Mikrobiota eta osasun mentalaren arteko lotura harrigarriak
Ignacio Lopez Goñi mikrobiologoak «Mikrobiota eta osasun mentala. Hesteetako bakterioen eta garunaren arteko lotura» liburua argitaratu zuen iaz. Mikrobiota eta jaki probiotikoak horren modan dauden garaian, beste ikerketa eremu bat ireki du aditu nafarrak.

ZarautzOn elkarteak antolatuta, Ignacio Lopez Goñi mikrobiologo eta dibulgatzaileak “Mikrobiota eta osasun mentala: Hestea al da gure bigarren garuna?” hitzaldia eskaini zuen Modelo aretoan. Argitaratu duen azken liburua oinarritzat hartuz, jendearen erantzunak -areto nagusia leporaino bete zen- argi erakutsi zuen gaiak sortzen duen interesa.
Mikrobiotak gure osasunean duen garrantziaz gero eta jakitunago garen garai honetan, Lopez Goñik urrats bat aurrerago garamatza, mikrobiota horrek osasun mentalarekin duen harremana lehen planora ekarriz eta ikerketa eremu horrek irekitzen dituen aukera berrien zertzelada batzuk marraztuz.
Hitzaldiaren -eta liburuaren- abiapuntua 2016an egindako ikerketa bat da. Bertan, eta asko laburbilduz, konturatu ziren depresioa zuten saguen mikrobiota arazorik gabeko saguei “transplantatuz” gero, beste horiek ere portaera depresiboak erakusten hasten zirela: antsietatea eta interes falta. Titularra, beraz, zerbitzatua zegoen: “Depresioa transplantatu daiteke”.
Noski, depresioa transplantatzeak ez du inolako zentzurik, baina ikerketak kontrako bidea egiteko atea irekita uzten zuen: posible al litzateke arazorik gabeko sagu baten mikrobiota depresioa duen bati “transplantatu” eta modu horretan sendatzea?
Zoritxarrez, oraingoz erantzuna ezezkoa da, baina onartu beharra dago ikerketa eremu zabala dagoela aurretik esploratu gabe. Ignacio Lopez Goñik aipatu zuenez, arlo honetako ikerkuntza «harri aroan» dago oraindik, baina ildo nagusiak zein norabidetan doazen ulertzeko zenbait gako eman zituen.
KONPLEXUTASUNAZ JABETU
Mikrobiota mikroorganismoen multzoa da, batez ere bakterioak, pertsonen edo animalien gorputzetan eta ekosistemetan bizi direnak. Gorputzeko hainbat ataletan (ahoa, azala, hesteak...) mikrobiota desberdinak ditugu, eta askotan komunikabideetara iristen diren mezu sinplisten aurrean, lehen aipatu dugun titularra kasu, Lopez Goñik zenbait datu eman zituen mikrobiotaren konplexutasunaz jabetzeko. Pertsona batek besteari ahoan musu luze bat ematen dionean, adibidez, 80 milioi bakterio truka daitezke.
Gizaki bakoitzak bere mikrobiota du, desberdina, eta etengabe aldatzen da. Egiaztatu ahal izan denez, familia bateko kideek mikrobiota antzekoagoa dute beren artean, truke horien ondorioz. Eta badakigu adinarekin mikrobiota aldatzen joaten dela: lehen urteetan aldakorragoa izaten da, helduaroan egonkorragoa, zahartzaroan mikroorganismo kopurua urritu egiten da...
Kasu honetan, Lopez Goñi hesteetako mikrobiotan zentratu zen, eta multzo konkretuago bat izan arren, hor ere desberdintasun handiak daudela nabarmendu zuen. «Kontuan izan behar da hesteak dituen 8-9 metroetan eremu desberdinak daudela. Pentsa ezazue zer diren 8-9 metro mikra gutxi batzuk dituen bakterioarentzat. Pertsona batentzat hemendik Varsoviarainoko bidea bezalakoa litzateke. Pentsa bide horretan zenbat klima desberdin aurki ditzakezun, zenbat pertsona desberdinekin topo egin dezakezun», jarri zuen adibide moduan.

