«Teletetxoak», erretrobisoreak eta motxilak: torturaren itzala euskal gazterian

Atzapar luzeak izan ditu torturak Euskal Herrian, atzapar ikusgarriak eta ikusezinak. Tortura ez delako atzoko bortxa bat, gaur ere badelako, ikuspegi ezberdinetatik begiratuko diogu datozen asteetan orriotan, elementu zehatzei begiratuz eta hiru eremu jakinetan arakatuz. Hauxe dugu lehen geltokia.

Maddi Altuna, Donostiako Tabakaleran. Gazte independentista gisa torturaren mehatxupean bizi izandako kideen bizipenak jaso ditu.
Maddi Altuna, Donostiako Tabakaleran. Gazte independentista gisa torturaren mehatxupean bizi izandako kideen bizipenak jaso ditu. (Maialen ANDRES | FOKU)

Irudikatu titularra: «Madrilgo 40 gazte ekologista atxilotu eta torturatu dituzte». Hortik hilabete gutxira: «Atxiloketak Salamancan eta Badajozen: beste 28 gazte atxilotu dituzte». Azpitituluan: «Barne sailburua harro agertu da, talde ekologista bururik gabe utzi duela esanez; atxilotuetako askok torturak salatu dituzte». Hortik astebetera filtrazio poliziala hedabide nagusietan: «Talde ekologista behin betiko garaitzeko operazio erraldoia prestatzen ari dira»...

Eskandalua eragingo zuen, ezta? «Nola da posible Europan XXI. mendean halakoak gertatzea...». Beldurra ere bai, noski, bereziki inguruko komunitatean: «Nor izango da hurrengoa?». Badaezpada, izango zen ezkutatzea erabakiko zuenik. Edo taldea uztea. Edo manifestazioak antolatzea. Edo biak batera. Edo jakin ezazu.

Horiek ez dira irudikapen soilak. Gazte independentisten kontra hementxe bertan gertatutako jazarpenaren lagin txiki bat baino ez dira. Eta ez dira iragan urruneko kontuak bakarrik; termino historikoetan, atzora arte gertatu dira: esaterako, 2009-2011 artean 100 euskal gazte atxilotu zituzten; horietatik 64k torturak salatu zituzten.

Zer eragin izan du horrek? Torturatuek zein ingurukoek egindako ahaleginari esker, torturaren beraren testigantzak ezagunagoak ditugu -elektrodoak, bainera, heriotza mehatxuak...-. Baina, torturatua izan edo ez, nola bizi izan zen torturatua izateko aukera? Nola egiten zioten aurre? Eta inguruak, nola kudeatzen zuen egoera? Zein ondorio psikologiko, sozial eta politiko zituen mehatxu horrek? Eta egun?

«BARBARIDADE BAT»

Egiazko «elkarbizitza demokratikorik» egongo balitz, horren inguruko artikulu, erreportaje eta telesailak izango genituzke nonahi. Maddi Altunak (Zumaia, 1992) salatzen duen bezala, baina, era adierazgarrian, «isiltasuna» da nagusi: «Berez barbaridade bat da, eta guk normalizatu egin dugu. Gizarteak askotan baimendu egin du; instituzioek baimendu, ahalbidetu eta baliatu egin dute; eta afektatutako komunitateak, batzuetan halabeharrez, normalizatu egin du. Ez diogu ematen berez daukan barbaridade izaera hori».

Altunak argi du: «Hau ezin da izan. Bizi izan dugun zerbait dago hor, baina era berean inork ez daki, inon ez da horri buruz hitz egiten, ematen du ez dela gertatu. Eta horrek eragin dituen min, zauri, poz, harrotasun, tristura denak gorputzetan daude. Mamu moduko bat dago».

Horrela, haren kide eta lagunek bizi izandakoak kontatzeko behar bati erantzunez, Master Amaierako Lana egin berri du. Horretarako, torturaren mehatxupean bizi izandako zortzi kide elkarrizketatu ditu -denak ezizenez-. Profil ugaritakoak dira, baina denek badute zerbait komunean: gazte independentistak izan dira, eta torturatuak izan ez badira ere, gertutik bizi eta jasan izan dute itzal hori, baita horren eraginak ere.

Ikergaia mugatu egin behar izaten denez, 2000-2015 arteko bizipenak jaso ditu. Altunaren markoak lagunduta, jarraian dituzue testigantzetako batzuk.

TORTURAGARRI

Altunak dioenez, pertsona bat torturatzeko, aurrena, «torturagarri» egin behar da: «Tortura ez da komisarian hasten, baizik eta jende multzo bat deshumanizatzean: zu etsaia zara, terrorista, zure bizitzak ez du balio, eta orduan zu torturatu zaitzaket, etsaiaren kontra guztiak balio du eta». Ondoren torturatu edo ez, torturatua izateko aukera hedatzean datza gakoa, jokalekua zein den argi uzteko.

