GAUR8

‘La Bohème’ operak 130 urte bete ditu

1896ko otsailaren 1eko iluntzean Turingo Regio Antzokian estreinatu zen ‘La Bohème’ opera, Arturo Toscaninik zuzendurik. Harrera hotza izan zuen, eta ez zen ikusleria ezta kritikoen gustukoa izan. 130 urteren buruan, opera ospetsu bat da. Gurean askotan antzeztu da.

2014ean Donostiako Musika Hamabostaldian egin zen emanaldia.
2014ean Donostiako Musika Hamabostaldian egin zen emanaldia. (Gorka RUBIO | FOKU)

Gaur bezalako egun bateko gaualdian, 1896an, publiko hotz samarraren aurrean estreinatu zen ‘La Bohème’, Giacomo Pucciniren lau ataleko opera. Giuseppe Giacosa eta Luigi Illicaren italierazko libretoa Henri Murger idazle frantsesaren ‘Scènes de la vie de bohème’ (1847-49) nobelan oinarrituta dago. 

Marcello Giordani, Ruggero Raimondi eta Licia Albanese izan ziren orduko abeslari nagusiak. 

Hiru urte lehenagotik, hain zuzen ere ‘Manon Lescaut’ opera estreinatu zuenetik, Puccini zaletuen arreta pizten zuen konpositorea zen. Eta hasiera hotza izan zuen arren, berehala bihurtu zen ‘La Bohème’ italiar opera-errepertorioko obra ezagunenetako bat. 

XIX. mendearen lehen erdian, Parisen, bohemioen bizitza islatzen du, eguneroko bizirauteko borroka, maitasuna, pobrezia, sakrifizioak eta heriotza. Pertsonaia nagusia, Rodolfo, poeta bohemio bat, Mimi izeneko jostun gaixo batekin maitemindu egin da. Haien maitasuna sakondu ahala, Mimiren osasuna okerrera egiten du eta haren maitasunaren eta idazten jarraitzeko nahiaren artean aukeratu beharko du Rodolfok.

Artista bohemioen munduan girotuta, opera honek «maitasun istorio sutsu, atenporal eta ahaztezina» dela dio Bilboko ABAO elkarteak. «Italiar errepertorioak duen opera eder, dramatiko, hunkigarri eta konplexuenetako bat da, eta ezinbesteko izenburua da ere», gehitu dute.

Kontuan izan beharreko datu bat: Bilbon gehien programatu den operen rankingaren lehena da ‘La Bohème’; hemeretzi aldiz taularatu da, zehazki, 1954. urtetik.