KORRELAZIOA BAI, KAUSA EZ DAKIGU
Horren errealitate konplexuaz ari garenean, beraz, eta hasierako ikerketara itzuliz, zeri deitzen diogu mikrobiota osasuntsua? Bada, hortxe dago lehen zailtasuna: ez dago formula konkreturik, pertsona bakoitzaren araberakoa da. Aldiz, badaude bi faktore errepikatzen direnak: kopurua eta dibertsitatea. Mikroorganismo kopuru handia edukitzea eta ahalik eta mota desberdin gehienetakoak, osasunaren sinonimo da. “Oreka” kontzeptua ere erabiltzen da. Eta, aldiz, mikroorganismo kopuru urria izateari, edo dibertsitate gutxikoa baldin bada, “disbiosi” deitzen zaio.
Lopez Goñik adierazi zuenez, disbiosi egoera 300 bat gaixotasun desberdinekin erlazionatuta dago, bai metabolikoak edo nutrizionalak (obesitatea, diabetesa, hesteetako nahasmendu kronikoak, alergiak, gaixotasun autoimmuneak, hanturazkoak), baina baita neuronalak ere (depresioa, autismoa, alzheimerra edo parkinsona). Baina hor kontzeptu garrantzitsuena korrelazioarena da, kausalitatea ezin delako frogatu: ez dakigu gaixotasuna den disbiosi hori sortzen duena, edo alderantziz gertatzen den.
Hala ere, hestea-mikrobiota-garuna harreman horren inguruko informazioa lortzen ari dira apurka-apurka ikerlariak. Aspalditik dakigu, adibidez, nerbio bagoa garunetik hesteetaraino luzatzen dela, eta gure serotoninaren %90 hesteetan sortzen dela. Eta harremana bi norabideetakoa dela, ikusi delako estresak mikrobiotan aldaketak eragiten dituela.
Lopez Goñik ikerketa bat aipatu zuen, gaiaren inguruan egin den zabalena, adin eta jatorri etniko desberdineko 3.200 pertsonako laginarekin. Guztien mikrobiota aztertu zuten, eta depresio arazoren bat zuten pertsonen kasuan hamahiru bakterio talde errepikatzen zirela ikusi zuten. Sekulako aurkikuntza da, baina berdinetan gaude: froga daiteke bakterio horiek depresioa eragiten dutela? Oraingoz, ez.
BIEN BITARTEAN, DIETA ZAINDU
Esan bezala, ikerketa eremu handi bat dago oraindik esploratzeko. Lopez Goñik jakinarazi zuenez, saguekin egindakoaren bideari jarraituz, zenbait laborategitan ari omen dira mikrobiota “transplanteekin” proba desberdinak egiten. Baina aipatu dugun formula konkretu ezaren arazoari, hainbat bakterio laborategian kultibatzeko ezintasuna gehitu behar zaio. Bide horrek, beraz, denbora beharko du emaitzak emateko.
Gorakada nabarmena izan duen beste arlo bat jaki eta produktu probiotikoena da, baina hor ere zaila da onura unibertsalak frogatzea. Batetik, pertsona bakoitzak mikrobiota desberdina duelako, eta, bestetik, mikrobiota hori nolakoa den jakitea zaila delako. Mikrobiota analisiak egiten dira -gorozki lagin bat hartzen da-, baina oso mugatuak dira: ez dute hestearen osotasuna islatzen, ezta mikrobiotaren etengabeko aldaketa ere.
Horregatik, gaur-gaurkoz, dieta osasuntsu bat egitea da mikrobiota osasuntsu bat izateko modu fidagarriena. Lopez Goñik argi utzi zuen bera ez dela ez medikua eta ez nutrizionista, baina mikrobiologiaren ikuspegitik ere frogatua dagoela dieta mediterraneoa deitzen dugun horrek mikrobiota aberatsa izaten laguntzen duela. Eta, era berean, jaki ultraprozesatuek, gatzak, azukreak, alkoholak eta tabakoak mikrobiota kaltetzen dutela.
Ikerketa zientifikoek aurrera egin bitartean, hobe “transplanteak” ahaztu eta ongi jatea.