Altunaren iritziz, gazte independentistekin horixe gertatu zen. 2000tik aurrera ere nabarmen, “Dena da ETA” doktrinaren pean ofentsiba orokortu bat abiatu baitzen: «Hor ez da gazte antolakundea bakarrik, baina gazte antolakundea modu oso anker batean jazartzen da: Jarrai-Haika-Segi ‘terrorista’ bezala izendatzen da, epaiketak hasten dira, eta, momentu batean, 2007tik aurrera herriz herri sarekadak hasten dira, herriko talde osoak eramaten dituzte... Gainera, kontuan hartu behar dugu nazioarteko egoerak laguntzen zuela ‘terroristen’ kontra edozer egiten».

(Maialen ANDRES / FOKU)

Garaian gazte independentistak irudikatzeko metaforak oso adierazgarriak dira. Ez kasualitatez, animalia gisa ezaugarritzen zituzten: «Cachorros de ETA», «Sugekumea Operazioa»... Haien ahotan, tentakulu eta guzti, basatiak ziren, bezatu beharreko barbaro arriskutsuak.

Irudiaren eta errealitatearen arteko disonantzia nabarmena zen, ordea: «Ze terrorista! 100 lagunentzako paella bat egiten ari naiz eta!», dio Mariak. Edota Topaguneak antolatzen, asanbladetan eztabaidatzen, irratsaioak egiten... Baita 20 urteren bueltako beste gazte guztiek egiten zituzten eguneroko kontuetan ere. «Pertsona hori unibertsitatera doa klasera, bere jendearekin egoten da eta egunero bazkaria prestatu behar du zuk bezala», Altunak azaltzen duenez.

Mariaren testigantza oso argigarria da: «O sea, lentejak prestatzen ez dakizu oraindik, eta derrepente... Ez, ez, literal. O sea, nik patata-tortilla prestatzen ikasi nuen unibertsitatean, baina ja ordurako asumituta neukan egon ahal nintzela..., ba hori, torturatua izan ahal nintzela».

TRANSMISIOA

Nola jabetzen zen bat torturagarri zela? Eta torturak zer suposatzen zuen? Altunarentzat, ez da erraza zehatz-mehatz atzematen. Izan ere, «torturarekin gertatzen den zerbait da hizkuntza desagertu egiten dela. Batzuek azpi-mundu bezala ezaugarritzen dute. Lasa eta Zabalaren pelikulan ikusten duzu zintzilik daudela eta jotzen ari direla, baina kolpe bat da, zuk ez duzu sentitzen gorputz horrek barrutik bizi duena».

Alabaina, tortura zehazki zer den jakin ez arren, badago «ezagutza kolektibo bat», askotan hitzez harago transmititu izan dena: «Adibidez, zure osaba torturatu dute, isiltasun bat egon da eta zuk ez dakizu, baina hor zerbait dagoela igartzen duzu. Zure lagun bati ikusi diozun begirada torturatu eta gero. Gorputz-jarrera eta mugimenduak, urduritasunak, atzera begiratzeko joerak...».

Eta halako batean, mugimendu “terrorista” horretan murgildu ahala, zuri ere ezagun egiten zaizkizu arrasto horiek. Albistegia entzun bitartean zure sabelean urduritasun horiek sentitzen hasten zara, bilera batera zoazela tarteka atzera begiratzen duzu... Bai, zu ere torturatua izan zaitezke.

Estatuaren atzaparrak geroz eta gertuago sumatu, orduan eta intentsitate handiagoz bizi zen kontzientzia hori: «Hor egon zen garai bat, sarekadak horrenbestekoak izan zirela, non, zure bila etortzen ez zirenean lasaitasun moduko bat hartzen zenuela. Eta aldi berean errua, ze zure kideak momentu horretan torturatuak izaten ari ziren. Eguneroko tentsio bat, beldur konstante bat», dio Altunak.

«Hori ardura zeukatenetan eta ez zeukatenetan!», gehitzen du, helburua mezu hori zabaltzea baitzen: denok zaudete zerrenda beltzean; arazoa ez da ardura, gazte independentista antolatua izatea baizik.

Ainhoak ezin argiago laburtzen du horrek ehunka gazterengan izandako ondorioa: «Egunsentia ikustea bake sentsazio bat bezalakoa zen; tira, egun bat gehiago daukat».

