gora jarri zen: mobilizatua izan zen, baina, Armada frantsesaren gainbeheraren ostean, Erresistentziarekin bat egin zuen.
Buckmaster sareko kide bihurtu zen orduan. Bere lan nagusia okupatzaile naziaren inguruko informazioa biltzea izan zen. Espioi lanetan arrisku handiak hartu zituen.
1944ko urrian, Maryse Hilsz teniente izendatu zuen Charles Tillonek, Frantziako Alderdi Komunistako kide, Erresistentziako buru eta Charles de Gaullen Gobernuko Aireko ministroak, lehen emakume pilotuen taldea sortu zuenean.
45 urte zituenean, hegazkin istripu batean hil zen Maryse. Berak ez zeraman hegazkina. Jaioterriko hilerrian lurperatu zuten; Gustave Eiffel ingeniaria, Maurice Ravel konpositorea edo Louise Michel idazle eta poeta anarkistaren hilobietatik metro gutxira.

«Txapelketan zehar irabazi dut kinieletan postu bat eta horrek izugarri pozten nau»

«Lehen finala izanen da helburu bezala dudana txapela irabaztea»

«Nire buruari baimena eman diot hasieratik txapelari begiratzeko»

«Finalean Euskal Herri osoko publikoa izan arren, ez dut ahaztu nahi non garen»
