Nerea Sancho Esnaola
Sexologian eta bikote harremanetan espezializatutako psikoterapeuta

Baliza iberikoak: Noiz eta nola egin zintzotasun transfusio bat?

Asmo Onen Transfusioa.
Asmo Onen Transfusioa. (SENSATHLON 2026)

V16 baliza iberikoen txorizotasun eta txapuza ezkutatu-ezinak ekarri nau idaz-makinara azkenean. Herri izaera bat definitzen duen adierazle bat gehiago. Hau besteren-lotsa!

Gurean (ordea) musikak definitu gaitu. Gaztetako dantza, janzkera, abesti edo kode partekatuek batu gaituzte betiko. Paziente batekin hizketan nengoen batean, konturatu ginen zeharkatu gaituzten musika-giroen konplizitateak etorkizuneko edozein puntutan batzera eramaten gaituela. Baita kontsulta-gelan ere.

Norbaitzuk gu konkistatzekotan nahiagoko nuke oso iparraldeko herrialde txukun horietako bat izango balitz. Kontatu didate, nunbait, herrialde horietako batean, garaiz iristen direnak, parking-ean urrutien dagoen lekuan uzten dutela autoa, norbait estu iristekotan, bertatik bertara aparkatu ahal izateko. Toma ya!

Nire osabak dio: “etxe txikia, garaje handia”.

Psikologo batzuek diote: “etorkizunik ez duen harreman bat utzi behar baduzu, ondo zaudeten momentuan utzi”.

Bai horixe!

Gure seme batek dio: “andamiora noa, lotara” (litera!).

Pertsona ilustrez inguratuta egon nahi dut. Disdiratsuak eta bikainak. Adoretsuak eta gardenak.

Urtetan kongeladorean metatu den izotza zure bikotekidearekin kendu ahal izateko (eta atea ondo ixteko) giro umoretsu eta kooperatiboan egitea lortzen baduzu... bikainak, biak!

Batak besteari bidea irekitzea.

Bikote harremanean sorgin-gurpil txar horietan sartu gabe bizitzea iaiotasun bat da. Gaitasun hori ez duenak, ikasi dezake. Herrenka ibiltzen denari ez diogu eskatzen korri egiteko, baina bikoteari PERFEKZIOA eskatzen diogu:

- Nik neuk ditudan akatsak (hutsuneak, ohitura txarrak, beldurrak...) zureak seinalatuz ezkutatuko ditut.

- Zuk betetzen ez dituzun eremuak frustrazioz betetzen dizkidatenean, ez dut autokritikarik egingo.

- Dena perfektu egingo bazenu, seguru sentituko nintzateke. Ditudan segurtasun falta eta bizitzarekiko konfidantza falta, zuk osatu, huts egiterik gabe! Horrela nire beldurrak uxatuko ditut!

Denok gara hanka-motzak, herrenak, itsuak, gorrak, diskapazitatu emozionalak... hori da abiapuntua.

BAINA ez gara denak ZINTZOAK. Gutxitasunak eta huts egiteak barkatu onartu daitezke BAINA tranpak, narraskeriak, iruzurrak eta itxurakeriak... umm... nere ustetan hori ez. ASMOA da balio duena.

Zintzotasun transfusioak egiteko ordua.

Ohitura berriak hartzekoa.

Egindakoak aitortu.

Sortutako minak erreparatu.

Kaosa errazagoa da aurrera eramaten baina koherentzia faltak salatuko zaitu.

Ordena zailagoa da, baina iraunkortasuna bermatuko dizu.

Asmo onak auto-esplikatiboak dira.

Ez zaitez izan lapurra, izan saria.

Ez baduzu hobetzen hontan, okerrera zoaz.

Terapeutok gure auto-onarpenaren apologia egin behar dugu. Distira eta hutsuneak barne. Galdetzen didatenean, kalean nire paziente batek ikusiko banindu... ze tankera hartuko ote zidan... ba kontsultako berbera! Zero kezkak. Idealizatu banau, orduan bere arazoa izango da, hortaz, biok lantzekoa. Segurtasun bila dabilenari gertatu ohi zaio. Terapeuta perfektua behar duenak... badakigu non bilatu harritxintxarra.

Guztiz etsitzen naute egun albiste itxura duten artikuluek, gizakume onargarriak izateko esaten digute: zein ordutan jan behar dugun ogia, zenbat denboraz lehortu behar dugun ilea ile-lehorgailuarekin, zenbatero deitu behar diogun lagun bati telefonoz, zein akats egiten ditugun autoa arrankatzeko orduan, nola etzan, nola arnastu... sorry? Barkau? Aniztasunaren KONTRAko mugimendu masibo honek lerdotzat jotzen gaitu. Norbere gogo, asmo, zirkunstantzia, egoera ekonomiko, familiar, behar pertsonal, balio edota ideiak alboratzen ditu. Hori bai LAPURKETA lotsagabea. •