ERRUTINAK

Eta zer egiten zen egunetik egunera? Nola egiten zitzaion aurre ezinegon horri? Altunaren hitzetan, «helburu maximoa torturatua ez izatea zen», eta horren arabera antolatzen ziren errutinak. «Irratia jarri eta ea zeinen bila joan diren», horrela hasten zen eguna. Eta askotan ez zen norbere etxean bukatzen. Sarekaden gehiengoa astelehen eta astearteetan egiten zirenez, askok badaezpada beste baten etxean egiten zuten lo egun horietan... Begirik biltzea lortzen bazuten, jakina, orduan ohikoa baitzen «teletetxoa» egitea. Unibertsitateko osteguna lasaiago pasatzeko aukera zuten, baina «hori gero aldatu egin zuten. Asko harrapatu zituzten, babes-mekanismoak puskatu egin zirelako».

Egunerokoa ez ezik, pausajea ere horren arabera erregulatzen zen: «Ibiltzeko era, taberna batean esertzeko modua -atea bistan, bizkarra babestuta-, sekretak identifikatzeko estrategiak, etxera joateko edo etxetik ateratzeko ibilbide alternatiboak, gauza batzuk etxera ez eramateko ohitura hori...».

(GAUR8)

Altunak dioen bezala, gaur egun «surrealistak» diruditen eszenak daude tartean: «Zapatekin lo egitea; etxean baldin bazaude nondik aterako zaren pentsatuta edukitzea; zure bila etorri eta harrapatzen bazaituzte telebista parean nola aterako zaren planteatzea -kaputxa jarrita edo ez?-... Galdera horiek egunerokoan erabat integratuta zeuden: adibidez, lentillak baldin badauzkazu, lentillak jarri behar ditut edo betaurrekoekin? Edo nola izango da hilekoarekin harrapatzen baldin banau?».

Bien bitartean, bizitzak aurrera jarraitzen zuen. Baita ingurukoenak ere, nahiz eta askotan bi planeta ezberdinetan bizi zirela zirudien. Honela dio Ainhoak: «Ni sentitzen nintzen martziana! Zu zaude zure txakurrekin, zure plangintzekin, zure helburu handi horiekin... eta joaten zinen kuadrillakoengana, eta elkarrizketa batzuk... Pentsatzen zenuen, ‘txo, nik hauei esaten badiet hor dauden biak txakurrak direla, ez dute sinistuko!’».

IHESA ETA DESAGERTZEAK

Baina baziren. Eta ohartzerako, gero eta gertuago zeuden. Pun!!! Kotxe bat etxe atarian, begirada zure bizkarrean iltzatuta. Ostia, herenegun eta atzoko bera da! Tik-tak, tik-tak, orratzak gero eta azkarrago, bihotza borborka... Heldu da zure txanda, amaitu da itxaronaldia... Pun!!! Etxeko atea bota dute... «ALTO!»... Pasilloa pasa dute, logelako atea indarrez ireki, eta...

«JODER!», poliziek. Ohe huts bat topatu dute. Ufa...!

“Zorionez”, hori gertatu zen behin baino gehiagotan. Izan ere, «erresistentzia mekanismo efektiboei esker, jarraitzen ari zirela identifikatu eta polizia etxera joan aurretik ihes egitea lortzen zuten batzuek», azaltzen du Altunak.

Horietako askok bi estatuek ezarritako muga ere zeharkatzen zuten, Estatu frantsesak ez baitzuen torturarik aplikatzen. Bittorrek honela kontatzen du: «Behobiatik pasa nintzen Iparraldera, eta ostia! Pasa eta gero hartu nuen lasaitua... ‘Orain harrapatu nahi banauzue, berdin dit, berdin dit...’ baina ja badakit Jendarmeak izango direla harrapatuko nautenak, eta ez Polizia Nazionala edo Guardia Zibila». Jokinek ere ondo gogoan du momentu hori: «Pun, muga pasatzen, como, tensión-tensión... Derrepente elkartzen gara beste bi kide eta hirurok errepide erdian, en plan, buahh! Izan zen como épico».

Bai, ondo irakurri duzue: etxetik ihes eginda, zer eta sekulako lasaitua (!) hartu zuten, epikoa (!); jada atxilotua izateak berdin-berdin (!) zien, nahiz eta jakin bazekiten salbuespenezko espetxe politika jasango zutela.

Altunaren ustez, hori da torturaren beste aurpegia: «Tortura halako infernua denez, ezkutatuta egotea, ihes egitea edo kartzelan bukatzea onartzen da. Esaten da: ‘Ba, ez da hainbesterako, ni behintzat ez naute torturatu’. Tortura saihestea baitzen helburu gorena». Alde horretatik, elkarrizketatu guztiek goraipatzen dituzte torturatuak ez izateko ahalegin horretan lagundu zietenak.

