
Barakaldoko Udalak Urkullu mendia hiriko berdegune gisa berreskuratzeko eta bere balioa nabarmentzeko proiektua aurkeztu die Arrontegi auzoko elkarteei.
Amaia del Campo alkateak eta Jon Andoni Uria eta Asier Umaran Auzoetarako eta Hirirako Obra eta Zerbitzuetako zinegotziak egin zuten aurkezpena astelehenean. Helburua izan da proposamena auzoarekin partekatzea, proiektuaren behin betiko garapenean aurrera egin aurretik, haien ekarpenak eta iritziak jasotzeko.
Barakaldoko Udaletik adierazi dutenez, leku «estrategikoa» da Urkullu mendia, kokapenagatik eta dimentsioengatik, baina, gaur egun, ez dago hiriarekin konektatuta, irisgarritasun arazoak ditu, eta ez du erabilera zehatzik herritarrak bertan gozatzera gonbidatzeko.
Ekimen honekin, Udalak bilatzen du parkea hirira zabaltzea, berdeguneen sarean integratzea eta adin guztientzako toki bizi, irisgarri eta pentsatua bihurtzea.
Proiektuaren ardatz nagusia sarbideak eta barne mugikortasuna hobetzea da, Urkullu beste berdeguneekin eta udalerriko oinezkoentzako ibilbideekin lotuz. Proposatutako jarduketen artean, lotura berriak daude Arrontegi kaletik, Bizkaia kaletik, eskola ingurutik eta parkea itsasadarrarekin lotuko duen pasealeku natural batetik, hirian ibilbide berde berri bat sortuz.
Erabilera berriak
Irisgarritasuna hobetzeaz gain, proposamenak ingurune naturalarekin bateragarriak diren erabilera berriak zehazten ditu, populazio profil ezberdinak erakartzeko eta parkearen eguneroko erabilera sustatzeko pentsatuak.
Horien artean nabarmentzekoak dira itsasadarrera eta inguruko mendietara begira dauden begiratokiak, naturan integratutako haurren jolasguneak –ur jolasak barne–, kirola egiteko guneak –parkour, kalistenia edo rokodromoa–, piknik guneak, atsedenlekuak eta aterpe klimatikoak, eta txakurgune bat.
Orografia eta zuhaiztia errespetatzearen dituen egitasmoa dela azaldu dute, elementu berriak paisaian integratuz eta Urkulluk eskaintzen dituen bista pribilegiatuei balioa emanez, Barakaldoko hiri inguruneko gunerik altuena den aldetik.