Egoera baretu ahala, batzuk etxera itzultzen ziren. Nola azaldu “desagertze” horiek? Joan eta etortze horretan egoera zinez arraroak gertatzen ziren: «Batek komentatzen zuen, hilabete pila bat ezkutatuta egon zela, bueltatu, justu bere amona hil, bere ama agurtu eta berriz alde egin zuela, ez zekielako seguru zegoen. Beste bat, berriz, lehen aldiz ihes egin behar izan zuenean Batxilergoan zegoen. Institutura agertu gabe hiru aste, bueltatzen zara eta zer?». Berriz errutina horri heldu behar... baina infernutik pasa gabe, behintzat.

«... AURRERA!»

Estatu espainolaren arabera, beti «azken kolpea» ematen zioten gazte antolakundeari. Mezu inplizitua ere helarazten zuen: «20 urteko gazte pila bat eraman ditugu herri batetik, orain ea zein atrebitzen den erreleboa ematen!». Baina paella janek, asanbladek, Topaguneek, irratsaioek... jarraitu egiten zuten. Nola zen hori posible?

Altunarentzat, gazte independentistek «gaitasun organizatibo eta emozional oso fuertea» erakutsi zuten: «‘Diruzaina eraman dute; Maitane, zu diruzain’. Eta jendeak ardurak hartzen zituen. Nola azaltzen da hori? Garaiko testuinguruagatik: gatazka oso bistan zegoen momentu bat zen. Horrez gain, zure kideak eraman dituzte eta hor injustizia sentsazioa oso fuertea da. Gainera, momentu batean ardura ez hartzeak ere ez zaitu agian salbatzen».

(Maialen ANDRES / FOKU)

Jakina, «badago jendea deskantsuak hartu behar izan zituena... Hori ere bere garaian era batera ulertuko zen, gaur egun beste batera. Baina jarraipen bat zegoen, beldur horrekin denarekin ere aurrera egiten zen. Eta hor badago puntu bat: bai, oso gogorra da, baina gaitasun batzuk daude elkar zaintzeko eta babesteko». Garazik honela kontatzen du: «Indar hori, ezta? Aldi berean hain harro eta hain izututa... Barrutik birrinduta, baina harrotasun horrekin, militantzia hori guztia aurpegia ematen...».

Altunak azpimarratu bezala, baina, ezin da ahaztu parte hartze demokratikoaren ikuspegitik egoera hori «oso larria» zela: «Hor badaude errepikatzen diren gauza batzuk: bost eguneko inkomunikazioa, sei urte espetxean; astelehen edo asteartean etxetik kanpo lo egitea... Mugimendu horretan parte hartzeak pakete hori zekarren une batean. Orduan, normala den bezala, zu beldurra ematen dizun gazte bat bazara, agian ez zara agertu ere egiten. Oso kostosoa zen».

Animatzen zirenek, berriz, mezu bat entzuten zuten etengabe: kontuz! «‘Kontuz!’ hori dator etxetik, zure anaia zaharraren partetik, mugimenduko kideen partetik... Kartel batzuk pegatzera joateagatik ‘kontuz!’ bat dator».

GAUR EGUN ZER?

Behinola torturaren mehatxupean bizi izan ziren horietako gehienak jada ez dira gazteak. Gaur egun nola gogoratzen ote dute garai hura? Altunaren hitzetan, «intentsitate handiarekin: min eta negar asko, antsietate handia, baina, aldi berean, besarkadak oso fuerte. Agian hitz asko ez, baina keinuak, begiradak, umore arraro bat... Aldi berean, gaztaro bat bizitzen ari ziren, horrek suposatzen duen guztiarekin: parranda, maitasuna, gurasoekin tirabirak... Bizitzak gertatzen jarraitzen zuen. Hor gauza arraro bat dago: iluntasun kapa bat, eta aldi berean edertasun pila bat».

Edozein kasutan, torturaren eraginek hezur eta haragitan inskribatuta jarraitzen dute, baita torturatuak izan ez zirenen kasuan ere. Adibide sinple bat: irratia piztu eta uhinetan barna orduko bizipenak etortzen zaizkie ia denei. Edo gaiaz hitz egin ondoren bizkarreko eta bestelako minak izaten dituzte askotan.

Eta gaur egungo gazteek, nola bizi dute hori? Azken sarekaden garaian jaio ziren gazteak adin nagusitasunera gerturatzen ari dira orain. Horietako asko mugimendu independentistan engaiatu dira. Zorionez, izu hori desagertu da, baina mamu horren oihartzunik ba al da oraindik? Hala izatekotan, zein adierazpide hartzen ditu egun?

Zalantzak berak argi uzten du itzalak argitzen jarraitu beharra dagoela.